U14 kolektiboak Frantziako Estatuaren «zapalkuntza» salatu du Ezpeletan

Frantziako besta nazionalaren egunean manifestazioa egin dute, eta «masa turismoa» eta «euskal kulturaren merkantilizazioa» gaitzetsi dituzte. Azken hilabeteetan hainbat eragilek jasan duten errepresioa txarretsi dute.

U14 kolektiboak Ezpeletan egin duen protesta. PATXI BELTZAIZ
U14 kolektiboak Ezpeletan egin duen protesta. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko uztailaren 14a
20:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Alde batean piper sokak zintzilik, bestean «independentzia» oihuak. Ezohiko ikusgarria izan dute arratsalde honetan Ezpeletara joan diren turistek. Frantziako besta nazionalaren aitzakiapean manifestazioa egin du U14 kolektiboak Lapurdiko herri turistikoan, Frantziako Estatuaren «zapalkuntza» salatzeko. Azken urteetan Donibane Lohizunen (Lapurdi) egin bezala, uda garaian hain ohikoa diren «masa turismoa» eta «euskal kulturaren merkantilizazioa» gaitzetsi dituzte.

«Ez dugu kasualitatez hautatu manifestazioaren lekua», adierazi dute U14 kolektiboko kideek mobilizazioaren ondoren hitza hartu dutenean. «Maiz kostaldearekin lotzen ditugun problematika hauek hemen ere agertzen dira». Uztailaren 14a borroka egun gisa identifikatzen dute kolektiboko kideek, Frantziako Estatu «terroristaren» jarrera zapaltzaile guziak agerian utzi eta kondenatzeko. «Hamaika dira zapalketa horiek ilustratzen dituzten adibideak: Bidasoko muga pasatzean hil diren migranteak, Ipar Euskal Herriak pairatzen duen asimilazio kulturala, turistifikazioaren gorakada geldiezina, euskararen egoera, langile klasearen prekarizazioa eta abar...»

U14 kolektiboko kideen iritziz, Frantziako besta nazionala ez da beraien festa. Frantziako naziotasunaren azkartzearekin batera Euskal Herriaren nazio zapalkuntza elikatzen duela baieztatu dute.

Naziotasun sentimenduaz gain, Frantziako Estatuak bere ideologia kapitalista ere asimilarazi nahi duela erran dute, eta salatu dute sistema horren kontra oldartzen den edonori «errepresio bortitzaren» bitartez erantzuten diotela. Hala gertatu zitzaien U14ko bost kideri. Iazko urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman zieten. «Ikuspegi zabalagoari erreparatuta, gure inguruko hainbat mugimendu iraultzailek eta herri mugimenduk jasaten dute errepresio egituratua gaur egun: Marieneak, Euskal Herrian Euskarazek eta ageri ez diren beste hainbatek. Gure iritziz, kasu horiek ez dira isolatuak; horregatik, guk ere modu kolektiboan antolatu eta erantzun behar dugula sinesten dugu, betiere gure bide politikoa instituzioetatik kanpo ulertuta».

Nazioarteko elkartasuna

U14 kolektiboko kideek argi utzi du Euskal Herriaren egoera ez dela salbuespena, eta munduan borrokan ari diren herriei elkartasuna adierazi nahi izan diete. «Munduan, begi bistakoa da langileriaren prekarizazioa, faxismoaren gorakada eta estatu inperialisten armatzeak gora doazela etengabean». Salatu dute Israeleko Estatuari ez zaiola auzirik egiten, eta Frantziako Estatu «zapaltzaileak» Kaledonia Berriarekin duen jarrera koloniala ere horren adibide argia dela erran dute. «Ontsa erakusten du zein den gaur egungo panorama politikoa».

Horiek horrela, Frantziako Estatuak aitzinera eramaten duen estrategia politikoa salatzeko eta borrokatzeko bildu direla nabarmendu dute. «Frantziako Estatua estatu terrorista denez, eta burgesiaren interesen alde edozer egiteko prest denez, segi dezagun antolatzen eta karrikak hartzen, betiere Euskal Herriaren askapena iparrorratz», nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.