Gaur aurkeztuko dizkio Bilboko Udalak alegazioak Jone Artola txupinera izatea galarazten duen debekuari. Bilboko Administrazioarekiko Auzien Auzitegiak hartu zuen txupineraren izendapena bertan behera uzteko erabakia, iragan larunbatean, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariaren eskaera betez. Debeku horren aurka jo du udalak. Bilboko Konpartsek, berriz, elkarretaratzea egingo dute gaur,txupineraren defentsan.
Itziar Urtasun jaietako zinegotziak azaldu du txupinera konpartsek aukeratzen dutela, «historikoki» hala izan dela beti. Jai Batzordea konpartsen erabakia berresteaz baino ez da arduratzen. «Eta beti eman du ontzat, inoiz ez da arazorik egon», azpimarratu du zinegotziak. Gaineratu du ez duela ezer Artolaren aurka, baina alegazioak aurkeztuta, epaileak hartzen duen erabakia errespetatuko dela ziurtatu du, «udalak legea betetzen duelako».Hala, ebazpen judiziala azkar iristea eskatu du zinegotziak, jaiak larunbatean hasten baitira. Jai Batzordea udaleko eta konpartsetako ordezkariek osatzen dute, eta bihar bilduko dira zer egin aztertzeko.
Etxerat-eko eta Txori Barrote konpartsako kide izatea, Euskal Herritarrok-en eta EAE-ANVren hautagai izana, eta bere anaia preso egotea. Horiek dira epaitegiak erabili dituen argudioak Artolari txupinera izatea galarazteko, Terrorismoaren Legea urratu dezakeelakoan. Herrira-ren ustez, «arreta desbideratzea» da mota horretako debekuek bilatzen dutena, kartzela politikak eragiten dituen eskubide urraketak ezkutatzeko. Mugimenduak salatu du edozein ekimeni «zigilu» bera jartzen zaiola: «terrorismoa goraipatzearen eta biktimak mespretxatzearen zigilua».
«Esku hartze onartezina»
Bilboko Udaleko talde politikoek ere euren balorazioa egin dute txupineraren auziarekiko. Bizkaiko Batzar Nagusieko PSE-EE-ren bozeramaile Iñaki Egañaren ustez, ezker abertzalea pregoilari eta txupineren izendapenean eragiten aritu da. Biktimekiko «errespetu gehiago» erakutsi behar dela gaineratu du bozeramaile sozialistak.
PPk, bere aldetik, EAJ salatu du, izendapenaren kontrako jarrera irmo bat ez izateagatik. Alderdiaren bozeramaile Cristina Ruizek Aste Nagusian dauden «inertzia eta tradizioekin» bukatzeko eskatu dio EAJren udal gobernuari, azker abertzaleari bere aldarrikapenak plazaratzeko beta ematen diotela argudiatuta. «Beti uzten zaio zirrikituren bat ezker abertzaleari, eta erabili egiten du»
Aitziber Ibaibarriaga Bilduko bozeramailearentzat, berriz, Urkijoren «esku hartze onartezina» da debekua. Haren ustez, auzia «polemika artifizial bat» da, jaien aurreko giroa «zapuztea» helburu duena. Hala, gaurko elkarretaratzera joateko deia egin du.
Txupineraren debekuaren aurkako helegitea jarriko du Bilboko Udalak
Bilboko Konpartsek elkarretaratzera deitu dute gaurko, «jaietako ikurren eta Aste Nagusiaren defentsan»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu