Uda arriskutsua, nuklearrentzat

Frantziako Nuklearren Behatokiak egindako txostenaren arabera, ur eskasiak eta beroak herrialdeko zentral nuklear gehienak gelditzera behar dezakete EDF, hozte sistema bermatzeko ur nahikorik ez badago.

inaki petxarroman
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian bizi den, eta hurrengo hilabeteotan areago daitekeen lehorteak, egoera larria eragin dezake zentral nuklearretandatozen hilabeteotan, Frantziako Nuklearren Behatokiak egindako txostenaren arabera.

Hain zuzen ere, ibaien ondoko zentral nuklearretan gerta daiteke egoerarik larriena, eta haien erreaktoreak eteteko arriskua dago, baldin eta zentralen hozte sistema bermatzeko ur nahikorik ez badago ibaietan. Egoera horretan egon daitezke 58 erreaktoretik 44 Frantzian, behatokiaren arabera. Zentralak geratuz gero, argindar sistemaren hornidura ezingo litzateke bermatu. Aurten, gainera, Alemaniatik ezingo dute energia inportatu, herrialde hartan zazpi zentral geratu dituztelako, txostena egin duen erakundearen arabera.

Nuklearren behatokiak joan den hilaren 12an sinatutako txostenaren arabera, 2003an, 2005ean eta 2006an gertatutako egoera errepika daiteke udan. Baina, aurten, gainera,lehortearen larria urte haietan baino oraindik handiagoa izan daitekeela uste dute eguraldi adituek. Behatokiaren iritziz, istripu nuklear larria ere jazo liteke: «Geldituta ere, erreaktorea hoztu egin behar da, eta nukleoaren fusioa jazo daiteke ibaiaren emana gutxieneko hoztea bermatzeko bezainbestekoa ez bada», azaldu du Stephane Lhomme behatokiko lehendakariak. Frantziako Gobernuak ukatu egin du arriskua dagoela. Izan ere, ibaietako emariarekin kasu gehienetan berma daiteke nuklearrek behar duten hoztea, eta, salbuespenezko egoera bat gertatuko balitz, Frantziak urez horni ditzake zentralak beste iturri batzuetatik ura ekarrita.

Behatokiak gogoratu du 2003ko udan Electricite de Francek (EDF), nuklearrak kudeatzen dituen enpresak, Fessenheimeko zentrala eten behar izan zuela erreaktoreetan tenperatura gehiegizkoa zuelako. Behatokiaren iritziz, soilik itsasoaren ondoan —edo itsaslabarretan— kokatutako zentral nuklearrak daude arrisku horretatik kanpo.

Esaterako, Euskal Herritik gertuen dauden Frantziako zentral nuklearrak bi dira: Blayaisko zentralaren bi erreaktore (Gironda) eta Golfechekoa (Garona). Bi zentral horiek Euskal Herriko mugatik 200 kilometro ingurura daude, eta iraganean arazo bat baino gehiago izan dituzte. Esaterako,1999ko abenduko ekaitza Blayaisko zentralean hondamendi bat eragiteko zorian egon zela oroitarazi du behatokiak.

Abenduaren 27ko gauean ekaitz handia sortu zen Atlantikoan: 180 kilometro orduko haizeteak eta olatu erraldoiek astindu zuten Blayaisko zentral nuklearra. Eraikuntza babesteko dikea gainetik gainditu zuten olatuek, eta milaka ur litrok zentrala hartu zuten, uholdea eraginez. Larrialdiaren aurrean, 1 eta 2 erreaktoreak geratu behar izan zituzten, baina ezustekoei aurre egiteko babes tresneria erabileratik kanpo utzi zuen urak, besteak beste, zentralaren hozte sistema bermatzen duen ihinztatze-gailua. Ordu batzuk geroago lehen erreaktoreko hozte sistemaren ponpagailuen erdiak hondatu egin ziren. Sistema horren huts egitearen ondorioz gertatu ohi da nukleoaren urtzea, alegia, hondamendi nuklear handienak eragin ohi dituen istripua. Egoeraren larriaren aurrean, alerta plana martxan jarri zuen zentralak, eta ongi funtzionatu zuen.

Golfecheko zentralean arazo handiak izan zituzten 2003ko udan. Nuklearren behatokiak salatu duenez, Garona ibaiaren tenperatura 29 gradutik gorakoa izan zen behin baino gehiagotan uda hartan, eta hori legez kanpokoa da. Alabaina, zentralaren ekoizpena ez zuten geratu ere egin egoera horren ondorioz. Blayaisko zentralaren inguruan jarritako termografoek ere 30 gradutik gorako tenperaturak neurtu zituzten 2003ko abuztuan.

Hoztea ezin bermatuta zentral batzuk geratu beharko balituzte,beste zentraletan eragingo litzatekeen ekoizpenaren bizkortze eta handitzeak ere arazoak eta istripu arriskuak ekar ditzaketela gogoratu du nuklearren nehatokiak.

Zentral nuklearrek ur kopuru itzelak behar izaten dituzte haien hozte sistema bermatzeko. Esaterako, Garoñako zentralak (Burgos, Espainia) segundoko 25.000 litro xurgatzen ditu Ebro ibaitik. Hala, Espainiako Ingurumen Ministerioak berak aitortu du lehorte kasuan arrisku handia duela Garoñako zentralak. 2009ko uztailean egindako ohar batean jaso zuen Garoñaren arrisku horren berri Espainiako Gobernuak, eta berriki ezagutarazi du Greenpeace erakunde ekologistak. 2006ko uztailean zentrala geratu egin zuten ur hornidura ezin bermaturik. Jakina denez, Garoñako tutu-sistema Fukushimakoak zeukan bera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.