Udalekiko erlazioak euskaraz izateko kanpaina hasi du EHEk

Eskariak bidaltzeko deia egin diete herritarrei; herri bakoitzean egoera zein den, eskari mota bat edo beste izango da

Lehen urrats gisa, galdegin duten herritarrei euskaraz egiteko eskatuko dute EHEren kanpainarekin. BOB EDME.
Erredakzioa
Baiona
2013ko abenduaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herritarren eta udalen arteko harremanetan euskara erabiltzeko, kanpaina bat hasiko du EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Herritarrak abiarazi nahi dituzte horretarako; proposamena da herritar bakoitzak gutun bat bidaltzea herriko udalari, eta haren bidez eskatzea aurrerantzean dituzten harremanak euskarazkoak izatea. «Euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu, eta harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratuko diegu». EHEren taldeak dituzten herri batzuetan hasiko dute bidea, baina Interneten jarri dituzte eredu gisako gutunak, edonork idazteko aukera izateko.

Senperen (Lapurdi) aurkeztu zuten egitasmoa, atzo. Aurrekari bat bada herri horretan: iaz, herriko etxeari eskatu zioten herriaren izena euskaraz jar dezala. Ez ziren bakarrak izan; Faltzesen ere (Nafarroan), gisa bereko eskari bat egin zioten udalari. «Hori da baliatu nahi dugun eredua. Herritar eta norbanako talde zabalak batu nahi ditugu». EHEk nabarmendu du herritarren hurbileneko erakundeak direla udalak, eta eskubideak errespetatzea dagokiela.

Herri batzuen eta besteen egoera ez da berdina, ordea. «Errealitate latz bezain konplexua dugu euskaldunok gure geografiaren barnean», aitortu du EHEk. Oinarrizko eskari bat jarri dute mahai gainean, beraz, lehen pauso modura: «Eskaera egin duen herritarraren eta eskaera jaso duen herri administrazioaren arteko harremana euskaraz izatea».

Herriz herriko eskariak

Herri batzuetan hori bermatzen dute dagoeneko, baina EHEk dio horietan ere badagoela zer egina. «Langileak, bandoak, publizitate euskarriak, kale izendegiak eta abar ez dira euskaldunak. Horren haritik, oinarrizko eskaera hori tokiko errealitatearen arabera moldatzea planteatzen dugu». Herriz herri zehaztu nahi dute zein eskari litzatekeen egoki.

Udalei urratsak eskatuko dizkiete. «Eskaerek jasotzen duten erantzunaren edo erantzunik ezaren arabera, beste urrats bat planteatuko genuke». Badakite, nolanahi ere, arazoak izan daitezkeela bide horretan. Udal batzuen aurkako auzibideak abiatu ditu Espainiako Estatuaren abokatuak, hizkuntz irizpideak txertatu dituztelako udalaren jardunean. Horren aurka, mosaiko bat egin zuten Zarautzen (Gipuzkoa), azaroan. Beste pauso bat eman nahi du orain EHEk: «Euskararen alde egotetik harago, urratsak egin, eta euskararen alde egiteko bide gisa planteatzen dugu».

Gutuna igortzeko adibideak-eta EHEren webgunean eskura jarri dituzte. Udalak eta biok, euskaraz edo Herriko etxeak eta biok, euskaraz izeneko atalean klik egin behar da horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.