Igande goizean eraman zuten ospitalera neskatoa, barizelarekin. Etxera igorri zuten, baina atzo goizean okerrera egin zuen. El Correo egunkariak azaldu duenez, 112 zerbitzura deitu zuen amak, baina han esan zioten Burgosera (Espainia) deitu behar zuela, Trebiñuko konderrian zegoenez gero. Azkenean, aitak eraman zuen neskatoa Gasteizko erietxera. Han hil zen.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du anbulantzia bat bidali ez izanak ez duela zerikusirik langileen grebarekin edo neskatoa Argantzunen egotearekin. Nolanahi ere, ikerketa hasi du, zer gertatu zen argitzeko. Neskatoari autopsia egingo diote, eta "erantzukizunak argitzea" izango da hurrengo pausoa, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez. 112ko zerbitzuan eta Txagorritxun jarraitutako prozedura ikertuko dute.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak iragarri du PPk azalpenak eskatuko dizkiola Jaurlaritzari. "Osasun zerbitzu guztiak behartuta daude Espainia osoan gertatzen diren larrialdiei erantzutera".