«Ezker abertzaleak bere omena eta esker ona erakutsi nahi dio bere bizitza osoan hainbeste merezimendu pilatu dituen abertzale eta euskaltzale handiari». Ezker abertzaleak ekitaldi bat eskainiko dio Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri, igandean 11:30ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Omenaldiaren leloa Agur eta ohore. Euskara, herriaren ondare izango da, eta kultura zein politika arloko hainbat lagunek hartuko dute parte. Tartean, musikariak ere izango dira; besteak beste, Anje Duhalde, Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta eta Oreka TX. Omenaldia aurkezteko prentsaurrekoan, Maribi Ugarteburu mintzatu zen ezker abertzalearen izenean. Ondoan izan zituen Joseba Alvarez, Txillardegiren semea eta ezker abertzaleko kidea, eta Joxe Austin Arrieta idazlea.
Ugarteburuk agerraldian azaldu zuenez, «Txillardegiren ametsa Euskal Herri aske eta euskalduna zen»; eta gogorarazi zuen Txillardegik abertzaleon arteko batasuna «ezinbestekotzat» jotzen zuela helburu horretara iristeko. Alde horretatik, Viktoria Eugeniako ekitaldia «abertzaleon batasunaren ispilua» izatea nahi du ezker abertzaleak, eta «herritar abertzale orori» omenaldian parte hartzeko gonbidapena egin dio: «Txillardegiri merezi duen agurra egin behar diogu».
Ezker abertzalearen arabera, alde askotatik begiratuta,Txillardegik ekarpen «erraldoia» egin dio Euskal Herriari. Baina, batez ere, haren «bi borroka nagusi» nabarmendu zituen Ugarteburuk: aberria eta euskara. «Aberriaren funtsa hizkuntza dela defendituz, Txillardegik zabaldu zuen bidea; eta ondorengo belaunaldientzat ikur bilakatu da, eredu». Ezker abertzalearen ustez, gainera, Txillardegik egin duen lana «funtsezkoa» izan da, Euskal Herriak etorkizunari «zutik eta euskaraz» begiratzeko.
Maitatu, pentsatu, ekin
Bidean Txillardegi asko topatu daitezkeela azpimarratu zuen Ugarteburuk: matematikaria, filosofoa, politikaria, linguista.Alor guztietan ekintzailea izan dela adierazi du: «Jakintza teorikoa praktikarekin uztartzen asmatu du, eta bere ideiak bururaino eramateko prest egon da bizitza osoan». Hiru hitzekin laburbildu zuen Txillardegiren ibilbidea: maitatu, pentsatu eta ekin. «Euskal Herria maitatu du;pentsalaria eta ekintzailea izan da; eta, beti, Euskal Herri euskalduna eta librea helburu hartuta».
Txillardegi omenduko dute, «Euskal Herriari egin dizkion ekarpen erraldoiengatik»
Ezker abertzaleak ekitaldi bat eskainiko dio igandean 11:30ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu