Txoriak '.eus' du abizen berria

Twitterrek '.eus' domeinura sartzea adostu du Puntu Eusekin.Laster euskara identifikatuko du

Josu Waliño Puntu Eus Fundazioko zuzendaria eta Alex Gibelalde Twitter Españako marketin arduraduna. PUNTUEUS.
Erredakzioa
2015eko ekainaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Laster amaituko da Traducir del Indonesio irakurtzea. Twitterrek euskara ulertuko du!». Txio horrekin iragarri zuen atzo Josu Waliñok, Puntu Eus Fundazioko zuzendari orokorrak, sare sozialaren arduradunekin lortutako akordioa. Lankidetza hitzarmen horrek bi ondorio izango ditu. Batetik, euskal hizkuntzaren komunitatearen adierazgarri den .eus domeinura egin du jauzi sare sozialak. Hori horrela, Twitter.eus da bere helbideetako bat atzotik. Bestetik, laster Twitterrek euskara ulertu edo identifikatuko du erabiltzaileek idatzitako testuetan. Boluntarioek egindako itzulpen lanari esker, sare soziala 2012tik dago erabilgarri euskaraz.

Nahiz eta domeinuarekin loturarik izan ez, Puntu Eus Fundazioak interes berezia izan du Twitterrek euskara ere identifika dezan. «Hizkuntza ezagutzen badu, bilaketa kaxetan diskriminatu dezakezu. Eta hori garrantzitsua da, adibidez, herri aldizkarientzat». Sare sozialaren arduradunek horretarako laguntza eskatu zioten fundazioari. «Mila txioz osatutako corpusa behar zutela esan ziguten, hainbat erabiltzailerenak». Puntu Eusek Code Syntax enpresara jo zuen. UMAP webgunearen kudeatzaileak dira. Azkenean, 200.000 mezuk osatutako corpusa osatu dute. Izan ere, asko dira euskaraz txiokatzen dutenak. Maiatzean, esaterako, 7.569 lagun zenbatu zituenUMAPek. Eta 653.108 txio bidali zituzten; erdia, euskaraz. «Eman diegun corpusa hain zabala izanik, esan digute identifikazioa oso zorrotza izango dela». Aste gutxiren buruan prest egongo dela espero dute.

Gero eta zabalagoa

Duela urte biko ekainean onartu zuen ICANNek .eus. Bere helburua euskara eta euskal kulturaren komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua izatea da. Iazko udaberritik dago ikusgarri, eta joan den abenduaren 3an zabaldu zen erabiltzaile guztientzat. Ordutik, asko izan dira erabiltzen hasi direnak. Gaur egun, 3.600 domeinu inguru daude erregistratuta. Hurrengoetako bat Nafarroako Parlamentuaren web orria izan daiteke. Hala eskatu zuen EH Bilduk atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.