Udalek obeditzeari uko egin ziotenean

30 urte dira Hego Euskal Herriko zenbait udalek Espainiako armadarekin harremanak lehenengoz eten zituztenetik, mugimendu antimilitaristak sustatuta. Gero, desobedientzia zibileko ildo horrek dozenaka auzibide eragin zituen alkateen kontra, hainbat epaiketa; baita zenbait zigor ere.

Lezo. Mikel Arrizabalaga Lezoko alkatea epaitegian, epaiketaren aurretik, Jose Luis Elkoro eta Iñigo iruinekin. BERRIA.
Jon Rejado.
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Berako eta Lezoko udalak izan ziren urratsa egiten lehenak.«Gune desmilitarizatu» izendatu zituzten herriak Nafarroa eta Gipuzkoako udalerri horiek. 30 urte dira hura gertatu zela. Espainiako armadarekin zituzten harremanak eten zituzten: soldadu joatekoak ziren gazteen zerrendak osatzeari utzi zioten, gazteen uniformeetarako neurketak ez zituzten egin... Eta, desobedientziaren ondorioz, alkateek zenbaitetan joan behar izan zuten epaitegira. Bide hori hartu zuten lehenak izan ziren, baina ez azkenak. Gerora, dozenaka alkatek armadaren aurkako desobedientzia zibilaren bideari jarraitu zioten, baita epaitegienari ere.

Hego Euskal Herriko 520 udalerrietatik 140k onartu zituzten intsumisioaren aldeko adierazpenak garai hartan. Gasteiz eta Bilboko udalak, besteak beste, intsumisioaren aldeko jarrera erakustera mugatu ziren, eta gazteei kontzientzia eragozpena agertzera animatzera. Ordea, aipatu 140 udal horien erdiek baino gehiagok desobeditzearen alde egin zuten. Ondorio argia izan zuen: 1999. urtean, Espainiako Defentsa Ministerioak 73 udalen aurkako auzibideak zituen martxan, eta, ordurako, hainbat alkatek auzitegietara joan behar izan zuten.

Bera eta Lezora heldu ziren lehen salaketak, baina, gerora, Hego Euskal Herri osoan zabaldu ziren: Nafarroan, Bakaiku, Etxauri, Arantza, Ziordia...; Bizkaian, Bermeo, Igorre, Arantzazu...; Araban, Agurain; Gipuzkoan, Urretxu, Zarautz... Eta, salaketen ostean, epaiketak heldu ziren. Besteak beste, aurten hogei urte bete dira Jose Julian Irizar Zumarragako alkate ohia epaitu zutenetik, armadarekin kolaborazioa eteteagatik.

Kanpaina luzearen pieza

Udalen desobedientzia zibila testuinguru argigarri batean gertatu zen. 1980ko hamarkadatik, mugimendu antimilitarista etengabeko igoeran zegoen, eta hamaika lan ildo abiarazi zituen armadaren aurka. Horietako bat izan zen udalen intsumisioa. Bide horretan aurrera egiteko, udal ordezkariekin harremanetan jarri, eta armadarekin harremanak etetearen aldeko mozioak sustatu zituzten. Edonola ere, intsumisoen koordinakundean kezka kutsu bat egon zen:alderdiek egoerari etekin politikoa atera nahi izatearen arriskua ikusten zioten. Hausnartu zuten mezu politikoa antimilitarismoarekin nahastuz gero urteetako lana «pikutara» joan zitekeela.

Alkateek berretsi dute intsumisoen mugimendua izan zela prozesu guztiaren ardatz nagusia. Juan Karlos Goienetxea Bermeoko alkate ohiak argi esan du: «Intsumisoek erdietsi zituzten lorpenak; gu, administraziotik, laguntza egokiena ematen ahalegindu ginen». Era berean mintzatu dira Jose Julian Irizar eta Pello Gonzalez, Zumarragako eta Urretxuko alkate ohiak, hurrenez hurren. Dena den, gaineratu dute funtsezkoa izan zela mugimendua zabaldu izana.

Irizarren iritziz, horrek derrigorrezko zerbitzu militarra amaitzeko pausoak azkartu zituen. «Ez dut esango derrigorrezko soldadutza amaitu zuenik, baina lagungarria gertatu zen». Pello Gonzalezek ere balio handia aitortu dio, testuinguru zabala kontuan hartuta: «Intsumisoen taldeak funtsezkoak izan ziren, haiek egin baitzuten bultza; baina garrantzi handia izan zuen administrazioek horrekin bat egiteak, aktiboki eragiteak».

Tokiko administrazio publikoen desobedientziaren eragina ezin da zehaztu. Oroitarazi behar da 1995. urterako 4.783 intsumiso zeudela erroldatuta, eta, urte horretan bertan, 227 zeudela espetxeratuta. Edonola ere, argi dago Espainiako Gobernuak prozesua azkartu zuela. 1996an, Frantziako Gobernuak derrigorrezko zerbitzu militarra bertan behera utzi zuen urtean, Espainiakoak epemuga bat ezarri zion soldadutzari: 2003. Ordea, aurreikusi baino bi urte lehenago, armada profesionalerako jauzia egin zuen Jose Maria Aznarrek. 2001. urtean, derrigorrezko zerbitzu militarra amaitu zuen.

