Hiriak klima larrialdira egokitzeko neurriak, hankamotz

Klima larrialdiari aurre egiteko jartzen diren 831.000 milioi euroetatik, 10.000 milioi soilik erabiltzen dira hiriak egokitzeko. Indarrak egokitzapen lan horietara bideratu behar direla iritzi dio BC3ko ikerlari Olazabalek.

Marta Olazabal, BC3ko ikerlaria, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Marta Olazabal, BC3ko ikerlaria, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Donostia
2025eko ekainaren 20a
17:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Udalek gero eta barneratuago dute klima larrialdiaren aurka egin behar dutela. Europan, iaz, 1.151 udalek zuten aldaketa klimatikoaren planen bat, hau da, udalen %51k; 2008an, ordea, %26 soilik ziren. Aurrerapausoak eman direla onartzen duen arren, gai bati dagokionez oraindik hankamotz daudela iritzi dio Marta Olazabal BC3ko ikertzaileak: egokitzapen klimatikorako neurrien ebaluazioa. «Ikasten ikasi behar dugu. Testuingurua denboraren poderioz aldatuko da, eta tresnak behar ditugu jakiteko orain hartzen diren neurriak eraginkorrak izango ote diren bost edo hamar urte barru», azaldu du Olazabalek EHUren udako ikastaroen barruan antolatutako hitzaldian.

Hitzaldia eman du gaur Olazabalek udalerriek klima egokitzapenaren inguruan indarrean dituzten neurriei buruz, Donostiako Miramar Jauregian. Argitu duenez, klima larrialdiari aurre egiteko hartzen diren neurrien artean, hirien egokitzapenean egiten da inbertsio gutxien Europan: 831.000 milioi euroetatik 10.000 milioi soilik jartzen dira horrelako politiketarako. Eta are urriagoak dira neurri horiek ebaluatzeko baliabide ekonomikoak.

Baina, zer dira klima egokitzapen politikak? Eta zergatik da inbertsioa txikiagoa? Adibide baten bidez azaldu du BC3ko ikerlariak: «Parke bat edo berdegune bat eraikitzea izango litzateke, finean, klima egokitzapenerako neurri bat. Arazo bat dute, ordea: zailagoa da haien eragina neurtzea, eta onurak ez dira hain zuzenak. Eguzki plakak jartzen badituzu, erraz jakingo duzu zenbat energia lortzen duzun; parke bat jarrita, zaila da jakitea zehazki zer onura dituen osasunean, adibidez».

«Eguzki plakak jartzen badituzu, erraz jakingo duzu zenbat energia lortzen duzun; parke bat jarrita, zaila da jakitea zehazki zer onura dituen osasunean»

MARTA OLAZABAL BC3ko ikerlaria

Arazoak arazo, hiriak klimari egokitzen saiatzeko neurriak hartzen jarraitzeko beharra azpimarratu du Olazabalek. Hain zuzen ere, neurri horiek pertsona zaurgarrienei mesede egiten dietelako gehien bat. «Parkearen adibideari tiraka, prest dago denek erabil dezaten? Ikusi behar da nola egokitu umeentzat, zaharrentzat edota haurdun dauden emakumeentzat». Hala ere, gaitzetsi egin du egun udalek talde zaurgarriekin duten jarrera afera horri dagokionez: «Europako 885 hiriren planak aztertu genituen, eta egokitzapen planak zituztenen artean %5ek soilik hartu zituzten aintzat talde zaurgarriak». Are gehiago, Olazabalek salatu duenez, erabakiak hartzerakoan GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta auzokide taldeak gonbidatzen dituzten udal «oso gutxi» daude; «nahiz eta haiek ezagutu ondoen pertsona zaurgarrien interesak».

Askotariko erak

Milioi bat biztanle baino gehiago dituzten 136 hiri ikertu dituzte, eta horietako 46k soilik aipatzen dute klima egokitzapena eta hori neurtzeko beharra; are, horietako 11k soilik ezarri dituzte ebaluazioa egiteko neurgailuak. Eta, datuak biltzen ari diren hirien artean ere ezberdintasunak «nabariak» dira, Olazabalek adierazi duenez: «Glasgowk [Eskozia] sei ditu, eta Montrealek [Quebec], ordea, 1.602». Alde hori, hala ere, normala iruditzen zaio Olazabali. Izan ere, egokitzapenaren inguruan ezarrita dauden helburu globalak «hain dira orokorrak», ezen «zaila den politika zehatz batzuen bidez ezartzea». Gainera, arazoa politikatik harago doala azpimarratu du ikerlariak: «Arazo zientifiko bat da gaur egun. Erabaki beharra dago zer metrika diren egokienak».

Arazoak identifikatzeko gaitasuna egon badagoela aipatu du Olazabalek, baina nabarmendu du kasuen %48tan ez dela proposatzen arazo horiei aurre egiteko erarik. Bestalde, adierazi du «arazo larrienak» identifikatu ohi direla eta alde batera uzten direla «luze gabe sortu daitezkeenak»: «Laster sortu daitezkeen arazo klimatikoei ez diegu jaramonik egiten, eta luze gabe oso garrantzitsuak izan daitezke. Horregatik da ezinbestekoa datuak pilatzea».

Hiriak «sistema oso konplexuak» direnez ahal bezainbeste datu bildu behar direla uste du Olazabalek, hiriak are bizigarriagoak egiteko neurriak hartze aldera: «Ezin da zerbait kudeatu haren inguruko daturik izan gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.