Aurten, Zurriola ikastola da festaren antolatzailea. 1968. urtean sortu zuten ikastola, eta pixkanaka euren eskaintza akademikoa haziz joan dira. Egun, leku faltagatik Batxillergoa eta Goi Mailako Heziketa zikloak Barandiaran Lizeoan eskaintzen dituzte. 2008. urtean egin zuten bat Zurriola ikastolak eta Barandiaran lizeoak, eta proiektuari jarraipena ematea dute xede. Horrela, «proiektu osoa eta integrala» eskaintzeko helburuarekin, bi ikastolak batu eta zerbitzua Gros auzora eramatea dute asmoa.
«Urriaren 4an dugu hitzordu nagusia», azaldu du Elortzak. Ibilbideak sei kilometro eta erdi izango ditu eta Urumea ibaiaren ekialdean kokatuko da. Ohiko zerbitzuez gain, izango da berrikuntzarik; lehen, bigarren eta laugarren guneetan 1.500 lagunentzako hiru jantoki izango dira. Gainera, pintxoek ere edukiko dute euren lekua Donostian, eta seigarren gunean eskainiko dituzte.
Garraio publikoa erabili
Urriaren 4an Donostiara hurbiltzeko garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Horretarako, autobus zein tren zerbitzu bereziak jarriko dituzte. Brinkola eta Irun lotzen dituen linean, Tolosatik eta Irundik goizeko 10:00etatik eguerdira arte, trenak hamabost minutuz behin izango dira. Donostiara iristean, Ategorrietako geltokian jaistea gomendatzen dute. Bertan egongo da ibilbideko sarrera nagusietako bat. Etxera itzultzeko, berriz, jende pilaketak saiheste aldera, Norteko geltokia erabiltzeko eskatu dute. Euskotrenek ere zerbitzuak ugarituko ditu: Zumaiatik Donostiara 30 minuturo, eta Irundik Donostiara 15 minuturo egongo dira.
'Hirekin mundura'
Itsasoko uhinek eta mendiaren kolore berdeak bat egiten dute aurtengo Gipuzkoako ikastolen festaren irudian. Itsasoa, mundura irekita dagoen hizkuntzaren adierazgarri. Berdea, berriz, elkartasunaren, desberdin pentsatuz ere, elkarrekin lan eginez aurrera joateko ideiaren adierazle.
Kilometroak 2009
6 GUNE ANIZTUN ETA OPAROZurriola ikastola. Zirkuitu irikierarekin hasi eta iluntzera arte, haur zein gaztetxoentzat gune aproposena. Besteak beste, Gari, Montxo & Joselontxo pailazoak, Txorimaloak soinu taldea, Hipo eta Tomaxen Herri Kirolak eta Jalisko Band musika taldea izango dira bertan.
Kotxerak. Musikaz alaituriko gunea izango da: Zeren Zai, Xarma, Kauta, Asgarth, Triki Ta ke... Jantokia ere egongo da; 12 euroren truke menua jateko aukera izango dute gerturatutakoek.
Haztegia. Magiak, jolasek eta kantuek bat egingo dute. Bertan izango dira: Potxin eta Patxin artistak, Txan magoa, Zirika Zirkus, Poxpolo Mokolo ta konpainia eta Betizu Karaokea.
Manteo. Hip hop musikak erritmoa jarriko duen gunea. Mak, Damba, Trikizio, Ze Esatek, Bertso Sound System taldeen kontzertuez gain, hainbat tailer egingo dituzte: dantza, grafiti...
Sagues. Goizean herri kirolak izango dira. Eguerditik aurrera, berriz, mota ezberdinetako musika kontzertuak: Betagarri, Oinarri abesbatza, Naixan, Esne Beltza eta Akelarre, besteak beste.
Kursaal. Egun horretan, 25. urteurrenaren harira, antzezpen berezia eskainiko dute betiko Txirri, Mirri eta Txiribitonek, baita Juniorrek ere. Horrez gain, Donostiako Orfeoia, Xabi San Sebastian eta Anje Duhalde ere ariko dira kantuan.