Udaletxea ere, okupatuta

Udal ordezkariekin bilera egitea eskatzeko, udaletxe barruan eserialdia egin dute Kukutzaren aldeko 40 lagunek. Eraikina itxita egon da ia ordu erdiz.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Kukutza proiektuak Errekalde auzoan eta hiriburu osoan duen babesa eta legitimazioa tresna bihurtu da gaztetxekoentzat, eta Bilboko udal ordezkariak jendaurrean nola erantzun asmatu ezinik dabiltza. Atzo eguerdian, 40 lagun inguru udaletxera sartu ziren, eta udal ordezkariekin hitz egiteko eskatuz, eserialdia egin zuten. Udaletxea itxi egin zuten udaltzainek. Ohiko kudeaketak egitera joandako herritarrek ere ez zuten sartzerik izan ia ordu erdiz.

12:30ean zegoen jarrita ordua udaletxean, eta minutu gutxira barruan zeuden gaztetxearen aldeko 40 bat lagun. Izapideak egitera doazenek zein langileek erabiltzen duten alboko atetik sartu ziren —ate nagusia itxita egoten da—, eta ondoko korridorean eseri. Iñaki Azkuna alkatearekin eta Hirigintza zinegotzi Ricardo Barkalarekin biltzea eskatu zuten.

Haiekin ez, baina Txema Oleagarekin bai. PSE-EEko zinegotzia udaletxetik ateratzen ari zela harrapatu, eta kalean bertan auzia azaltzeko aukera izan zuen Errekaldeko auzo elkarteko kide batek, baita Cabisarekin lotutako polemikaren berri emateko ere. Informazioa igortzeko eskatu zion Oleagak. «Kukutza kultura libreko proiektua da, eta babestu behar da, ez dagoelako horrelako askorik. Okupazioari dagozkion gai legaletan sartu gabe, uste dugu udalak halako egitasmoak bultzatu behar dituela», adierazi zion zinegotziak BERRIAri.

Eraikinetik kanpo beste hogei pertsona inguru zeuden, «gaztetxea, gure etxea» edota «Kukutzatik ez dira pasatuko» oihukatzen. Zirkulazioan ere nabaritu zen protesta: bost lagun udaletxe ondoko biribilgunean bueltaka ibili ziren bizikletan, Kukutzaren aldeko bandera laranjekin eta koloreetako ileordeak jantzita.

Udaletxeko leihoak ere hartu zituen laranjak, bertako barretara lotuta bi bandera eskegi zituztelako. Atea zaintzen ari ziren udaltzainek ikusi egin zituzten, baina bertan utzi zituzten. Korridorea okupatuta zegoela eta kanpoan gero eta jende gehiago elkartzen ari zela ikusita, zer egin ez zekitela zebiltzan udaltzainak; azkenean, udaletxeko atea itxi zuten. 25 minutuz egon zen eraikina zerratuta, Ertzaintzak barruan eserialdian zeudenak atera arte.

Bilerarik ez

Ricardo Barkalarekin bildu ahal izango zirela esan zieten udaletxetik irtenarazi baino lehen, baina zinegotziak ez zituen hartu. Batzarra ostiralerako lotu dute, eta Barkalarekin batera Iñaki Azkuna ere ager dadila eskatu dute gaztetxeko eta auzo elkarteko kideek: «Barkalak aitortu duenez, alkatearen aurreiritziek oztopatzen dute konponbidea, eta berak bakarrik har dezake irtenbidea ekarriko duen erabaki politikoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.