Udalbiltza normalizazio politikorako tresna «interesgarria» izan daiteke etorkizunerako. Hala esan du Jokin Bildarratz Tolosako alkate eta Eudeleko presidenteak, Udalbiltzako auzipetuak absolbitu dituen epaia jakin ondoren: absoluzioa «berri pozgarria» dela eta etorkizunerako hainbat gogoeta eragiten dizkiola adierazi du.
Bildarratzen iritziz, «Euskal Herriko udaletako errealitate guztiak erakunde juridiko bakar batean biltzeko formula interesgarria» izan daiteke Udalbiltza «edo antzeko bat». Udalek normalizazio politikoan zeregin garrantzitsua izan dezaketela esan du, eta, azaldu duenez, horregatik berreskuratu nahi du «berria ez den ideia hori». Hala ere, aitortu du ez duela egitasmo hori «gehiegi» garatzeko asmorik, PPn eta PSE-EEn aurkako jarrera eragin dezakeelako.
Eudelek «oso funtzio garrantzitsua» betetzen duela argitu du Bildarratzek. Zuzentzen duen erakundeak udalak «babestu, koordinatu eta haientzat lan egiten» duela esan du, baina erakunde zabalago bat espero du etorkizunerako. Euskal Herriaren banaketa politikoa gaindituko lukeen formula juridiko bat bilatzearen alde agertu da; alegia, «udalen errealitateak eta egoerak izate juridiko bakar batean» biltzearen alde.
PSE-EEk Eudeleko presidenteak esandakoaren aurka egin, eta dimisioa aurkezteko eskatu dio. Bildarratzen egitasmoak ez dituela «Eudel osatzen duten guztiak» ordezkatzen ohartarazi dio, PSE-EEko alkateak ez datozelako bat Udalbiltzaren ildoko ekimenekin. «Beste behin, EAJren izenean jardun du, ez Eudeleko presidentearen izenean», uste du PSE-EEk.
Zuzentzen duen erakundea zalantzan jartzea egotzita, kargua uztea galdegin dio Bildarratzi PSE-EEk. Proposamenarekin «aurrera egin beharrean» atzera begira dagoela uste du, eta «iraganeko mamuak» piztu nahi izatea leporatu dio.
«Horrelakoa da bizitza»
Udalbiltza auziko epaiak ez du, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroaren arabera, ezker abertzalea maiatzeko udal hauteskundeetan izateko aukeran eraginik: «Batasunak, legezkoa izan nahi badu, frogatu beharko du ez dela ETAren parte», nabarmendu du.
Espainiako Gobernuak epaimahaiaren erabakia «errespetatu eta onartu» egingo duela adierazi du: «Sententzia zuzenbide estatua bera da, onerako edo txarrerako. Horrelakoa da bizitza».
Epaia «bestelakoa» izatea nahiko lukeela aitortu du Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak: «Ez ditut gogoko horrelako sententziak, baina Justiziak dioena errespetatzea da nire betebeharra». Espainiako Gobernuari ere «adi egoteko» eskatu dio, «ETA-Batasunak hauteskunde zerrendak aurkezten dituenean, horrelakorik gerta ez dadin».
Xanti Kiroga ezker abertzaleko kideak harrigarritzat jo du epaia, «zentzuzkoak» baitira auziaren inguruko irakurketa eta ondorioak: «Horrelako sententzietan, ez dute, normalean, logikak, eskubideek, ezta oinarrizko printzipioek ere agintzen». Absoluzioa beste auzi batzuetara zabaltzeko eskatu du.
Udalbiltza normalizazio politikorako tresna izan daitekeela dio Bildarratzek
Eudeleko presidenteari dimititzeko eskatu dio PSE-EEk; erakundearen balioa zalantzan jartzea leporatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu