Administrazio publikoek «gero eta zailtasun gehiago» jartzen dizkietela salatu dute Bilboko Konpartsek, Gasteizko Txosnek eta Donostiako Piratek. Jai herrikoien aldeko eragileen ustez, tramite administratiboen zamak eta araudi murriztaileek «arriskuan» jartzen dute festen antolaketa: «Irabazi asmorik gabeko elkarteak gara, eta jaietarako erabiltzen dugu txosnetan ateratzen dugun dirua, baita urte guztian bestelako ospakizunak egiteko ere». Hori dela eta, maiatzaren 31n ekitaldia egingo dute: 11:30ean Bilboko Miribillako anfiteatroan batzera deitu dute, «txosnak eta jai herrikoiak defendatzeko».
«Jaiak, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, desagertzeko arriskuan daude». Hitz horiek esanda abiatu dute gaurko prentsaurrekoa Bilboko Konpartsen, Gasteizko Txosnen eta Donostiako Piraten ordezkariek. Bizkaiko hiriburuan egin dute agerraldia. Hala ere, azpimarratu dutenez, herrietako gainerako jai batzordeek bidean dituzten oztopoen berri eman nahi izan dute agerraldian.
Adibide zehatzik eman gabe, txosnak muntatzean eta jai herrikoiak antolatzean udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak jartzen dituzten trabak izan dituzte hizpide: «Gero eta zailagoa da txosnak eta herriko jaiak antolatzea. Aisialdia merkantilizatuta dago, eta irabazi asmorik ez dugunoi geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkigute espazio publikoa erabiltzeko», adierazi du Iker Martin Bilboko Konpartsen ordezkariak.
«Gero eta zailagoa da txosnak eta herriko jaiak antolatzea. Aisialdia merkantilizatuta dago, eta irabazi asmorik ez dugunoi geroz eta oztopo gehiago jartzen dizkigute espazio publikoa erabiltzeko»
IKER MARTIN Bilboko Konpartsen Federazioko kidea
Hain zuzen ere, txosnak jartzean izaten dituzten oztopoek —izapide administratiboak, kostuen garestitzea eta araudi murriztaileak— arriskuan jarriko lukete urte hauetan guztietan aurrera eraman duten jai eredua: «txosnak muntatzea baino lan gehiago ematen digute tramite burokratikoek, eta, egunen batean, gerta liteke jai batzorderen batek gehiago ezin duela esatea».
Beste tanta bat
Ticket Bai faktura elektronikoa barne hartuko duen Batuz sistemari buruz galdetuta, «urak gainezka egiteko beste tanta bat» baino ez dela behar aipatu du Martinek: «Eta itolarrian gaude dagoeneko», ohartarazi du. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia indarrean jartzen ari den sistema berriak errenta aitorpena egitera behartuko ditu txosnak, eta %21eko BEZa ordaindu beharko dute.
Baina Bizkaiko Foru Aldundiaren erantzuna berehala iritsi da. Leixuri Arrizabalaga erakunde publiko hartako bozeramaileak adierazi duenez, «Bilboko Konpartsak behin eta berriz esaten ari dira ez dutela Batuz sistemarekin bat egin behar. Guk baietz uste dugu. Hala ere, ez daukagu arazorik berriro biltzeko eta haien argudioak entzuteko».
Gaurko Gobernu Kontseiluaren erabakien berri emateko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak Arrizabalagak. Bilboko Konpartsek aipatu bezala, jai herrikoien aldeko eragilearekin behin baino gehiagotan batu direla onartu du Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak. Horretaz gain, «hainbat alegazio eta argudio» aurkeztu dituztela aitortu du. Baina foru erakundeko eledunak adierazi du baliabide horiek guztiak ez direla «onargarriak».
Foru araudiaren arabera, 2026ko urtarrilaren 1erako Ticket Bain sartu beharko dute jarduera ekonomikoren bat duten Bizkaiko irabazi asmorik gabeko erakundeek eta sozietate zerga ordaintzetik salbuetsita daudenek. Araban eta Gipuzkoan indarrean dago dagoeneko: iazko jaietan, adibidez, Gasteizko hainbat eragileri isuna jarri zien lurralde hartako foru aldundiak, sistema hori erabiltzeari uko egiteagatik.
Irtenbideak
Martin Bilboko Konpartsen ordezkariaren arabera, «anomalia bat» da erakunde publikoek jai herrikoien aldeko eragileen izaera ez aitortzea, eta administrazioak ez izatea haien beharretara egokitutako esparrurik: «Ez gara enpresak, gurea ez da ekitaldi komertzial bat. Boluntarioak gara».
Txosnetan «irabazirako trukea» egon badagoela aitortu arren, diru hori urtean dozenaka eta dozenaka doako ekitaldi egiteko erabiltzen dela nabarmendu du Bilboko Konpartsen ordezkariak: «Urtero antolatzen gara milaka eta milaka pertsona jai herrikoiak eduki ahal izateko gure herri eta auzoetan. Ahalegin hori da gure altxorra: interes ekonomikorik gabe antolatzea, herri moduan eta herritarren onurarako».
Jai herrikoien mugimenduaren beharretara egokitutako esparru horri dagokionez, Maite Aranalde Donostiako Piraten ordezkariak zalantzan ipini du ostalariek hori txartzat joko ote luketen: «Ez dugu uste txosnen eta tabernen artean lehiarik dagoenik. Ostalari askok begi onez ikuste dute gure jarduna».
«Ez dugu uste txosnen eta tabernen artean lehiarik dagoenik. Ostalari askok begi onez ikuste dute gure jarduna»
MAITE ARANALDEDonostiako Piraten ordezkaria
Txosnak ipini ahal izateko, «gero eta ugariagoak» diren tramite administratibo eta araudi «murriztaileei» aurre egiteko, «denoi ondo etorriko litzaigukeen irtenbide bat» eskatu diete udalei, foru aldundiei eta Eusko Jaurlaritzari: «Ez gara enpresak, gure helburua jaiak antolatzea da». Hori dela eta, haien lekuan jartzeko eskatu diete administrazio publikoei Bilboko Konpartsek, Gasteizko Txosnek eta Donostiako Piratek. Irtenbide bat lortzeko bidean, erakundeekin «lankidetzan aritzeko prest» agertu dira jai herrikoien aldeko eragileak. Are gehiago, elkarrekin harremanetan daudela baieztatu dute.
«Guretzat ez dago gauza ederragorik jaiak antolatzeari eskaintzen diogun denbora baino. Eta ez dago gauza tristeagorik hainbeste maite dugun eta guztion artean hainbeste gozatzen dugun hori desagertzeko arriskuan ikustea baino», adierazi du Aranalde Donostiako Piraten ordezkariak.
Maiatzaren 31ko ekitaldiari dagokionez, ez dute gauza handirik aurreratu nahi izan: «Momentuz ez dugu informazio gehiagorik aurreratu nahi. Esan dezakegun gauza bakarra da jendetsua izango dela eta formatu berezia eman nahi diogula», esan du Martin Bilboko Konpartsetako kideak. Ekitaldia 11:30ean egingo dute, Bilboko Miribilla anfiteatroan.