Espainiako erregeak duela bi aste pasatxo Montserratera egindako bisitak hautsak harrotzen segitu du egunotan. Katalanismoaren ikurra da monasterioa. Hala ere, abadeak besoak zabalik hartu zuen Borboikoa. Protestak izan ziren Felipe VI.aren kontra. Montserraten «diskurtso totalitarioak» eta «identitate baztertzaileak» gaitzetsi zituen Francok ezarritako erregearen semeak. Nork eta berak, 2017ko urriaren 3an a por ellos haren espiritua berpiztu zuenak.
Abadearen jokaera arbuiatu dute independentistek. Joan Aurich dugu horietako bat. Aurich apaiza da eta hamarkadak eman ditu monasterioan. Ederto ezagutzen du bertako historia. Horregatik, oso jende gutxik zekiena zabaldu du, Vilaweb hedabidean: «Montserraten ETAko kideak hartu genituen arrazoi humanitarioengatik». Zergatik eta zertarako esan du orain? «Erregea monasterioko atzeko atetik sartzea lortu zuen ANCko jendea omentzeko». Diktaduran ETAkideei emandako laguntzak Montserrat «harrera-lekua zela frogatzen duelako». Argi mintzatu da: «Neutrala izatea zapaltzailearen ondoan jartzea da».
Aurichen arabera, Ondarroan hasi zen dena, Andoni Arrizabalaga preso zegoen sasoian. Josu, ETAko kide historikoaren anaia, nobizioa zen eta Montserraten izan zen denboraldi batez. Joan Redorta monjea ezagutu zuen han. Horren ondorioz, elizgizon katalana eta Ondarroako presoaren familia lagun egin ziren. Redortak ez zuen gidatzeko baimenik eta Joan Aurichek autoan eramaten zuen Bizkaiko herrira. Aurichek oraindik ditu gogoan garai haiek: «Berehala egin genuen bat Euskal Herriaren aldeko borroka-ekintza honekin, jasaten ari ziren errepresioaren aurka. Inbidia pixka bat bagenuen, Katalunian artean oso geldi geundelako».
Elkarrizketatuaren ustez, Redortaren inguruan sortu zen laguntzeko ideia: «Haren eta ETAko buruzagien bidez hasi zen erlazio hori, baita nire zeregina ere». Lan hura zertan zetzan azaldu du apaizak. Batzuetan, Iparraldean bizi ziren ETAko kideek muga zeharkatu behar zuten zenbait arrazoirengatik —«senide baten heriotza, haien gaixotasun bat...»—. «Estatura itzuli behar zuten ezkutuan eta, zenbait kasutan, Montserraten egon ziren. Arrazoi humanitarioei buruz hitz egiten ari gara beti».
Aurichek mugalari jardun zuen Ipar Euskal Herrian zeuden iheslariekin. Ipar Kataluniatik hegoaldera pasatzen zituen. Eta gero, buelta. Guztira «sei edo zazpi gazteri» lagundu zien. ETAko kideek egun pare bat igarotzen zuten monasterioan gehienetan, baina izan zen salbuespenik. Gasteizkoa omen zen militante baten kasua, esate baterako: «Luken hainbat hilabetez egon zen, gaixo zegoelako eta artatzeko denbora luzea behar zuelako». Giroa iluntzen hasi zen, ordea. Errezeloen itzala agertu zen. «Susmatu egin genuen Montserratera zetozen lagun batzuen arrazoiak ez zeudela oso argi», jakinarazi du katalanak.
«Aurichek mugalari jardun zuen Ipar Euskal Herrian zeuden iheslariekin. Ipar Kataluniatik hegoaldera pasatzen zituen. Eta gero, buelta»
1973ko abuztuan bukatu zen dena, Aurichek adierazi duenez: «Redortak eta biok Txominekin, ETAko buruzagiarekin, bazkaldu genuen Perpinyan, eta Montserraten eta ETAren arteko harremana formalizatzea proposatu zigun. Ezetz esan genion, irmo: Montserrat zerbitzu humanitarioa egiten ari zen, baina ez zegoen, inola ere, ETAren egiturari loturik. Ordaintzera joan ginenean, esan zigun: ‘Banco de Vizcaya-k ordaintzen du’. ETA banku-lapurretekin eta iraultza-zergarekin elikatzen ari zen... Barre egin genuen, baina gero ez zen barregarria izango. Abenduan Carrero Blancoren autoa lehertu zuten».
Txominekin izan baino lehen zerbait garrantzitsua jazo zen, baina: «Egun batean Perpinyan pasatu genuen gaua mutil horietako batekin eta bi bitartekorekin. Lotara joan aurretik kotxera joan nintzen zerbaiten bila eta metraileta bat ikusi nuen». Ezusteko hura mugarri izan zen. Ez da Sherlock Holmes izan behar arma agerian ez zegoela eta aurkikuntza kasualitate hutsa izan ez zela pentsatzeko. Gertaera horien protagonista gehienak joanak dira eta ezin dute euren bertsioa eman. Joan Aurichek aste honetan kontatu du berea.