Udalbiltza berrantolatzeko deia egin dute Euskal Herriko hautetsi independentistek. Zazpi lurraldeetako zinegotziak eta alkateak biltzen dituen erakunde horren «beharra» aldarrikatu dute, eta hori martxan jartzeko konpromisoa agertu. Jakinarazi dutenez, «nazio ekimen bat» abiatuko dute datozen asteetan, Euskal Herriko udal hautetsien atxikimenduak biltzeko.
Aberri Egunaren atarian aurkeztu dute egitasmoa, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa). Ospakizun hori izan dute gogoan, eta egun horretarako —apirilaren 8rako—deituta dauden ekitaldietan parte hartzera deitu dute; halaber, eskatu dute egun hori iritsi bitartean «Euskal Herriko banderak» jartzeko udaletxeetako eta etxeetako balkoietan.
Agerraldian parte hartu dute Bilduko, Aralarreko, Nafarroa Baiko eta Abertzaleen Batasuneko 26 hautetsik. Han izan dira, besteak beste, zortzi alkate; tartean, Juan Karlos Izagirre Donostiakoa, eta EAko idazkari nagusi ohi Unai Ziarreta.
Guztien izenean agiri bat irakurri dute frantsesez, espainolez eta euskaraz, Ruben Gomes Liginagako alkateak, Asun Fernandez Garaialde Altsasuko zinegotziak eta Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak. «Egoera politiko berria» izan dute hizpide, eta testuinguru horretan kokatu dute Udalbiltza berrantolatzeko egitasmoa. Udalbiltza «inoiz baino beharrezkoagoa» dela adierazi dute.
Hautetsiek nabarmendu dutenez, Udalbiltzaren helburua da egungo zatiketa administratiboa eta politikoa gainditzea eta euskal nazioa egituratzea. «Ezinbestekoa ikusten dugu udaletatik abiatuta euskal nazioa eraikitzearen eta egituratzearen alde urratsak egitea. Gure etorkizuna euskal herritar gisa bizi nahi dugulako», adierazi dute.
Horren harira, Udalbiltzaren sorreraren bost helburuak gogoratu dituzte, eta azpimarratu dute horiek garatzea izango dela euren xedea. Hauek dira 1999an zehaztutako eta atzo berretsitako bost puntuak: Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea; Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea; Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik; herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzea esparru guztietan; eta nazioartean Euskal Herria nazio desberdindua dela adieraztea eta Europako egituraketa prozesuetan eta erakundeetan parte hartzea.
Abertzaleentzako bilgunea
Udalbiltza 1998ko bake prozesuaren testuinguruan sortu zen, eta Lizarra-Garaziko Akordioa sinatzaileek sustatu zuten. 1999ko otsailean hasi zuen bidea, Bilboko Euskalduna jauregian eginiko ekitaldi batean, alderdi abertzale guztietako ia 2.000 hautetsiren babesarekin. Bake prozesuaren hausturak, baina, Udalbiltzaren zatiketa eragin zuen. Eta, 2003ko apirilean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak instituzioa desegin zuen. Auzitegi horrek berak absolbitu egin zituen, gerora, epaiketara eramandako 22 lagunak, iazko urtarrilean. Absoluzioa jaso bazuten ere, konpondu ezinezko kalte pertsonal eta politikoak eragin zituen prozesuak, eta Udalbiltzaren diruak bahituak geratu ziren.
Udalbiltza berriz osatzera deitu dute hautetsi independentistek
Helburu horri begira, egitasmo bat abiatu dute Euskal Herriko alkate eta zinegotzien atxikimendua jasotzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu