Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi politikari, hizkuntzalari eta idazlea atzo eguerdian hil zen, etxean. 1929ko irailaren 27an jaio zen, Donostiako Antigua auzoan, eta orain gutxi arte kalera irteten bazen ere, adinaren ondorioz haren osasuna ahuldu egin zen, eta atzo goizean hil zen. Hil kapera Donostiako Errekalde auzoko beilategian izan da atzo 16:00etatik gaur 15:15era arte. Gero errausketa familia giroan egin dute.
Atzo arratsaldeko lehen ordutik hainbat lagun hurbildu ziren beilategira sendiari dolumina agertzera. Joan zirenen artean zeuden Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jose Austin Arrieta idazlea, Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta ediorea, eta Josean Lizarribar BERRIA Taldeko presidentea, Joanmari Larrarte kontseilari ordezkari eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria.
Nazio mailako omenaldia egingo dio ezker abertzaleak
Txillardegiren itzala oso luzea da Euskal Herriko politikagintza, hizkuntzalaritza eta literaturan. ETAren sortzaileetako bat izan zen, eta Altsasuko mahaiaren eta Herri Batasunaren sorreran ere parte hartu zuen. Aralarren ere izan zen, baina 2007an Aralar utzi zuen, eta azken urteetan berriro Batasunaren ingurura itzuli zen. Iaz, Jose Maria Benito del Valle ETAren beste sortzaileetako bat hil zen, maiatzean. Ezker abertzaleak iragarri du urtarrilaren 29an Donostiako Kursaalean nazio mailako omenaldia egingo diola Txillardegiri.
Jendaurrean egin zituen azken adierazpenetako batzuk ETAk urriaren 20an armak uztea erabaki zuela jakinarazi ondoren egin zituen Euskadi Irratian, eta, horietan, ETAk eman zuen pausoarekin "aro bat amaitu" dela esateaz gain, hurrengo pausoa Espainiari eta Frantziari ematea zegokiela esan zuen, eta indar abertzale eta aurrerakoien batasuna aldarrikatu zuen, eta gatazka autodeterminazio eskubidea lortu arte ez dela amaituko gaineratuz.
Gaztetatik mugimendu abertzalean
Gaztaroan hasi zen Txillardegi gazte mugimendu abertzalean, eta Euskal Herriaren eta euskararen alde borrokatu zen. Gurasoek ez zioten euskara irakatsi, baina bere kabuz ikasi zuen 19 urterekin. 1948an Bilbora joan zen ingeniaritza ikastera, eta Ekin sortu ostean, 1959an ETA sortu zuen beste batzuekin batera, eta zuzendaritzako kide bihurtu zen, kultura adarrean.
1961ean erbesteratu egin zen, eta Frantzian eta Suitzan bizi izan zen. Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen, euskaltzale batzuekin batera. Euskara batuaren sorreran ere ezinbestekoa izan zen Txillardegi; Krutwig eta Mitxelenearekin batera, hura izan zen bultzatzaile nagusienetakoa.
Baionan abiatutako elkarlanaren ondorio, ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostu zituzten euskara baturako, eta 1965ean agiri batean argitaratu zituzten. Proposamen gehienak geroago Euskaltzaindiak onartu zituen Arantzazuko Batzarrean. Euskaltzain urgazle zen 1957tik, eta Euskaltzaindiko Ahoskera Batzordeko kide zen, 1993an batzorde hori sortu zenetik.
Literaturan ere nobelagintza modernoaren aitzindari
Txillardegi ezizena erabiltzeaz gain, Igara, Usako eta Larresoro ezizenak ere erabili zituen. Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Eusko Lurra, Herria eta beste aldizkari askotan kolaboratzaile izan zen. Branka aldizkaria sortu zuen, eta Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan zen, 1992tik 2002ra.
Haren idazle ibilbidea ere oparoa da, eta euskal literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin; hori hartzen da euskal nobelagintza modernoaren sorreratzat. Jesus Mari Lasagabaster euskal literatur kritikari aitzindariak eman zion Leturia-ri lehen euskal nobela modernoaren izendapena edo titulua.
Orain dela bost urte, soldaduska egin zuen lekura itzuli zen Juan Luis Zabala BERRIAko kazetariarekin, eta idatzi zueneko garaia gogoratu zuen Ferrolen (Galizia), hiru ataletan: Zerubiden berriro, Francoren jaiotetxetik pauso batzuetara eta Zerubide, bide berri.