Hauteskunde garaia hizpide izan du Joseba Egibarrek, Gipuzkoatik Nafarroara. Baita Udalbiltzaren etorkizuna ere.
Gipuzkoarako, zehazki, hauteskundeei begira zer aurreikuspen egin duzu?
Inportantea litzateke alderdi politiko guztiak egotea. Hasteko. Iragan hurbilean ikusi ditugu batzuen eta besteen emaitzak. Batasuna lehen indarra ere izan da, eta azkeneko hauteskundeetan boto baliogabeak itzal handia izan zuen, eta alderdi sozialistarenak ere bai. EAJk ordezkatzen duen abertzaletasuna Gipuzkoan erabat hedatua dago, eta Gipuzkoako ardatz bihurtu da. Hor dator Batu Gaitezen formulazioaren gakoa. Bi zutabe nagusi ezinbesteko dira etorkizuneko proiektu politiko bat garatu ahal izateko. Bata giza eskubide guztien errespetua da, eta bestea, herri aitortza eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Bi zutabe horien gainean eraiki beharko da etorkizuneko proiektua. Bai batarekin bai bestearekin gabezia nabarmenak izan dituzten alderdiek indar handia dute Gipuzkoan: ezker abertzalea bera eta alderdi sozialista. Gipuzkoan, nabarmen, abertzale botoa nagusi da, eta etorkizunari begira eta abertzaletasunaren etorkizunari begira, nahiz eta tokian tokiko abertzale itzala eta erakundeak errespetatu, noski, Gipuzkoan zer egiten den garrantzi handia izango du. Hori kudeatu behar da errespetuz, errespetua da gakoa; denak gara beharrezkoak.
Markel Olanok aipatzen duenean abertzaleen arteko lankidetza behar dela PSE-PP itunari erantzuteko eta ez dadin zabaldu diputazio eta udaletara, zer esan nahi du?
Garai berri bati ezin zaio eskema zaharrekin erantzun. PPk eta PSOEk, ahal badute eta zenbakiek ematen badiete, bat egingo dute. Horiek daukaten asmoa edo bokazioa da. Urteetan edo urteetarako beraiek bataiatutako «aldaketa politiko» horri bide eman nahi die, soka eman nahi die. Herri bat errespetatu beharrean herri hori aldatu egin behar dela pentsatzen dute. Tandem horri, PSOE eta PP tandem horri, aurre egin behar zaio. Hori zer da? Norberak bere aukera bozkatzea, hasteko. Denak posible izango ahal dute nahi duten aukera bozkatzea, adibidez, ezker abertzalea? Zalantzan dago. Formula gero gobernatzeko? Kanpaina honetan argi eta garbi ikusten dugu aurre egin behar zaiola PSOE-PPri, eta ilegalizazioaren aldeko apustua egiten badute, oraindik gehiago, nabarmenago. Zer da, hor zintzilik gelditzen diren botoak biltzeko? Politikan gaude, etsaia non dagoen garbi finkatzen baduzu, haren aurka joan behar duzu. Gero, horrekin gobernatzeko? Ezta pentsatu ere; logika baten barruan ezin duzu gobernatu horrekin. Zeinekin? Gainerako guztiekin, ahal duzun moduan. Ezin diozu PSOEri eta PPri aldaketaren ziurtagiria zuk eskaini.
Aralarrekin duela gutxi bildu zarete. Sintonia ona dago?
Aralarrekin, Gipuzkoako Batzar Nagusietan legegintzaldiaren hasieran akordio batzuk lortu genituen abstentzioaren eskutik, baina azkeneko bi urteetan ez. Aralarrekin sintonia bat egon da, arlo politikoan, baina egia da, arlo sozialean, fiskalitatean eta azpiegituretan diferentziak badaudela. Komenigarria ikusi genuen bilera bat egitea, jakiteko bakoitza non dagoen. Sintonia politikoa badago.
EAJk ez al du ikusten Aralar aliatu taktiko modura, ikusita azkenaldian Nafarroa Bairekin zer pasatzen ari den?
