Udalbiltza-Udalbide, «geldirik»

1999an sortutako lehen nazio erakundea zatitu ondoren, bere bidea egin du bakoitzak. Azkenaldian, ordea, behera egin du Udalbiltza-Udalbideren jarduerak, eta aurten ez du atera agiririk Aberri Egunean. Iritzi ezberdinak daude han ibilitakoen artean.

Hodei Iruretagoiena.
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Euskal Herriak Europako egituraketan eta instituzioetan nazio gisa jardun nahi duela sinesten dugu, 1999ko Aberri Eguneko Adierazpenean esan genuen bezalaxe, 1933an Donostian gure aurrekoek esan zuten bezala». Udalbiltza-Udalbideren Aberri Eguneko adierazpenaren pasarte bat da, iazkoa. Aurten, lehen aldiz, ez du agiririk atera. Lizarra-Garazi garaian, 1999ko irailean sortu zuten Euskal Herriko lehen nazio instituzioa 1.778 hautetsik, baina bitan zatitu zen hilabete batzuen buruan, prozesua haustearekin batera. Bakoitzak bere bidea egin du geroztik. Udalbiltza-Udalbide izenpean jarraitu zuen sentsibilitatea lanean aritu da geroztik, baina azkenaldian behera egin du haren jarduerak.

Erakundearen webgunea begiratuta (www.udalbide.net), iazko irailekoa da azken berria: Jose Maria Jimeno Jurioren Navarra. Síntesis histórica y geográfica (Nafarroa. Sintesi historiko eta geografikoa) liburuaren aurkezpena. 2012an argitaratu zuten azkenekoz Udalberri aldizkaria, 23. zenbakia. Udalbideko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari, legebiltzarkide eta EAJren GBBko kide Maria Eugenia Arrizabalagarekin jarri da harremanetan BERRIA; adierazi du ez daukatela «ezer esateko» erakundearen egoeraren inguruan.

Camblong: «Udalbide hila da»

Udalbideko zuzendaritzan dihardu Ramuntxo Camblongek, eta, hark jakinarazi duenez, iazko azaroan egin zuten azkenetako bilera, eta aurtengo martxoan azkena, «gauzak ordenean jartzeko»: «Gauza anitz geldituko da: liburuak...». Haren esanetan, «Udalbide hila da, edo lo, bederen». Angeluko Udaleko zinegotzi eta EAJren Ipar Buru Batzarreko kide ere izana da Camblong. «Alderdiburuek nahi dute gelditzea. Ez dakit zerendako den. Ongi litzateke aurrera eramatea, baina estrategia berri bat bada. Fitsik ez dakit».

Jose Luis Mendoza ageri da oraindik Udalbideko zuzendari gisa elkartearen webgunean, duela bi urte utzi zuen arren kargu hori, BERRIAri esan dionez. Aurretik, zortzi urtez aritu zen bertan. Politikagintzaren lehen lerrotik eta instituzioetatik aparte dabil orain, irakaskuntzan. «Ikusle» gisa jarraitzen du gaur egun egoera, eta «ilusioz» begiratzen die nazio instituzioak izan ditzakeen aukerei. «Oso tresna garrantzitsua da; jarraitu behar da egiten».

Izan ere, Mendozaren «iritzi pertsonala» da ez dagoela arrazoirik bi Udalbiltza egoteko. «Udalbiltza bakarra behar litzateke. Badaude elkartzeko moduak, argudioak. Pertsonalismoak aparte utzita, zaila egiten zait ulertzea zergatik gertatzen den hori».

Udalbiden aritu den urteetan «oinarrizko Euskal Herria» ezagutu duela dio, «proiektu konkretuetan». Garrantzitsutzat du lan modu horretan jarraitzea, eta begi onez ikusten du, esaterako, iaz berrantolatutako Udalbiltzaren Pirinioetan Lan eta Bizi egitasmoa: «Nafarroako ikuspegitik, martxan jarri diren neurriak xumeak direla eman dezake, baina horrek ahalbidetu ditzake urrats handiagoak. Herri maila horretan egiten jarraitu behar dugu».

Euskal Herriko hautetsien biltzarrean sinesten duten sentsibilitate guztien indarrak proiektu beraren alde jartzeko baldintzak badirela uste du Mendozak: «Hainbat urtetan sortu diren mesfidantzak egun gutxitan ez dira gainditzen, baina errazagoa da orain. Baldintza ezin hobeak daude. Geure esku dago, baina batzuek esku txikiak ditugu orain, eta besteek esku handiagoak. Alderdikeriak alde batera uzten badira, posible da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.