Sexu abusuak

Txikitan abusuak egin zizkiotela salatu du Txan Magoak

Arrantzara joan zen bi alditan Donostiako alkate ohi baten anaiak "ukituak" egin zizkiola salatu du, Kote Cabezudoren biktimei babesa azaltzeko egiten ari ziren elkarretaratzean.

Txan Magoa eta Kote Camacho, gaur. ESTITXU ZABALA, IRUTXULOKO HITZA.
2018ko maiatzaren 14a
07:01
Entzun

Erabat hunkituta hitz egin du Santi Antero Txan Magoak. Kote Cabezudoren biktimei elkartasuna azaltzeko elkarretaratzean komunikabideen aurrean adierazpenak egiten ari zela hautsi egin da, eta gidoia apurtu du: "Gai hau oso gertutik bizi dut. Ni Antiguakoa naiz, Txan Magoa naiz, umeekin nabil egunero eta txikia nintzela abusuak sufritu nituen. Tenisera joaten nintzen nire kainaberarekin arrantza egitera, eta bi aldiz etorri zen tipo bat nire atzetik eta ukipenak egin zizkidan. Arrantzatzeari utzi nion". Ukitu zuena Jesus Mari Alkain alkate ohiaren anaia zela esan du. Hala jaso du Irutxuloko Hitza-k.

Biktima gehiago ere badirela jakitun, lotsak baztertu eta gertatutakoa salatzeko eskatu die gainerakoei ere: “Urte askotan jende askori abusuak egin dizkiote boterea dutenek. Eta komunikabide handiek gorde egin dute dena. Abusuak salatu egin behar dira, eta kasuak argitu, erortzen dena erortzen dela”.

Txan Magoak esan du ez zuela asmorik gertatutakoa kontatzeko, baina "behar morala" sentitu duela, gainerakoek ere egin dezaten. "Ziur gaude hemen hamaika kasu daudela. Atera daitezela kontatzera, besteok egin dugun bezala. Abusu bat beti larria bada, adingabe bati egitea... horrek dakartzan traumekin, barkaezina da". Kasu guztiak salatu eta argitu behar direla aldarrikatu du, "berriz gertatu ez dadin". Berak, adibidez, frogarik ez duela dio Txan Magoak, "urteetan arraskatara daramadan motxilaz gain". Baina isiltasuna hautsi behar dela uste du.

Elkarretaratzean zen Kote Camacho ere, eta hark esan du, Cabezudoren auzia salatzeari ekin ziotenetik kasu gehiagoren berri ere jakin dutela. Pankartaren atzean ikusita, beren esperientzien berri ematera gerturatu zaiela jende gehiago ere: "Aurreko elkarretaratzean gerturatu zitzaigun Maribel Ubeda izeneko emakume bat, eta esan zigun Intxaurrondon bere alaba hil eta gorpua zatikatu zutela, 20 urte zituenean. Bizitza osoa darama kasua argitu nahian, baina sekula ez dute ikertu”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.