Donostiako San Telmo museoan egin dute kanpaina aurkezteko ekitaldia. 90 gizarte eragile baino gehiago bildu dira erakundeen altzoan; besteak beste, unibertsitateak, merkataritza kate handiak, enpresarien ordezkariak, hezkuntza arlokoak, euskalgintzakoak eta kirol mundukoak.
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azaldu du irudi gisa hartu dutela txantxangorria. “Maitea izan dugu beti txantxangorria. Txikia eta hauskorra da. Euskara bezala”. Egitasmoaren helburua da “gonbidapena” egitea euskara erabiltzeko. “Erabil dezagun konplexurik gabe. Erabiliz egiten dugu bizitzarako hizkuntza bizia”. Euskara sustatzea berdintasunarekin eta bizikidetzarekin lotu du.
Txantxangorriaren irudia duten materialak zabalduko dituzte kanpainaren barruan: paparrean eramateko pinak, mahai gainean jartzekoak... Iragarkiak ere emango dituzte hedabideetan.
Proiektuaren sustatzaile dira, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalak. “Elkarlanerako jarrera eta borondatea” izan dutelako, pozik agertu da Cristina Uriarte Hizkuntza Politikako sailburua. “Adostasun sozial zabalean” oinarritutako hizkuntza politikaren alde egin du. “Eragileek eta erakundeok asko egin dezakegu elkarrekin”.
Eragile sozialen babesa izan du kanpainak; agerraldian izan dira, besteak beste, Realeko eta Athleticeko presidenteak, Confebaskeko burua, unibertsitateetako errektoreak eta Euskararen Aholku Batzordeko hainbat partaide.