Juantxu Oscoz. Foro Erlijioso Herritarreko kidea

«Txarra da zerbaiti buruz hitz egiteari uko egitea, mingarria izan arren»

'Bidea eginez, 20 urte' lelopean, zazpi hitzaldi prestatu ditu Foro Erlijioso Herritarrak; Nazaretar eliza, eskubide sozial eta politikoak, zorra, etika eta ekonomia izango dira hizpide.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Foro Erlijioso Herritarrak eztabaidaz beteko du Gasteizko Europa jauregia, 1993tik hona urtero egin duen moduan. Fedea kalera ateratzeko egitasmoarekin sortu ziren jardunaldiok, eta, hogei urteren buruan, ildo berean lan egiten du foroak, betiere gaurkotasunezko gaiei helduta. Juantxu Oscoz (Bilbo, 1943) hasieratik ari da lanean bertan, eta 1990eko hamarkada hasieratik egindako lana ekarri du gogora.

Tango batek esaten du hogei urte ez dela ezer, baina, egin duzuen bidea ikusita, askorako eman du, ezta?

Foroaren hogeigarren aldia da, baina aurretik beste hiru urte ere eman genituen hau prestatu ahal izateko. Asko hitz egin ondoren, Gasteizko Ariznabarra auzoko San Pablo parrokiako kontseilu pastoralak aho batez onartu zuen asmoa, parrokoak barne. Egia esan, parrokoak erru apur bat ere izan zuen, sustatzaileetako bat izan zelako.

Zergatik ikusi zenuten fedea kalera ateratzeko beharra?

Ez dut uste beharra zegoenik, baizik eta guk geuk sortu genuela behar hori. Elizak, bere horretan, ez zuen behar hori, baina gai pastoralean, liturgian eta katekesian murgilduta geundenok bai.

1990eko hamarkadako hasierari buruz ari gara. Zer giro zegoen orduan, horrelakorik sortzeko?

Pertsona askok konpromiso handia zuen, fede sakona, ikasteko grina handiarekin. Hogei urte hauetan asko aldatu gara, ikasi dugulako. Prestatu garelako. Foro bakoitzean zazpi-zortzi hizlari izan ditugu, pentsa.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Zenbait gauza bitxi gertatu ziren. Jardunaldiak eukaristiarekin bukatu nahi genituen, baina aurretik inoiz ez zen horrelakorik egin Europa jauregian. Egin genuen, hasiera batean zalaparta sortu zuen arren.

Nolakoak izan ziren lehen urte horiek?

Lehen eta bigarren urtea ilusio izugarriarekin bizi izan genituen. Gero, tira-bira batzuk sortu ziren elizaren hierarkiarekin... Bertan zeudenetako batzuek errespetu handia zioten hierarkiari, eta haien gogoak hoztu ziren... Gutako askok jarraitzen dugu, ordea.

Tira-bira horiek hasierako ideia aldarazi zuten, ezta?

Bigarren urtean izan zen tentsioaren ostean, orduko Gasteizko apezpikuarekin eta beste zenbaitekin hitz egin genuen. Haiek ikuskera bat zuten, eta guk, beste bat. Ez genuen bat egiten. Baina jarraitu genuen. Ordea, hirugarren urtean esan ziguten ezin genuela, eta orduan erabaki genuen kultura elkarte moduan prestatzea foroa.

Aldaketa horrek inolako eraginik izan al du gerora?

Kultur elkarte garenetik askatasun handia izan dugu. Gehiago hazteko aukera eman digu, eta gizarteari ere aukera hori eman diogu, beste moduan ekarri ezin izango genituzkeen hizlariak izan ditugulako.

Nolako harremana duzue gizartearekin?

Handituz joan da harremana, gelditu gabe, eta beti modu onean. Talde zehatz batzuekin desadostasunak ditugu. Inoiz tira-birak ere izan ditugu, baina hori ona da. Horrela hazten gara. Zerbaiti buruz hitz egiteari uko egitea oso txarra da; mingarria izan arren, hitz egin behar da.

Espiritualtasuna, zientzia eta etika, teologia feminista, ekonomia, beldurrak... Hamaika gai jorratu dituzue hogei urtean.

Eta gai guztietarako hizlari onena bilatzen dugu. Berdin digu norbaitekin ika-mika badu, edo mehatxatu badute. Hizlaria prest badago, aurrera.

Adierazgarria da hizlarien artean urtero emakumeek duten presentzia. Hain zuzen ere, horren falta leporatu izan zaio ohiko Elizari...

Eta oraindik ere leporatzen zaio. Bere egituran bertan ere ez du onartzen emakumeak duen garrantzia.

Hogei urteko bidean une bereziren bat gogoratzen al duzu?

Zaila da, horrenbeste gai jorratuta. Asko dira. Hizlarien artean Jon Sobrino aipatzea derrigorrezkoa da. Areto nagusiaz gain, beste hiru areto bete zituen. Ellakuriaren hilketa ez zegoen urruti, eta Sobrino indartsu etorri zen, lehiarako gogoz. Baina beste asko egon dira: zientzialariak, irakasleak, politikariak... Eta etorri direnek askatasunez hitz egin ahal izan dute, baita entzuleek askatasunez galdetu ere.

Aurrera begira zer asmo duzue?

Belaunaldi aldaketa ematea nahi dugu. Guk ez dugu utziko, baina aldendu nahi dugu, ideia eta gogo berriei lekua uzteko.

Eta nola dago harrobia?

Urtero, gazteei dei egiten diegu, baina... Aurten ilusio handia dugu, gizarte gaiekin lotura estua duelako. Baina zaila da gazteak erakartzea gai hauetara.

Erlijioaren eta gazteen arteko lotura faltaren adierazle al da?

Gasteizko parrokietan, behintzat, ez dira asko. Ordea, gogoratu beste talde batzuk badaudela eta gazteak mugiarazteko gaitasuna badutela; 2011. urtean Benedikto XVI.ak Madrilera egindako bisita baino ez da gogoratu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.