Gudari Eguna

Txiki eta Otaegi omendu dituzte Gudari Eguneko ekitaldietan

«Euskal Herriaren nazio izaera» aitortzeko exijitu die Sortuk Espainiari eta Frantziari. Jarkik ekitaldiak egin ditu Iruñean eta Gasteizen

Atzo goizean egindako ekitaldia, Zarauzko hilerrian. GORKA RUBIO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 28a
00:00
Entzun
48 urte bete ziren atzo diktadura frankistak Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak eta Xose Humberto Garcia Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo FRAPekoak exekutatu zituenetik. Urteurrena baliatuta, Sortuk ekitaldiak egin zituen dozenaka udalerritan, Txiki, Otaegi eta «Euskal Herriaren askatasunaren alde euren ekarpena egin duten herrikideak» omentzeko.

Ahaztuak elkarteak Zarautzen (Gipuzkoa) antolatutako ekitaldian parte hartu zuen goizean Sortuko Nazio Kontseiluko kide Haimar Altunak, eta azaldu zuen Sortuk bere egiten duela Txikik eta Otaegik «Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokarekin» erakutsitako konpromisoa. Haren hitzetan, bi etakideen fusilamenduak «Euskal Herriaren askatasun nahia itotzea» zuen helburutzat, baina erregimen frankistak ez zuen halakorik lortu.

Horiek hala, azaldu zuen ia bost hamarkada geroago bera dela mahai gainean dagoen auzia: «Euskal Herriaren nazio izaera aitortu behar dute Espainiako eta Frantziako estatuek, eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aitortu behar dute, gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko».

Era berean, Sortuko kideak adierazi zuen «bizikidetza eraikitzeko» egia eta memoria «osoa» landu behar direla, eta horrek berekin dakarrela «biktima eta min guztiak aitortzea». Beraz, Altunak esan zuen Sortuk «bakearen, askatasunaren eta independentziaren aldeko indarrak» batzen jarraitzeko konpromisoari eusten diola. Izan ere, alderdiak ohar bidez azaldu zuen Gudari Eguna ezker abertzalearen «balioak, konpromisoa eta proiektu politikoa berresteko» eguna ere badela, eta gehitu Euskal Herriak «jauzi bat egiteko» aukera duela egun.

Jarki antolakundeak ere ekitaldiak egin zituen Gasteizen, Iruñean, Bilbon eta Hendaian (Lapurdi), «Euskal Herriaren askatasunarengatik eroritakoak oroitzeko». Aurrez, larunbatean ere ekitaldi bat egin zuen Errenterian (Gipuzkoa). Antolakundearen esanetan, Gudari Eguna ezin da «iraganeko kontu» bilakatu, oraindik ere «nazio eta klase zapalkuntza» presente daude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.