Eskizofrenia paranoidea eta antsietate desorden orokorra du Txus Martin euskal presoak, eta gutxiegitasun aortikoa ere bai. Bihotzeko gaitz bat ere badu, eta azaroaren 12an arazo bat atzeman zioten balbulan. Horregatik eraman dute erietxera, kateterismo bat egiteko. Haren senide eta lagunei babesa adierazi eta Martinen eta larri dauden beste euskal presoen egoera salatzeko, Sare herritarrak agerraldia egin du Txagorritxuko ospitale aurrean (Gasteiz). Inaxio Oiartzabal bozeramaileak gogora ekarri du hamazazpi urte daramatzala preso Martinek: "Bakartuta egon da urte luzeetan, eta buruko gaitzari bihotzekoa erantsi zaio orain". Sareren esanetan, egoera horiek "eragin zuzena" dute presoen osasun egoeran.
Txus Martin Zaballako espetxean dago 2011tik. "Muturreko egoeran" dagoela ohartarazi du Oiartzabalek; bigarren graduan dute, eta besteak beste, konfiantzazko psikologoarekin egoteko aukera ukatu diote. Osasun egoera larrian dela eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituela aintzat hartuta, "kalean" behar lukeela salatu du Oiartzabalek. Baldintzapeko askatasuna eskatu zuen 2011n, baina ukatu egin zion Espainiako Auzitegi Nazionala, eta geroztik, erantzun bera eman dute askatasuna eskatu duen guztietan.
Martinen kasuan ez ezik, aske uzteko eskaera bera egin du Sarek gaitz larriak dituzten gainerako presoentzat ere —21 dira, denera, beren osasun egoera publiko egin dutenak—. Oiartzabal: "Dei egiten dugu elkartu eta egoera horiei aurre egitera, eta urtarrilaren 12ko mobilizazioetan parte hartzera".
Martinen senide eta lagunek ere askotan eskatu dute presoaren askatasuna. Joan den ostiralean, esaterako, mozio bat sartu zuten Galdakaoko Udalean (Bizkaia) Martin "berehala" aska dezaten eskatzeko, "bere integritate fisiko zein psikikoaren berme lez, tratamendua familiaren inguruan jaso dezan". Gainera, "espetxe normaltasunean oinarriturik, dagozkion eskubideak" errespetatzeko eskaria egin dute, eta udalbatzari galdegin diote ordezkaritza bat osatu eta bisitan joateko, babesa adieraztera —alkateak eta hiru zinegotzik osatuko lukete ordezkaritza—. Galdakaoko EH Bilduk bat egin du senideek aurkeztutako mozioarekin.
Larunbatean ere mobilizazioa izango da Martinen alde, Kalera dinamikak antolatuta. Martxa bat egingo dute Zaballako kartzelara, Subillanatik abiatuta. 11:00etan irtengo dira.
Bost urtez erabat bakarturik
2002an atxilotu zuten Martin Frantzian, eta zortzi urtez izan zuten han preso, egoera bereziki gogorretan: bost urtez, erabat isolaturik eta bakarturik izan zuten. Lagunen bisitarik ere ez zuen apenas izan, epaileak horretarako baimenak etengabe ukatu edota atzeratu zizkiolako. Urte horietan, hiru lagunen bisita besterik ezin izan zuen jaso.
Hiru urtez isolatuta egon ondoren, 2006an agertu zitzaion gaitza lehen aldiz. Espainiaren esku utzi, eta kartzelatu egin zuten 2010eko urrian. Behin-behinean dute preso ordutik Espainiako kartzeletan, 90. hamarkadan abiatutako hiru auzirengatik.