Txelisek azpimarratu du ETAk ez zuela 'Egunkaria'-ren sorrera garaian parte hartu

Jose Luis Alvarez Santacristina 'Txelis', Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola presoek lekuko gisa deklaratu dute. Guardia zibilek esan dute atxiloketa garaian dena "normal" joan zela, eta ez dute =iEgunkaria=i-ren aurkako frogarik aurkeztu; fiskalak poliziei ez die galderarik egin. Hilaren 25ean segituko du epaiketak, eta epaimahaiak 27an irakurri nahi ditu ondorioak.

2010eko urtarrilaren 12a
17:15
Entzun
Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu dute ETAk ez zuela Egunkaria-ren sorreran parte hartu eta ez zutela horretaz erakunde armatuko "batzorde eragilean" "batere" hitz egin. Akusazioak eskatuta, lekuko gisa deklaratu dute hirurek, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Egunkaria-ren aurkako epaiketako hirugarren saioan.

Txelisek aitortu du erakunde armatuan kargu politikoa izan zuela -Poliziak ETAko zuzendaritzako kide nagusietako moduan jo zuen atxilotu zutenean-, eta adierazi du ETAk ez zuela inoiz sustatu kazetarik, ez zuela esku-hartu Egunkaria-n. "Egia da esaten ari naizena", azaldu du. Miguel Angel Carballo fiskalak galdetu dio ea ETAk interesik izan al zuen Egunkaria sortzeko, eta Txelisek erantzun dio "interes soziala" besterik ez zutela eduki, "euskara garatu zitekeelako" egitasmo harekin.

Dorronsorok esan du ETAn ez zutela "batere" hitz egin Egunkaria-z, eta Gisasolak adierazi du berak, etakidea zen garaian, proiektuari buruz ezer ez zekiela.

Polizia iturrien arabera, Egunkaria-ri buruzko dokumentuak atzeman zizkieten preso haiei, atxilotu zituztenean.

Guardia zibilek ere deklaratu dute

Guardia zibilak izan dira gaur deklaratzen aurrenak, haiek ere lekuko bezala, akusazioak eskatuta. Gaur ere ez dute frogarik aurkeztu.

Akusazioetako eta defentsako abokatuak aritu dira galderak egiten guardia zibilei. Ondorioz, Carballo fiskalak ez du galderarik egin, uko egin dio aukera horri. Horixe egin zuen epaiketako lehen bi saioetan. Gaur presoei baizik ez die galdetu. Hain justu, Egunkaria-ren aurkako frogarik ez zegoela argudiatuta, auzibide garaian kasua ixteko eskatu zuen fiskalak -defentsak ere bai-, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen aintzat hartu eskaera. Gaur guardia zibil batek esan du kasua artxibatuta zegoela uste zuela.

Atxiloketa garaiaz ere aritu dira hizketan guardia zibilak eta dena "normal" joan zela esan dute. Hainbat atxilotuk torturak jaso izana salatu zuten.

Hurrengo saioa, hilaren 25ean

10:38an hasi da gaurko saioa -hitzordua baino ia 40 minutu beranduago-, eta 12:33an amaitu da. Hilaren 25ean (astelehena) segituko du epaiketak, beste lekuko batzuen deklarazioarekin. Epaimahaiak 27an irakurri nahi ditu ondorioak. Orduan bukatuko litzateke epaiketa, eta epaiaren zain geratuko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.