Mozioak gora luze gabe

Behinik behin, intsumisioaren aldeko mugimenduaren ekinbidearekin bat egin zuten udalek kolore argia zuten. Batez ere EAren eta HBren agindupean zeuden udalek hartu zituzten aintzat intsumisoen eskaerak; EAJk eta EEk ere babesa eman zioten ekinbide horiei, maila apalago batean. Azkar zabaldu ziren desobeditzeko prest zeuden udalerriak. 1987an hasi zuten bidea Bera eta Lezoko udalek; 1990ean, 60tik gora ziren udal intsumisoak Hego Euskal Herrian.

Mozio guztiek norabide bera bazuten ere, udalek egokitzapenak ere egin zizkieten, kasu batzuetan. Jose Julian Irizarrek gogorarazi du udalak 1993. urtean hartu zuela azken erabakia, baina aurretik onartu zuela ez sustatzea soldadutzaren ordezko gizarte zerbitzua, 1990ean; hots, soldadu ez joateagatik ezartzen zen lana. Pello Gonzalezek oroitu du zerbitzu bat abiarazi zutela, herriko gazte intsumisoei doako laguntza juridikoa eskaintzeko.

Goienetxeak gaineratu du mozioa onartuta udal askok «iparra» zehaztu zutela. «Udal batean eguneroko gaiak kudeatu behar dituzu, baina, maila politikoan, ipar bat behar duzu: antimilitarismoa izan zen udal askoren iparra garai horretan». Erabaki politikoa izan zen heinean, arduradun politikoen sorbaldetan utzi zuten ekar zitzakeen zigorrak. Hain zuzen ere, zenbait udaletako funtzionarioek kezka izan zuten, erabaki politikoak nola eragingo zien. Kasu guztietan erabaki bera hartu zen: erabakiaren erantzuleak arduradun politikoak izan ziren.

Izan ere, mozioak onartu zituzten udalak areagotu ahala, hein berean ugaldu ziren Espainiako fiskalak abiarazitako auzibideak, Defentsa Ministerioaren eskariei erantzunez. Orduan hasi ziren, era berean, epaitegien aurreko argazkiak. Irizarrek gogora ekarri du 1997. urtean epaitu zutela, Bergaran; ordurako ez zen Zumarragako alkate, Gipuzkoako Garraio diputatu baizik. «Carlos Garaikoetxea, Inazio Oliveri, Rafa Larreina... EAko agintari nagusiekin heldu nintzen epaitegira». Irudi hura ikusi zen EAko alkateen epaiketa guztietan.

Irizarrek gogora ekarri du prozesua «luzea» izan zela. Aurrez, zenbaitetan joan behar izan zuen epaitegira, zigor eskaerak... «Epaiketa haietan parte hartzen zutenentzat, ez zen gustukoa haien jarrera defendatzea», hausnartu du. Gauza bera uste du Pello Gonzalez Urretxuko alkate ohiak. Epaiketan argudiatu zuen epaitua izaten ari zela frankismoaren lege bat urratzeagatik. «Fiskalak ez zuen ondo hartu, eta, epaiketa amaitzean, esan zidan halako egoerek ataka zailean uzten zituztela». Edonola ere, Gonzalezek nabarmendu du epaiketetara joan ziren ordezkari publikoak egiten ari zirena sinetsita joan zirela. «Ez gentozen bat legearekin, eta hori aldatzeko lan egin genuen, ondorio kaltegarriak jasan genitzakeela jakinda».

Desobedientzia zibilaren alde egin zuten udaletako asko Eudiman elkartu ziren, Euskal Udal Intsumituen Mankomunitatean.

Isunak eta ezgaitzeak

Eta ondorio kaltegarriak heldu egin ziren. Manuel Campos HBko Etxarriko alkate ohia (Nafarroa) izan zen zigorra jaso zuen lehena, 1993. urtean. Kargu publikoak betetzeko sei urterako ezgaitu zuten, eta 200.000 pezetako (1.200 euro) isuna jarri zioten. «Intsumisioaren alde egindako lana oso positiboa izan zen, epaiketaren garaia gogorra izan bazen ere», oroitu du. Jose Julian Irizar hilabete baterako ezgaitu zuten, eta 100.000 pezetako (600 euro) isuna jarri. Beste asko ere zigortu zituzten. Ordea, absoluzioak ere izan ziren. Juan Karlos Goienetxea hainbatetan errugabetu zuten, eta Pello Gonzalezek ez zuen inoiz bete jarri zioten zigorra, amnistiatu egin zutelako.

Urteen joanarekin, alkateek bi norabideko hausnarketa egin dute. Batetik, Goienetxeak aurretik aipatutako «ipar politikoen» garrantzia berretsi dute. Alde horretatik, denboran gertu dauden bi gertakizun aipatu ditu Irizarrek: Espainiako Gobernuak Itsaso Ezkiotik banatzeko prozesua baliogabetu izana, eta Donostiako zezenketei buruzko galdeketa ez baimendu izana. «Mugimendu horiek udalen babesa izatea garrantzitsua izan daiteke». Testuinguru horretan, 1985etik aurrera egindako bidea gogoratu du. «Intsumisioa oso tresna ona da, eta ez bakarrik soldadutzaren aurka borrokatzeko; ematen du jendeak ahaztu egin duela».

Gonzalezek ere intsumisioaren erabilgarritasuna utzi du agerian: «Historiak erakutsi digu bide horretatik gauzak lor daitezkeela. Helegiteak jartzean, askotan, aurreikus daiteke zein izango den emaitza; beste pauso bat eman daiteke». Baina, bestetik, armaden eta militarismoaren beraren egoeraz ohartarazi du Goienetxeak. «Suediak derrigorrezko zerbitzu militarra berrezartzeko asmoa agertzeak hotz utzi ninduen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.