Gaia pil-pilean dago. Firma jarri, kendu; ez dakit zer dabiltzan. Eusko Alkartasunaren ibilbideak, niri zera sortzen dit, ez da sentsazio ona. Zilegi da. Momentu honetan, EAk bi kontratu sinatu ditu, eta kontratu horiek ez dira uztargarriak. Gero dator, iragan hurbiletik, hamar urteotan sortu baita, ezker abertzalearen garapen horretan ezker abertzaleko Aralarrek edo Aralarrekoak diren ezker abertzaleko horiek bere espazio politikoa markatu dute Nafarroan. Ezker abertzale ofizialak, historikoak edo Batasunaren ezker abertzaleak momentu honetan non eta Nafarroan proiektu bat martxan jartzeko garai eta puntu honetan Aralar bat edukitzea aurrean ez du gustuko. Eskema sinpleekin azal daiteke hori. Ezker abertzalearentzat Nafarroan arazoa ez da EA, ez da EAJ, Aralar da, tamainagatik, ibilbideagatik eta iragan hurbilean etxe berekoak direlako. Horrek edukiko du bere osaketa eta konponbidea. Tartean gu gaude.
EAJk ez al du presioa egin ezker abertzalea ez sartzeko NaBain?
Presioa ez; guk iritzia eman dugu.
«Sartzen bada gu ateratzen gara» esan duzue.
Tira, hori... gu ateratzeak ez dio inongo kalterik egingo. Eta Gipuzkoan zergatik ez, edo Araban, edo Bizkaian? Oso hurbiletik bizi izan dute prozesu hori bai Batasunekoek bai Aralarrekoek. Logika baten barruan ibilbidea egin behar zuten EAJk eta EAk. Zer gertatu da? Momentu batean EAk esan duela: «Puntu honeta iritsi gara, eta EAJren itzala izatea ez dugu gustuko». Orain, ezker abertzalearekin. Niretzat, hanka-sartze estrategikoa da, gainera, atzera bueltarik ez duena. Guk soziologikoki ezin dugu ezker abertzalea ordezkatu, eta beraiek gu ere ez. Hor dago Aralar eta Batasunaren arteko lehia hori. Gu erabakigarriak gara? Ez. Guk gure posizioa daukagu. Nik ez dut ikusten momentu honetan Batasuna Nafarroa Bairen barruan.
Eta garai berriak etorrita, aukera hori egon da lehen indarra izateko Nafarroan, ezta?
Ez dakit gero elkar zenbatzeko aukera egongo den. Baina Nafarroan, bai garai batean Herri Batasunak eta azken urteotan Nafarroa Baik lortutako emaitzak kontuan edukitzekoak direla eta PSNk eta UPNk badakite hori. Ikusiko dugu zertan bukatzen den Nafarroakoa. Gehiegi behartzen bada ez da ona izango. Eta gehiegi ari gara behartzen denok. Naturaltasun baten barruan ezker abertzaleak badu Nafarroan lau haizetara zabaltzeko bere mezu propioa. Eta NaBaik badu beste ukitu bat. Diferentziak nabarmendu egin dira azken urte hauetan.
Udalbiltza auziaren epaia etorri da, absoluzioarekin, eta, Jokin Bildarratzek berak aipatu bezala, Udalbiltza edo antzeko erakunde bat berpizteko aukera dago?
Udalbiltza-Kursaalek epaiketa luze bat eduki du, eta errugabetzat jo dituzte denak. Hori pozteko notizia da. Etorkizunari begira, Udalbiltza hor dago, ez da gauza berri bat asmatu behar, hor dago. Hasierako oinarriak indarrean daude, gure ustez. Iragan hurbil honetan eduki ditugun giza eskubideen inguruko gabeziak gaindituta baldin badaude, eta espero dezagun hala izatea, Udalbiltzak etorkizun berri eta oparoa eduki dezake. Baina pausoz pauso. Hor badago elkarlanerako esparru bat, abertzaleen artean edo abertzale ez izan arren, Euskal Herria existitzen dela aitortzen dutenentzako, sozialistak barne edo berdin zait zein alderdikoak izan.
«Udalbiltzak etorkizun berri eta oparoa eduki dezake»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu