Udalbiltzaren aurkako epaiketako bigarren eguna izan dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta zortzi auzipetuk deklaratu dute, 10:16-13:51 artean: Xabier Iragorri, Exper Iriarte, Jasone Astibia, Urko Irastorza, Maribi Ugarteburu, Juan Carlos Alduntzin, Ibon Arbulu eta Miren Odriozolak. Larraitz Sanzberro ere bazen mintzatzekoa baina, haren txanda heldu zenean, epaimahaiak ostegunera arte eten du epaiketa. Orduan deklaratuko du Sanzberrok; bera baino ez da falta -atzo 11 auzipetu mintzatu ziren-.
Atzokoa gertatu da gaur: Fernando Moral fiskalaren eta Dignidad y Justicia herri akusazioaren galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan dira, ez ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratuak. EHNA agiria, Zuberoa Garatzen, giza eskubideen aldeko karta eta beste zenbait ekimenez galdetu dute. Ugarteburu Amorotoko alkate ohiak adierazi du lan horien berri beti ematen zutela. Izan ere, haren esanetan, egindako lana publiko egiten zuten, eta alderdi sozialistako eta PPko hautetsiei ere ematen zieten erakundearen berri. "Erabat gardena eta publikoa izan da beti Udalbiltzaren lana".
Iragorri Oiartzungo alkateak azaldu du udalen diru laguntzen bidez Kuba, Nikaragua, Sahara eta beste hainbat herri lagundu izan dituztela. "Baina badago kontraesana: guk ezin dugu lagundu Zuberoa, baina bai, adibidez, Kuba". Zuberoa Garatzen egitasmoaren helburua herrialde horretan ezinbesteko ziren lanpostuak sortzea zela kontatu du. "Baina ez hori bakarrik; garapenean lagundu eta elkarlanean sakontzea genuen helburu. Elkartasuna da funtsa; 'elkartasuna', esaten horren erraza den hitz hori eta egiten horren zaila dena".
Abiadura handiko trenaren (AHT) gaia ere atera dute gaur akusazioek, Udalbiltzak sortu zituelakoan AHTaren aurkako plataformak. Alduntzin Pasaiako alkate ohiak ihardetsi du "gezurra" dela hori, eta Udalbiltzari hori egozteak "akusazioen zorroztasun falta" erakusten duela.
Akusazioek, halaber, diote Udalbiltzak "gobernu paraleloa" izan nahi zuela eta arlokako batzordeak ministerioak izango liratekeela, baina Iriarte Iruñeko zinegotzi ohiak esan du Udalbiltza ezin dela "gobernu paralelo" gisa hartu. Antzekoa adierazi du Astibia Zubietako zinegotzi ohiak: "Nik ministeriorik ez nuen ikusi; lan taldeak ikusi nituen". Ugarteburu: "Gure helburua ez zen ordenu konstituzionala aldatzea; ezinezkoa zen hori, guk ezin genuelako halakorik egin".
Honek, gainera, ziurtatu du "Udalbiltza-Kursaal" ez dela existitzen. "Atxilotuak izan zirenean entzun nuen lehenengoz hitz hori irratian; "Udalbiltza-Kursaal"-ekoak atxilotu zituztela. Ez nuen ezer ulertzen".
Zazpi urtean mezu bera: ETArekiko menpekotasunik ez eta pluraltasuna
2003ko apirilean operazioa izan zenetik esandakoa esan zuten atzo auzipetuek epaimahaiaren aurrean: eurak ez direla ETAkoak eta Ekinekoak eta Udalbiltza ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu. Guztiek zioten Udalbiltzako kide denak zirela erabakiak hartzen zituztenak. Gaur gauza bera azpimarratu dute. "ETAk eta Ekinek ez zuten inolako agindurik ematen edo irizpiderik zehazten Udalbiltzan", adierazi du Irastorza Lazkaoko zinegotzi izandakoak.
Alduntzinek, gainera, jakinarazi du alkateek erabaki zutela Udalbiltzaren 1999ko irailaren 18ko sorrera ekitaldia antolatzea, Iruñean Carlos III.ean egindako bilera batean hartu zutela neurri hori.
Aniztasuna azpimarratu du Ugarteburu Amorotoko alkate ohiak: "Udalbiltza sekula ez da ideologia bati mugatua egon; areago, pluraltasuna mantentzen sutsu saiatzen da. Sigla politikoen mugak gaindituta lan egitea zen gure bokazioa". "Irizpide demokratikoak oinarri" hartuta egin izan dute beharra, haren iritziz. "Eskubide zibil eta politiko guztien alde egitea zen helburua".
Hala, Udalbiltza, norbanakoen eskubideen alde ez ezik, autodeterminazio eskubidearen alde izan dela azaldu du Odriozola Azpeitiko zinegotzi ohiak, "bakea nola lortu kezka" zutelako.
Udalbiltza Euskal Herriaren aldeko egitasmoa dela ere nabarmendu zuten atzo auzipetuek. "Bakea, hitza eta errespetua oinarri hartuta, euskal naziotasunaren aldeko lana egiten du Udalbiltzak", esan zuen Oskar Goñik. "Udalen arteko elkarlana sustatzea eta Euskal Herriaren alde egitea ziren helburuak", adierazi du Ugarteburuk gaur.
Halaber, ziurtatu dute Udalbiltzak ez zuela 2003ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako herrialde eta herri plataformak sortzeko lanik egin -Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabe jo zituen plataforma horiek, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoarekin zerikusia zutelakoan-. "Prozesamendu autoan irakurri nuenean hauteskundeetarako plataformak sortu nahi genituela, begioker geratu nintzen ia", esan du Amorotoko alkate ohiak. "Hori bakarrik behar genuen! Bestela ere ez genuen ba nahikoa lan! Batasuna berrosatu nahi genuela esatea ere zentzugabea da".
Alkate eta zinegotzi ziren garaian nazio instituzio bat sortu eta haren bitartez nazio eraikuntzan saiatzeagatik ETAko kide izatea egozten diete auzipetuei Fiskaltzak eta Dignidad y Justicia herri akusazioak. 10 eta 23 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte haientzat.
Epaimahaia Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak -Egunkaria auzian ere hala izan zen- eta Manuela Fernandez Prado eta Javier Martinez Lazaro epaileek osatzen dute.
21 auzipetu daude orain
22 auzipeturekin hasi zen atzoko saioa, baina hogei minutura epaimahaiak jakinarazi zuen Miriam Campos auzipetua ez duela epaituko. Izan ere, Campos 18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zuten, eta epaimahaiak dio ezin dela berriro epaitu gauza beragatik -ETAko kidea izatea egozten zioten orain ere-. Campos preso dago egun aurreko auziagatik.
Xabier Alegria da Udalbiltza auziko beste presoa -18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zuten, ETAko kidetzat jota-, baina hau epaitzea erabaki du epaimahaiak, orduan "diru kontuen erabilera okerrari" buruzko akusazioengatik ez zutela epaitu esanda.
Beste auzipetu bat, berriz, ez zen azaldu auzitegira: Xarlo Etxezaharreta Hazparneko hautetsi ohia. Horixe iragarri zuen berak duela egun batzuk. “Madrilekin problemak ditugularik, ez gehiago erantzutea erabaki dut”, azaldu zuen duela egun batzuk. Hura bilatu, atxilotu eta espetxeratzeko agindu du Gomez Bermudez epaimahaiburuak.
Datorren ostegun eta ostiralean jarraituko du epaiketak. Ondoren, irailean segituko dute, 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an.
udalbiltza auzia
"Udalbiltzaren lana beti gardena eta publikoa" izan dela diote auzipetuek
10:16-13:51 artean deklaratu dute gaur auzipetuek Udalbiltzaren kontrako epaiketako bigarren saioan. Ostegunean segituko du; auzipetuen artean Larraitz Sanzberro falta da deklaratzeko. Akusazioaren galderak ekimen, proiektu eta lan politikoei buruzkoak izan dira, ez ustezko delitu zehatzen bat frogatzera bideratuak. "Guk ezin dugu lagundu Zuberoa, baina bai, adibidez, Kuba", esan du Iragorrik. Alduntzinek akusazioen "zorroztasun falta" salatu du (=lhemen gaurko deklarazioen laburpenak==http://www.berria.info/albisteak/42515/auzipetuen_gaurko_deklarazioen_laburpenak.htm=l). Auzipetuek berretsi dute udal erakundea ez dela ETAren eta Ekinen menpe aritu. Udalbiltzaren aurkako epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu