Estu, oso estu hartu nahi ditu sare sozialetan dabiltzan herritarrak Espainiako Gobernuak. «Gorrotoa bultzatu edo delituaren apologia egiten duten mezuei» mugak jarri nahi dizkie. Eta hasi da hainbat urrats egiten. Gobernuak Twitterreko komentario «iraingarriak» delitutzat jotzeko bidea zabaldua du honezkero, eta Estatuko Fiskaltzari eskatu dio neurriak har ditzala. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak iragarri du egungo legedia aldatu eta indartuko dutela sare sozialetan esaten dena «arautzeko». Hainbat alderdik ere bat egin dute eskaera horrekin, besteak beste, PSOEk eta UPDk. «Formula juridiko» berriak bilatu bitartean, sare sozialetako erabiltzaileei jazartzeari ekin dio gobernuak, eta Guardia Zibilak eta Poliziak atxiloketa ugari egin ditu azken hilabeteotan.
Gaia bolo-bolo dabil. Isabel Carrasco Leongo Diputazioko presidentearen hilketaren harira sare sozialetan zabaldutako zenbait mezuk adierazpen askatasunaren mugak eztabaidaren erdigunean jarri dituzte. Afera, baina, aurretik dator. Apirilaren 28an, Guardia Zibilak 21 lagun atxilotu zituen, horietatik hamabost Euskal Herrian, sare sozialetan «terrorismoa goratzea» leporatuta. Araña operazioa deitu zioten sarekadari. Barne Ministerioaren arabera, hainbat modutako mezuak zabaltzea egotzi zieten atxilotutakoei: «Oraindik aktibo dauden erakunde terroristek atentatuak egiteko desioa» adierazten zutenak eta «terroristak» goratzen zituztenak, besteak beste.
Luzea da oso Auzitegi Nazionalak Interneten «terrorismoa goratu» delakoan edo «mehatxatu» edo «iraindu» delakoan zigortu dituenen zerrenda: urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urteko gaitasun gabetzea ezarri zioten gazte bati joan den otsailean, Twitterren GRAPO taldeari gorazarre egitea egotzita; iragan astean, urtebeteko zigorra ezarri diote Andre Albisu donostiarrari «terrorismoa goratzen» zuten bi bideo sarean jartzeagatik...
Justizia gosea da ala sorgin ehiza hasi du Espainiako Gobernuak? Sare sozialak espresuki arautu behar dira ala egungo legediarekin nahikoa da? Galdera horiek argitzeko eskatu dio BERRIAk hainbat adituri.
Sare sozialen mugak jadanik Espainiako legedian araututa daudela uste du Jorge Campanillas teknologiaren zuzenbidean aditua den abokatuak. Zigor Kodeak zehazten du zeintzuk diren delituak eta zigorrak, eta horiek, «off line» esaten eta egiten denari ez ezik, «on line» esandakoei ere eragiten diete. «Oinarrizko eskubideak ez dira absolutuak, eta eskubide baten muga beste oinarrizko eskubide baten urraketak ezartzen du». Azaldu duenez, jurisprudentzia nahikoa dago jada Interneten urra daitezkeen eskubideen inguruan, dela adierazpen askatasuna edo informatzeko eskubidea, nola ohore edo intimitate eskubideari dagozkionak. «Kontrakoa esaten bada ere, Internet araututa dago jada».
Gogoratu duenez, legeriak ohorea, intimitatea eta irudia babesten ditu justizia auzitegien bitartez, eta gauza bera gertatzen da datu pertsonalekin ere, datuak babesteko agentzien eta Arartekoa bezalako herriaren defendatzaileen bitartez. «Sare sozialetan esaten diren irainak, gezurrak, mehatxuak eta sartzen den publizitatea bera erabat araututa dago. Delitu horien zigorrak egokiak diren ala ez eztabaidatu daiteke, baina nik uste nahikoa zigortuta daudela». Argi du, beraz, ez dela beharrezkoa sare sozialak gehiago arautzea, helburua ez bada, berez, Zigor Kodea erreformatzea, zigorrak «areago gogortzeko».
Zentsura eta kontrola
Azkenaldian sare sozialak areago kontrolatzeko Espainiako Gobernuak agertu duen asmoak ez du ustekabean harrapatu Koldo Diaz Bizkarguenaga EHUko soziologoa: «Pauso logikoa da estatuaren ikuspuntutik, eta are gehiago Espainiako Estatuaren bilakaera kontuan hartuta». Francoren diktaduratik «zentsura» Espainian existitu egin dela dio, eta ordutik botereek maiz urratu egin dutela adierazpen askatasuna: «Egunkariak itxi dituzte, jendea kartzelara bidali dute beren ideia politikoengatik... eta egun zentsura badago oraindik».
Diazen ustetan, azken asteotako atxiloketek eta legedia zorrozteko egindako iragarpenek agerian uzten dute estatuak «zentsuraren logikari» segitzen diola bere kontrolpetik ihes egiten dien espazioekin: «Estatuak bere logikari jarraitu dio, boterearen monopolioari, eta gizartea komunikatzeko beste espazio bat sortu denean, hura kontrolatzera jo du».
Gazteen artean euskal nortasunaren eraikuntza sare sozialetan nola ematen den aztertu du Diazek duela gutxi aurkeztu duen tesian. Eta, bertan ondorioztatu duenez, gazteak jabetuta daude Internet eta sare sozialak «kontrolpeko espazio bat» direla. Hark ere bat egiten du ideia horrekin: «Norberak sare sozialetan nahi duena esateko aukera ote duen? Ezetz esango nuke». Izan ere, nahiz eta estatuak ezin dituen sare sozialak erabat kontrolatu, argi dauka biztanleekiko kontrol hertsia duela. «Erabateko askatasunarekin aritzea, beraz, ezinezkoa da, eta beldur horrekin erabiltzen dugu Internet, behatuta sentitzearen sentsazioarekin, kartzelan bezala».
Internet gune erabat askea denik zalantzan jarri du Campanillasek ere, «askatasunaren» eta «kontrolaren» arteko muga lausoa dela iritzita. Sareak «askatasun handiagoa» eman duela aitortu du, adierazpen askatasunaren moduko eskubidea zabaltzeko aukera eman duelako, baina, aldi berean, ohartarazi du botereari «kontrolatzeko» parada ematen diola. «Estatuek erraztasun handia dute halako tresna bat kontrolatzeko; hor ditugu Edward Snowdenen kasuarekin izandako espioitzak eta herritarren pribatutasunaren urraketak».
Boterearen «kontrolaren» ideia azpimarratu du, halaber, Arkaitz Zubiagak. Sare sozialetako informazioaren gaineko ikertzaile informatikaria da, eta egun Dublingo Institutu Teknologikoan ikerlari lanetan dabil. «Argi dago Twitter eta Facebook bezalako sareak kontrolpean ez izateak boterea kezkatzen duela eta jendea atxilotuz beldurra zabaldu nahi dutela, bide batez, kanpaina eginez». Argigarria iruditzen zaio, gainera, soilik mezu jakin batzuei jazartzea: «Ez dute sekula atxilotzen iritzi ultraeskuindarreko mezuak botatzen dituen inor, begi bistan dauden arren».
Hala ere, sare sozialak erabiltzeko orduan gizarteak «kontzientzia handiagoa» izan beharko lukeela iritzi dio Zubiagak. Erabiltzaileak idatzitako mezu guztien «ikusgarritasunaz» ohartu beharko lukeela uste du, edozeinek eskura dezakeelako: «Kontuz zure etxeko helbidea edo telefono zenbakia bertan jartzearekin, printzipioz zure lagunak bakarrik ikusiko duela dirudien arren, edozeinentzat eskuragarri jartzen ari zara eta».
Ildo horri jarraiki, Diazek ere irmo eutsi dio bere ideiari: «Internet ez da espazio aske bat, inondik inora». Azaldu duenez, gizarte kapitalisten «tranpa» izan ohi da herritarrei askatasun sentsazioa ematea, baina errealitatea oso bestelakoa da. Afera botere harremanetatik ikustearen aldekoa da Diaz: «Askatasuna ematen digute, eta geure buruaz barre egitera askatzera garamatza, baina besteaz barre egiten dugunean orduan kontua ez da hain askea, ezta hain umoretsua ere».
Arautzeko beharrik ez
Hori hala, hiru adituek argi dute azkenaldian sare sozialen inguruan sortutako eztabaidarekin Espainiako Gobernua zeren bila dabilen. Ideiak «zentsuratzeko» asmoa ikusi du Zubiagak: «Norberaren iritzia zabaldu ahal izateak ez luke mugarik izan behar. Ideiak ezin dira zentsuratu, eta guztiok dugu gurea plazaratzeko eskubidea, ondoren besteek horren alde agertu edo kritikatzeko eskubidea duten bezalaxe», azaldu du.
Adierazpen askatasuna «funtsezko eskubidea» izanik, ez dago zertan sare sozialak arautu; hala azpimarratu du Zubiagak: «Iritzia plazaratzeak beste hedabide batzuetan zigorrik ez badu, ez dakit zergatik izan behar duen arriskua sare sozialetan egiten denean». Beste kontu bat da, haren aburuz, «mehatxuak» egitea: «Mehatxuak ez dira iritziak, eta horiek salatzeko modukoak iruditzen zaizkit, etxe aurrean norbait mehatxuka izanez gero edonork egingo lukeen moduan».
Diazek berriro azpimarratu du «kontrolaren» ideia: «Lehendik ere biztanleak kontrolatuta zeuden, beldurra eragiten, komunikabideak ixten... eta hau beste pauso bat da». Estatuak Interneten gainean duen garrantzia ere lotu du horrekin: «Euskal herritarrak Espainiako eta Frantziako estatuen menpe gaude, eta haiek ezartzen dituzten arauak erabat zentsuratzaileak dira».
Ikuspuntu juridiko batetik, zigorrak handitzeko asmo argia ikusi du Campanillasek gobernuaren asmoetan: «Alde batek interesa dauka Zigor Kodea gogortzeko, gero eta zigor handiagoak ezartzeko», azpimarratu du. Arlo juridikotik at dauden beste bi faktorerekin ere lotu du PPren gobernuaren asmo hori: batetik, Europako hauteskundeetarako kanpaina giroa, eta, bestetik, herritarren sumindura alderdi politikoekiko. «Elementu horien guztien nahasketa haztegia da araudi berriez, beldurraz eta arriskuez hitz egiten aritzeko».
Internet bera jomugan jarri eta hura «deabrutzeko» asmo argia dagoela uste du abokatu donostiarrak. Azken helburua Zigor Kodea erreformatzea eta zigorrak gogortzea dela uste du, eta horretarako gobernua herritarren artean «izua» zabaltzen ari dela dio. «Ez dakit zer gertatuko den, baina argi dago zigorrak handitzeko haztegia sortzen ari direla».