Festak hasteko bezperan Etxarri Aranazko udal langile baten etxeari su eman zioten, gauez, bertan langilea bera eta familiako hainbat zeudela. Etxeko batek zarata bat entzun eta suaz ohartu zelako ez zitzaion ezer gertatu inori. Sutea suhiltzaileek itzali behar izan zuten.Erasoak astindu egin du Etxarri Aranazko herria. Erasoaren larritasunagatik, eta aurretik izandako heriotza mehatxuak betetzeko saio bat ikusi dutelako joan den ostiral gauean udal langile baten etxean eragindako sutean.
Lehenik, apirilaren 11n, mehatxuzko pintaketa batzuk agertu ziren Bilduko alkate eta zinegotzi batzuen kontra. Bigarrenik, herriko patroiaren egunean, ekainaren 16an, heriotza mehatxuak agertu ziren margotuta San Adrian baselizan, udal ordezkari eta udal langile batzuen kontra. Egun berean, iluntzean, pintaketa horretan mehatxatuta zegoen udal langile baten bordari su eman zioten. Azkenik, joan den ostiral gauean, pintaketa hartan mehatxatuta azaltzen zen Fausti Razkin udal langilearen etxeari su eman zioten.
Bi udal langileak, Joxi Bakaikoa Etxarri Aranazko alkatea eta Eneka Maiz zinegotzia atzo hedabideen aurrean agertu ziren, gertatutakoa salatzeko. Haien atzean, udal langile guztiak, udal ordezkariak eta herriko eragileen ordezkariak agertu ziren, babesa eta elkartasuna adierazteko. Erasoa joan den ostiralean gertatu bazen ere, udalak atzora arte ez zuen kaleratu, «festetako giroa ez nahasteko».
Salaketa eta babesa
Etxarri Aranazko Udalak ekaineko mehatxuak jakinarazi eta salatu bazituen ere, salaketa judizialaren bideari ekin gabe zegoen. Azken eraso larriaren ondoren, salaketa judiziala egitea erabaki dute. Kaltetuek aurkeztuko dute salaketa, datozen egunotan, eta udalbatzak akusazio partikular gisa aurkezteko asmoa du. Erasoak nondik datozen galdetu dietenean, Joxi Bakaikoa alkateak erantzun du orain hori argitzea ikertzaileei dagokiela.
Udal langile eta herritarren izenean, Etxarri Aranazko udalbatzak gogor salatu zituen atzo udaleko kideek izandako eraso, irain eta mehatxuak. Babes osoa eman zien hautetsi eta langile kaltetuei. «Nabarmendu nahi dugu langileen lana udalaren ardurapean egina dela, eta udalak berak duela langileen jardueraren erantzukizun guztia». Udal hautetsiak zilegitasunez hautatutako ordezkariak direla eta udal langileak «herritarren zerbitzura zintzoki lan egiten duten pertsonak» direla nabarmendu zuen Eneka Maiz zinegotziak. «Beraz, hautetsi eta langileak iraintzea eta mehatxatzea etxarriar guztiak iraintzea eta mehatxatzea da». Udalak dei egin zien herritarrei elkarbizitzaren alde lan egiteko, «irainak eta probokazioak alde batera utzita».
Udala jomugan, etxarriar guztiak ere bai
Etxarri Aranazko udal hautetsi eta langileen kontra hainbat mehatxu izan ondoren, udal langile baten etxeari sua eman zioten joan den ostiral gauean, familiakoak bertan zeudela. Inori ez zitzaion ezer gertatu. Udalbatzak eta kaltetuek salaketa bat jarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu