Txibitek adierazi du Iruñeko zentsura mozioa «mugarri» bat dela

PSNk eta EH Bilduk premiazkotzat jo dute aurrekontuak lehenbailehen onartzea, bi aldeek eginiko bilera batean.

(ID_13427810) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2023-12-14, Iruñea. Osoko bilkura Nafarroako Parlamentuan, Chivite lehendakaria  14-12-2023...
Maria Txibite, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko abenduaren 19a
20:40
Entzun

Nafarroako Gobernuko presidente eta PSNko idazkari nagusi Maria Txibiteren ustez, Iruñeko zentsura mozioa «mugarri» bat da: «Mugarri bat da bide bat abiatzeko, Iruñea aktibatzeko bide bat». Iruñeko PSNk antolatutako ekitaldi batean esan ditu hitz horiek, hain justu, hiriko PSNko eledun Marina Curiel EH Bildurekin batzartu ostean. Izan ere, Zurekin-ek azaldu duenez, baliteke gobernua osatzeko akordioa «berehala» iristea.

Txibiteren esanetan, aldaketak ez dira «errazak», baina, horiei esker, aurrera atera dira proiektu ugari, eta «gizarteak hartutako bidea irakurtzeko eta garaietara moldatzeko gaitasuna» izan dute horiek ezaugarri. Bide horretatik, nabarmendu du politikak, «baliagarria» izateko, «ausarta» izan behar duela: «Arriskurik hartzen ez duenak ez du galtzen, baina ez du irabazten sekula, eta Iruñeari irabazteko modua emango dion udal bat nahi dugu sozialistek».

Ekitaldi berean, Maite Esporrin Iruñeko PSNren idazkari nagusiak adierazi du alderdiarentzat «aldi oso garrantzitsua» dela oraingoa, eta batasunerako deia egin du. Curielek, berriz, «erronka handi bati» ekingo diotela azaldu du. 

Hain zuzen, Curiel bera EH Bilduko eledun eta alkatetzarako hautagai Joseba Asironekin elkartu da, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin adosten ari diren gobernu programaz aritzeko, baieztatzeko bat egiten duela bi aldeek adostu zuten itunarekin. Hala, biek iritzi diote aldaketak helburu duela «UPNren gobernuak hiriari eragiten ari zaizkion blokeoari eta paralisiari» erantzutea. «Egiaztatzen dugu elkarrekiko konpromisoa dugula hiri hau paralisitik atera dadin lan egiteko, hori lehenbailehen gerta dadin eginahala egiteko, eta kontakizun komun baten bidean jartzeko», adierazi du Asironek.

Bestalde, bi aldeek adostutakoa berresteko baliatu dute bilera: «oroimena, justizia eta erreparazioa» gauzatzeko ekinaldiak sustatzeko konpromisoa, «hiria hobetzeko» lehentasunak zehaztea, eta horiek aurrera eramateko mekanismoak adostea. Hala, Curielek azaldu duenez, bilkuran Iruñea «suspertzeko» eta hiriak «aurrera egiteko» proiektuak izan dituzte hizpide: etxebizitza eskuragarrien udal plan bat onartzea, Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarria, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa eta Erorien Monumentuari beste esanahi bat ematea. Era berean, lehentasunen artean sartu du Iruñeko lehen bizikidetza plana osatzea ere. Horretarako, bi udal taldeek beharrezkotzat jo dute 2024rako aurrekontuak «ahalik eta lasterren» onartzea.

«Asebeteta»

EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin udal taldeekin ari da negoziatzen abenduaren 28ko udal bilkuratik aurrerako udal gobernua, eta azken talde horrek azaldu duenez, baliteke akordioa «berehala» iristea. Ohar bidez jakinarazitakoaren arabera, Zurekin taldeak garraio, etxebizitza eta bizikidetza gaietan egin du indar, eta «asebete» du adostutakoak. «Iruñea bere zentralismotik ateratzeko eta begirada hiriko auzo guztietan jartzeko ordua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.