Denboralea. Garbiñe Elizegi. Baztango alkatea

«Udalak bere kabuz ez du ahalmenik gastuei aurre egiteko»

GARI GARAIALDE / ARP.
2014ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean izandako uholdeek kalte larriak egin zituzten Iparraldean eta Nafarroan. Baztan ibarra (Nafarroa) izan zen kaltetuenetako bat. Uholdeak egindako kalteen inguruan aritu da Baztango alkate Garbiñe Elizegi (Lekaroz, Nafarroa, 1976). Galerei aurre egiteko, eskaera bat egin diote Espainiako Gobernuari: Baztan hondamendi eremu izendatzeko. Oraindik ez dute erantzunik jaso.

Zergatik eskatu duzue Baztan hondamendi eremu izendatzeko?

Gure ustez hala izan delako, eta, alde horretatik, diru laguntzak kudeatzeko beharra ikusten dugulako, beharrezko konponketak egin ahal izateko. Berez, horrelako kalteak izanda, udalak bere kabuz ez du ahalmenik gastuei aurre egiteko.

Badakizue noiz izango duzuen erantzuna Espainiako Gobernuaren partetik?

Eskaera egin dugu, baina ez dakigu noiz erantzungo digun gobernuak. Espero dugu lehenbailehen izatea, baina ez dakit zenbat denbora hartzen duten horrelako gauzek.

Uholdeak ostiralean izanik, nola joan da asteburua?

Ostiralean, hasieran, nahiko gogorra izan zen. Susto batzuk izan ziren: kasu batzuetan, langile batzuk arriskuan egon ziren, eta hor, egia esan, momentu txarrak pasatu genituen. Behin hori pasatuta, garbiketa lanekin hasi ginen. Herritarrek, egia esan, oso ongi erantzun dute, eta mundu guztia laguntzen eta garbitzen aritu da. Alde horretatik, oso pozik gaude. Asteburuan auzolanera etorri diren guztiei esker, astea, nolabait, modu normalizatu batean hasteko modua izan dugu. Oraindik gauza asko gelditzen zaizkigu konpondu gabe, gauza asko dauzkagu garbitzeko; finean, lan asko dago; baina poliki-poliki lortuko dugu.

Udala laguntzarik ematen ari al da?

Udalak bulegoak jarri ditu, kaltetuek, nolabait, beren aseguruei parte emateko, eta partea ematean ikusteko zein izan diren kalteak. Beste alde batetik, bakartuta gelditu diren baserrietarako bideak irekitzen aritu gara. Nafarroako Gobernuari ere eskatu diogu zergetan-eta laguntzak jartzeko uholdeengatik kalteak jasan dituzten herritarrei. Hain zuzen ere, badago Nafarroako Gobernuak egin dezakeen gauza bat: zergak, adibidez obretako zergak-eta, ordaindu behar ez izatea uraren ondorioz kalteak izan dituzten herritarrek.

Baserrietara joateko bide guztiak irekita daude?

Ez, bakarren batzuk daude itxita, zubiak-eta hautsi direlako. Horiek ezin ditugu egun batetik bestera konpondu; baina lehentasunezkoak izango dira konpontzeko, eta horretan ari gara orain lanean.

Zein itxaropen duzue aurrera begira?

Baztan hondamendi eremu izendatzea espero dugu. Jadanik etorri dira perituak eta aseguru etxeetako kontuak eramaten dituzten pertsonak, eta ematen du gauzak azkarrago joango direla aurrerantzean. Badirudi badagoela dirua bideratzeko aukera, etorri diren teknikari guztiek egindako aurrekontuekin.Gu hasi gara gauza guztiak konpontzeko lanetan. Baina, noski, finantzaketa beharrezko dugu kalteei aurre egiteko.

Hartuko dira neurriak horrelako zerbait berriro ere gerta ez dadin?

Ez dakit posible izango den; azken finean, gertaturiko uholdeak ezohikoak izan dira. Baztan dagoen bezala dago eraikia, eta Elizondoren kasuan, esate baterako, badakigu erreka bazter guztiak uholdeak hartzeko arrisku handian daudela, eta hori zaila da aldatzen. Baina nik uste dut baietz, beti hobetzen ahal dela prebentzio aldetik, eta horrelako plangintzak aztertu beharko direla. Hurrengorako ahal bezainbeste babestea izango da helburua. Hala ere, uste dut gauza batzuk ezin direla kontrolatu, eta hori ere onartu behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.