Borobila izaten da platera gehienetan, baina ez da erraza izaten plater bat borobil ateratzea. Hori da erronka, ordea, Aste Nagusiko lehiaketa gastronomikoetan, eta arrakasta handia izaten du deialdiak egunero. Zail dena zailago izan da gaur, halere, eta ohi baino jende gutxiago bildu da Areatzan horregatik. 427 partaide izan zituen atzo tortilla txapelketak, eta 58 gaur txipiroia tintan prestatzekoak. “Jendeari zail egiten zaio plater hau”, azaldu dute antolatzaileek. Baina zailena izanik ere, horixe izan da gaurko festetan eguerdiko protagonista, txipiroia izan baita aurten lehen aldiz antolatu duten konpartsen arteko pintxo lehiaketako osagai nagusia ere.
Larunbatean hasi ziren festak, eta bizi izango dira oraindik ere kaleak eta txosna gunea igandera bitartean. Kirolak ere izango du bere tartea, gainera, kontzertu, dantza, antzerki ikuskizun eta beste ekitaldien artean. Egunero izaten dira herri kirol saioak Aixeberri konpartsaren txosnaren atzealdean. Gaur, adibidez, familia bereko hiru aizkolari izan dira bertan. Hiru belaunaldi, egun bakarrean. 85 urteko Julian Larrea, 55 urteko Amando Larrea eta 17 urteko Julen Larrea. Euria gora -behera jendetza bildu da aizkolariak eta haien ostean aritu diren kirolariak ikustera.
Palestinarekiko elkartasuna
Bihar ere izango du bere tartea kirolak, eta kontzertu, dantza, eta lehiaketa egitarau oparoa ere izango da. Erretiratuen bazkaria egingo dute, esaterako, Esperantza frontoian, eta Aizkorak zorroztu eta Educados taldeen emanaldia izango da Bilborrocken. Zabala da, ordea, eskaintza, eta lanak izango ditu Bilbora gerturatzen denak festan aspertzeko.
Palestina ere izango dute gogoan konpartsek, bestetik. Mekaguen eta Askapeña konpartsek internazionalista eguna antolatu ohi dute urtero Aste Nagusian, baina aurten deialdia beste konpartsei zabaltzea erabaki eta Palestinaren aldeko elkarretaratzea egingo dute 13:30ean Bilboko Udaletxe aurrean.
Pa... Ya konpartsa saritu dute
Edertasunak ere badu bere tartea festetan. Hobekien eta okerren apaindutako txosna hautatzeko aukera izan du jendeak, eta gaur jakinarazi dute jasotako botoen emaitza. Pa... Ya konpartsak jaso du txosnarik ederrenari ematen zaion kanpaia, eta Irrintzi konpartsak, berriz, okerren apaindutakoari eman ohi zaion eulia.