Udako unibertsitateak lehen aldiz EHBai koalizioak antolatu ditu

Bihar hasi eta larunbat arte, Arbonan iraganen den hitzorduarekin gogoeta estrategikoak barnatzeko xedea dute

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
EHBai koalizio abertzaleak udako unibertsitateak antolatu ditu lehen aldiz, bihar hasi eta larunbat arte, goizetik arrats, Arbonako Arrantzolan. Guztiei irekiak diren egunak, eta bereziki militanteei. Lehenak izanen dituela koalizioak, horrek baduela bere garrantzia azpimarratu nahi du Peio Etxeberri-Aintzart EHBaiko bozeramaileak. Espazio politiko partekatu bat ari direla eraikitzen AB, Sortu eta EAren artean, eta konbentzitua da eraikitze horren barnean udako unibertsitateak eta halako ekinaldiek gogoeta estrategiak barnatzeko balioko dutela. Hauteskundeei begira jartzekoak badira ere, urrunago ere joan nahi dute: «Gogoeta eramatea bezain inportanta da; elkarren ezagutzeko eta mementoko goxoak pasatzeko egunak ditugu, militantzia komun bat eraikitzeko. Ez da bakarrik ariketa politiko bat, ariketa humano bat da ere bada».

Mamia aipatzeko, hiru atal aldizkatuko dira hiru egunetan. Lehenik, prestaketak, 10:00etan hasi eta 13:00 arte iraganen direnak egunero. Sare sozialen, Europako instituzioen eta hirien antolaketen inguruko gaiak jorratuko dituzte. Halaber, hiru egunez, demokrazia parte hartzailea nola prestatu aztertuko du Iban Igalletebeitiak.

Hausnarketarako gomita

Arratsaldeetan, eztabaidak pentsatuak dituzte hausnarketarako, 15:00etatik 18:00etara. Bihar, EHBairen egituraketa eta ibilmoldeaz ariko dira; ostiralean, heldu den urtean iraganen diren Europako hauteskundeei buruzkoa izanen dute eztabaida; eta larunbatean, heldu den herriko bozak izanen dituzte aipagai. Kohesio maila handiena lortzeko xedearekin, hautetsien karta eta EHBairen oinarriak finkatzen dituzten proposamenak aurkeztuko dituzte eta eztabaidara zabalduko. Eta arratsetan ere antolatuak dituzte bestelakoak: 19:00etatik 21:00etara, informatiboagoak izanen dira, nahiz eta eztabaidara irekiak ere izan.

Bihar Jean-Pierre Massias Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak eta Gorka Elejabarrieta Sorturen nazioarteko harremanetarako arduradunak bake prozesuaz hitz eginen dute, gaurkoak zer berri ekartzen duen aztertuz, iraganeko prozesuetatik begiratuz. Ostiralean, borroka eta desobedientzia izanen dute ardatz. Dela instituzio eskaerari begira edo bake prozesuari begira, indar harreman berri bat nola sor daitekeen galderari erantzun zehatzak bilatzeko asmoarekin daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.