Frantziako Tourraren irteera Euskal Herrira ekartzea «ereitea» dela uste du Ekain Rojo Labaienek (Donostia, 1983). Iruditzen zaio lasterketak modua eman dezakeela Euskal Herriaren irudia nazioartean agertzeko. Rojok kirolaren, masa komunikazioaren eta nazio nortasunen inguruan egin zuen doktoretza tesia. Aste honetan, kirol diplomaziaren inguruan mintzatu da EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaro batean.
Kirol diplomaziaren erronkak eta aukerak XXI. mendean ikastaroak mundu osoko adituak batu ditu. Tartean, Rojok kirol ekitaldi erraldoiei buruzko mahai inguruan hartu du parte. Olinpiar Jokoak, Europako Jokoak, Tourra eta halako ekitaldiak izan dituzte hizpide.
Instituzioek esfortzu handia egin dute Frantziako Tourra Euskal Herrian has dadin. Zer helbururekin?
2018an, Tourreko azken-aurreko etapa Lapurdin egin zuten [Senpere-Ezpeleta erlojupekoa]. Jada orduan, zera esan zuen [Juan Mari] Aburtok, egun Bilboko alkate denak: «Tourra laster iritsiko da Bilbora». Zertarako? Bada, Bingen Zupiriari [Jaurlaritzako eledunari] entzun diot Euskal Herriaren irudia nazioartean erakusteko balioko duela.
Turismoa ere aipatu izan dute.
Izan daiteke turismoa bultzatzea Tourra ekartzearen helburu bat, baina ez dakit zenbateraino. Berez, hiri turistikoak dira Donostia eta Bilbo, eta zaila da jakitea Tourrak zenbaterainoko eragina izango duen. Marketinerako edo publizitaterako balioko du, baina eragin hori ezin da zifraz neurtu. Politikarientzat, zenbakiak ematea da errazena, baina, kasu honetan, ez da erraza.
Ezinezkoa da neurtzea zenbateko ordaina ekarriko duten gastatutako hamahiru edo hamabost milioi euroek —ez dakit zehazki zenbat diren—. Horregatik, nire ustez, alderdi kualitatiboei erreparatu behar zaie. Esaterako, ea Tourrari esker nola ikusi duten Euskal Herria nazioartean. Ereitea da. Hor dago gakoa etorkizunean herriaren irudia nazioartean agertuz joan dadin.
Zergatik Frantziako Tourra?
Mundu osoko kirol ekitaldi garrantzitsuenetako bat da. Gainera, Euskal Herriak lotura estua du txirrindularitzarekin. Euskaltel-Euskadi taldeak eta euskal zaleek ospe handia izan dute Tourrean. Horrez gain, txirrindulariek ez dute estatu bat ordezkatuz lehiatu beharrik. Horregatik, kirol honek aukera ematen du Euskal Herria nazio gisa ikusarazteko.
Grand depart-a ekartzea kirol diplomaziako ekintza bat da?
Erabat. Deitu diplomazia edo branding-a. Gainera, kasu honetan, adostutako zerbait izan dela esango nuke. Hau da, zenbait erakunderen artean adostu dutela Tourra Euskal Herrira ekartzea. Ez dakit euskal diplomazia zenbateraino dagoen hausnartua, baina, gutxienez, elkarren artean zerbait antolatu dute. Udalez, foru aldundiez eta Jaurlaritzaz gain, iparraldeko ordezkariek ere parte hartu dute.
Euskal Herriarentzat diplomazia instituzionala baino bideragarriagoa al da kirol diplomazia?
Jaurlaritza saiatzen da ohiko diplomazia ere egiten. Kirol diplomaziak, ordea, badu desberdintasun handi bat tradizionalarekin alderatuta: diplomazia publikoa da. Hau da, ez dago hain lotuta gobernuen arteko harremanei. Herritarrek zuzenean parte hartu dezakete, eta haiengan ere zuzenean eragiten du. Jende gehiagorengana heltzen da.
Tourra adibide gisa hartuta, nazioartean telebistaz ikusiko dute Euskal Herria, jendez eta ikurrinaz lepo. Hori ere bada diplomazia. Gobernuz kanpoko zerbait ere bada; gobernuen ekimenetik harago doa.
Hortaz, kontrolatzeko ere zailagoa izango da.
Bai, hori da.
Azerbaijanen kasua ikertu duzu zuk. Han, gobernuak ez ezik, oposizioak ere baliatu zituen Europako Jokoak.
Bai. Izan ere, diplomazia mota honetan eragile ezberdinek har dezakete parte; aberatsagoa da, pluralagoa, ohiko diplomazia baino. Ez du zertan oposizioak baliatu, baina helarazi nahi den irudia ez dago soilik agintarien eskura. Herritarrek ere eragina dute. Batzuetan gobernuak erakutsi nahi duen irudiaren aurka egin dezakete. Beste batzuetan, aldiz, beren izaera propioa erakutsiko dute. Tourrean hori gertatuko da errepide bazterretan.
Antolatzaileen arabera, lasterketa «Frantzian» sartuko da Irun (Gipuzkoa) igarotzean. Herritarrek beste irudi bat helarazi dezakete?
Bai, noski. Iparraldean ere euskaldun izaera aldarrikatuko dute bide bazterretan. Gainera, saiatzen ari dira zentzu horretako ekimenak aurrera eramaten. Erakutsi nahi dute grand depart-a ez dela hiru probintziatara mugatzen.
Hedabideek ere garrantzia izango dute, ezta?
Noski. Jendeak telebista bidez edo bestelako medioetan jarraituko du Tourra. Erabat mediatikoa da, eta eragina du lurraldeaz erakusten den irudian. Kazetariek nola landuko duten ere garrantzitsua da. Jaurlaritzak pisu handia eman dio paisaia erakusteari: ea zer toki erakutsiko dituzten, bakoitza zenbat minutuz... Baina herritarrak ere izango dira Euskal Herriaren erakusleak. Tourra bada hori ere.
Kirolariek ere parte hartzen dute diplomazian?
Diplomazia baino gehiago, kirolarien aldetik aktibismoa dela esango nuke.Diplomazia, zentzu batean, zerbait egituratuagoa baita, helburu zehatzak dituena. Norberak egiten duen hori, berriz, aktibismoa da, baina eduki dezake eragina diplomazian ere. Esaterako, talde batzuek ikurrina erabiltzen dute euskal txirrindulariak aurkezteko.
Lurralde batean kirolari famatuak egoteak ere kokatuko du mapan, ezta?
Erabat. Gainera, txirrindularitza da adibiderik argiena. Funtsezkoa izan da Euskal Herriaren kasuan. Askotan, euskal txirrindulari gisa agertzen dira nazioartean. Beste kirol batzuetan, Espainiako edo Frantziako selekzioarekin joan behar dute proba garrantzitsuenetara, edota zailagoa zaie euskaldun izaera erakustea. Txirrindularitzan, ordea, lasterketa gehienak taldeka izateaz gain, jarraitzaileek ere badute euskaldunen berri.
Frantziako Tourra Euskal Herrian. Ekain Rojo Labaien. EHUko irakaslea eta Nor taldeko ikerlaria
«Txirrindularitzak aukera ematen du Euskal Herria nazio gisa ikusarazteko»
Frantziako Tourra Euskal Herritik irteteak kirol diplomaziarekin duen lotura azaleratu du Ekain Rojok. Diplomazia horretan herritarrek duten rola ere izan du hizpide: «Gobernuen ekimenetik harago doa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu