Txupinerarik gabeko txupinazoaren atarian, zer gertatuko zain

Suziria Iraia Iturregi pregoilariak piztea proposatu du Bilboko Udalak, baina konpartsek ez dute proposamena onartuGaur jakingo da konpartsek zer egingo duten Aste Nagusiko txupinazoari begira

Donostiako Piratek ere babesa agertu zioten atzo Jone Artola Bilboko konpartsetako txupinerari. BERRIA.
Bilbo
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Dena dago prest Bilboko Aste Nagusirako: txosnak muntatuak daude, hesiak jarrita, oholtzak ere bai... horren prest ez dagoena jaien lehenengo ekitaldia da; txupinazoa, alegia. Bilboko Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak Jone Artola pregoilari izatea debekatu izanak orain arteko eskema eta aurreikuspenak aldatu ditu. Debekuaren harira, hainbatbilera egin dituzte konpartsek eta udalak, zer egin pentsatzeko.

Baina, lerro hauek idazteko orduan, bi aldeak ados jarri gabeak ziren. Epaitegiak debekua berretsi zuenez, «legea bete» egingo duela ziurtatu zuen udalak, eta hauxe proposatu zuen: suziria Iraia Iturregi aurtengo pregoilariak piztea, Artolaren ordez. Baina konpartsek ez dute hori onartu.

Itziar Urtasun jaietako zinegotziak, berriz, gogorarazi du Artolak aukera izango duela Arriagako balkoian egoteko, konpartsen bi ordezkari egon daitezkeelako. Baina ezingo du suziria piztu, ezta txupinera moduan jardun ere. Jai batzorde mistoa gaur goizean bilduko da berriz, zerbait adosten saiatzeko.

Konpartsek azter dezaketen aukera bat da txupinazo alternatiboa. Hori egitea ez litzateke delitua izango, «terrorismoa goraipatzeko ekitaldi bihurtzen ez den heinean». Hala mintzatu da Luis Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzi Epaitegiko lehendakaria, El Correo egunkarian egindako elkarrizketan. Gaur jakingo da konpartsek debekuaren inguruan zer egingo duten. Udalak, berriz, arratsaldeko seietan emango du bere asmoen berri. Elkarrizketa berean, Garridok Laudioko pregoilariaren eta Bilboko txupineraren auziak konparatu ditu, eta aitortu du azken kasuan legea «zorrotzago» interpretatu dela.

Iturregi, «erdian»

Suziria berak jaurtitzearen inguruan, ezezkoa erantzun du Iturregik. «Nire lana pregoia irakurtzea da», adierazi du Athleticeko kapitainak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. «Polemikaren erdian» egotea egokitu zaio, baina ez da inoren alde azaldu: «Ni ez naiz politikan sartzen». Jaiaz gozatzeko eskubidea «denona» dela gaineratu du. Haren desioa: udalaren eta konpartsen artean akordio bat egotea.

Hainbat elkartasun keinu jaso ditu Artolak debekuaren berri eman zenetik, Donostiako piratena tartean. Bertako Aste Nagusian ere egon da polemikarik. Atzo arratsaldean, ertzainak ParteZaharrera joan ziren, bertan zeuden pankarta batzuk kentzeko asmoz. Ordu batzuk lehenago pankarta horiek salatu zituen Ramon Gomez Donostiako Udaleko PPren bozeramaileak, bere blogean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.