Udaltzainen lan poltsak eta lan eskaintza publikoak udalen bidez egiteko eskatu du ELA sindikatuak, iritzita hori dela modua «herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko». Bestela zer gerta daitekeen ohartarazi du: «Udalek hizkuntza eskakizuna ezarri arren, eskakizun hori gabeko udaltzainak aritu ahalko dira lanean udal horietan».
Herenegun zabaldu zen albistea:Arkautik B2 maila egiaztatu ez zuten udaltzain hautagaiak hartu beharko ditu, Gasteizko Administrazio Auzitegiak UGTren helegite bat onartuta. Horren harira, ELAk «deitoragarritzat» jo du Jaurlaritzak helegitea ez aurkeztu izana: «ELAren ustez, Eusko jaurlaritzak nahiago du, herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatu baino, zerrendetan udaltzain gehiago izan udalen eskariari erantzuteko».
Erabaki horrekin, ordea, egoera «betikotu» egingo dela uste du sindikatuak: «Zenbait udaletan euskara eskakizuna ezarria izan arren, behin-behinean izango diren udaltzainek ez dute zertan hori bete». Gainera, Jaurlaritza eta udalak egin ditu horren erantzule, lan poltsa bateratuak lehenetsi zituztelako. Beraz, Polizien Legea aldatzeko eskatu du sindikatuak.
Udaltzainen lan poltsak udaletan egiteko eskatu dute
ELAk uste du hori dela herritarren eta langileen hizkuntza eskubideak bermatzeko modua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu