Udalbiltza berrantolatzeko bilera, ekain amaieran

Atxikimenduak biltzeko, zinegotzi eta udal guztiei gutunak bidaliko dizkie talde eragileak

jokin sagarzazu
Donostia
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urtebete pasatu da Hego Euskal Herrian udal hauteskundeak egin zirela. Horrek utzitako mapa instituzionalak eta egoera politiko berriak indarberritu egin dute Udalbiltza berrantolatzeko asmoa. «Aro politiko berriak gehiago behar du gure aldetik», adierazi du Igor Egurenek, Ordiziako alkate eta talde eragileko kideak. Donostian eginiko agerraldi batean prozesu horren berri eman du Egurenek. Harekin batera izan dira Iker Elizalde Hendaiako zinegotzia, Iratxe Lopez Aberasturi Gasteizkoa eta Ruben Gomez Ligiko auzapeza. Oraingoz, ekimenarekin bat egin dute ezker abertzaleko, EAko, Aralarreko, Alternatibako eta independente gisa aurkeztutako hainbat zinegotzik.

Martxoaren 31n Irunen eginiko aurkezpenean iragarri zuten bezala, euren asmoa da babes hori zabaltzea. Hori hala, atxikimendu kanpaina bat abiatu dute, orain arteko harremanak sendotzeko eta ekarpenak jasotzeko. Horri begira, Egurenek azaldu duudal eta zinegotzi «guztiei» gutun elektroniko bat bidaliko dietela egitasmoaren berri emateko. Horrekin batera webgune bat jarri dute martxan (http://udalbiltza2012.net). Talde eragileak nabarmendu duenez, «sentsibilitate politiko guztiei» irekita dago prozesua. «Hautetsi bakoitzak eskubidea izango du hitza hartzeko. Eta ekarpen horien arabera bideratuko dugu tempus-a».

Talde eragileak ez du epe zehatzik markatu, baina uste du ekainaren amaierarako oso aurreratua egongo dela Udalbiltzaren berrantolatze prozesua. Ordurako ekitaldi garrantzitsu bat egingo dutela iragarri du Egurenek.

Talde eragileak atzo eginiko agerraldia baliatu nahi izan du Udalbiltza berrantolatzeko prozesuaren inguruan sortu diren hainbat uste argitzeko. Hala, Egurenek gogoratu du Udalbiltza dela Euskal Herriko erakunde nazional bakarra, «parekorik ez duena». 1999an zehaztutako bost printzipioek indarrean jarraitzen dutela adierazi du, eta nabarmendu euren asmoa ez dela Eudel edo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa ordezkatzea. «Bateragarriak dira, eta bakoitzak bere tokia dauka. Udalbiltzak harremanak izan nahi ditu erakunde guztiekin». Gogoratu du, halaber, Udalbide ere martxan dela, eta adierazi du erakunde horrekin hainbat bilera egin dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.