Politika

'Udalbiltza auziko' sententzia urtarrilaren 20an jakingo da, eta auzipetuek "sentipen nahasiekin" jaso dute berria

Auzipetuak "urduri" daude "etorkizun hurbileko askatasuna" ezbaian dutelako, baina, halere, "lasai eta harro" daude, eginiko jarduna "zilegia" izan delako. Justizia egoteko, absoluzioa beste irtenbiderik ez dagoela adierazi dute. Eragileen babes zabala jaso dute. Sententziaren bezperan agerraldiak egingo dituzte hainbat herritako udaletxeen aurrean.

2011ko urtarrilaren 14a
18:32
Entzun
Udalbiltza auziko sententzia urtarrilaren 20an jasoko dutela jakinarazi du Maribi Ugarteburu auzipetu eta Amorotoko alkate ohiak. Halere, Madrilera joan beharrik ez eta Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak defentsako abokatuei helaraziko diela adierazi du gaur goizean eginiko prentsaurrekoan.

Zazpi urte eta erdiko prozesua amaitzear dagoela, auzipetuek berria "sentipen nahasiekin" jaso dutela azaldu du. Batetik "urduri" daudela, auzipetuen "etorkizun hurbileko askatasuna jokoan" dagoelako, eta Udalbiltzako jarduna "zigor modura" epaitu daitekeelako. Bestetik "lasai eta harro" daudela jakinarazi du, hautetsiek beti "eskubide demokratikoen defentsan" ekin dutelako, eta Udalbiltza "etorkizunerako tresna baliagarria" dela frogatu delako.

Ugarteburuk "urduritasunaren barruan lasai" daudela adierazi du, epaiketa "argia eta zalantzarako tarterik utzi ez" duena izan delako. Udalbiltzako zilegitasuna frogatua geratu dela uste du, eta hori akusatuen perituek ere frogatutzat eman dutela. Gaineratu du "epai politikoa" izan dela goitik behera, "delitu zantzurik gabe" epaitu dituztelako. Hala ere, nabarmendu du "epaiketa goleadaz irabazi arren, sententzia ez dagoela" bere esku. Ahozko epaiketa orain dela bi hilabete eta erdi amaitu zen.

ETAren su-eten adierazpenaren aurrean, bake eta demokrazia egoera batera iristeko "pausoak metatzen jarraitu" behar dela nabarmendu du Ugarteburuk.

21 auzipetuetatik hainbat egon dira gaurko agerraldian, besteak beste: Espe Iriarte, Juan Carlos Alduntzin, Imanol Esnaola, Loren Arkotxa eta Maribi Ugarteburu. Horrez gain, Xabier Alegria auzipetuaren argazkia mahai gainean izan dute. Alegria Udalbiltza auziagatik auzipetua dago, eta egun espetxeratua dago 18/98 auzia dela eta.

Eragileen sostengu zabala

Udalbiltzako auzipetuez gain, politika, gizarte, kultura eta euskalgintzako ordezkaritza zabala izan da agerraldian. Bertan egon dira besteak beste LAB, ESK, EHNE, Hiru eta EILAS sindikatuetako ordezkariak; Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Ezker Batuko hautesleak; hainbat udal hautetsi; baita kultura eta euskalgintzako ordezkaritza.

EILAS sindikatuko Jon Moñuzek hitz egin du guztien izenean. Eragileek azken hilabeteetan baieztaturikoa berretsi du. Ordezkaritza demokratiko baten jarduna "ezin zigortu" daitekeela nabarmendu du. Udalbiltza eratzea oinarrizko eskubidea dela, eta guztiz zilegi dela esan du.

Bestetik, epaiketa "demokraziaren kontrako eraso" gisa salatu du; "are gehiago zigorrik balego". Horregatik, justizia egoteko absoluzioa beharrezkoa dela iritzi dio.

Elkarretaratzeak urtarrilaren 19an

Sententziaren bezperan agerraldiak egingo dituzte hainbat herritako udaletxeen aurrean Udalbiltza aske, justizia absoluzia lelopean. Orduen berri herri bakoitzean emango dute.

BERRIA.INFOk zuzenean eskaini du Udalbiltzako auzipetuen agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.