Gizartea

Udaltzaingoa Gasteizko Gaztetxean sartu da, «gazteen lonja bat» zela argudiatuta

Gaztetxean zeuden 30 gazte inguru identifikatu ditu, eta isunak jarri dizkie. Gasteizko Asanbladak esan du «segurtasun neurri» guztiak betetzen ari zirela, eta salatu du antolakuntza politikoaren aurkako «jazarpena» izan dela.

Gaztetxeko Asabladako kideek gaur egin dute agerraldia. GASTEIZKO GAZTETXEA
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 6a
14:45
Entzun

Atzo gauean,  21:00ak aldera, udaltzainak Gasteizko Gaztetxean sartu ziren bertan zeuden gazteak identifikatzera, eta espedientea ireki zien eraikinean bilduta egoteagatik. Udaltzainek 30 lagun inguru identifikatu zituzten, argudiatuta «gazteen lonja» bat zela eta ez zutela lizentziarik irekita egoteko. Koronabirusagatik debekatuta dago gazteen lonjetan biltzea, eta horregatik jarri zieten isuna, Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Isunen behin betiko zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak erabaki beharko du, baina, oraingoz, 600 eurorainoko isunak izan daitezke.

Gaztetxeko Asanbladak prentsaurrekoa eskaini du gaur eguerdian, gertatutakoari buruzko bere bertsioa azaltzeko. Asanbladako gazteek adierazi dute hasiera-hasieratik osasun neurriak errespetatu dituztela,  baita bertan biltzen  diren  kolektibo  guztiei  neurrien berri eman ere. «Udatik hona,  higiene  pertsonal  eta logistikorako  neurriak  hartu  ditugu,  eta kutsatze  posibleen  aurkako  protokolo bat  diseinatu».   Atzo,  zehazki,   Gaztetxean   zeuden   30  pertsonak  gela   ezberdinetan batuta zeudela azpimarratu dute, eta protokoloaren arabera segurtasun  neurriak  mantendu zituztela.

Gaztetxeko kideek salatu dute poliziaren jokaera «guztiz politikoa» izan  dela: «Pandemia   egoera  eta  osasun  neurrien   bermatzea   aitzakia   harturik,   antolakuntza politiko ororen  errepresio  eta  jazarpen  zuzena  pairatzen   ari  gara». Horrez gain, gaitzetsi dute jazarpenaren bitartez gazteen  antolakuntza  forma  ororen «infantilizazioa eta kriminalizazioa» bilatzen dela, eta gazteria lan produktibora eta jai  eredura  lerratuta egotea nahi dutela.  «Argi  daukagu estatuaren  boterea zalantzan  jartzen  duen  oldarraldi  eta antolakuntza  politiko  oro kondenatua  eta jazarria izango  dela.  Honen  adibide  argia  da  atzo  Gasteizko  Gaztetxean  pairatu  genuen  erasoa,  baina  baita  Euskal  Herriko  txoko  ezberdinetan  izan  den eta izaten  jarraituko  den  jazarpen  sistematikoa ere».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.