Hizkuntza eskubideak

Uemak zuzenketak egin dizkio kontsumitzaileen legeari, hizkuntza eskubideak errespeta ditzan

Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean lantzen ari diren lege proposamena 2003koa baino murriztaileagoa da zenbait puntutan, mankomunitateak ohartarazi duenez, eta bere horretan mantentzen ditu 2012an Patxi Lopezen gobernuak egindako aldaketetako batzuk; esaterako, hizkuntza eskubideak ez errespetatzea ez da arau haustetzat hartuko. 

Euskara sustatzen duela adierazten duen itsasgarri bat, denda batean. ASIER ALKORTA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 31
12:04
Entzun

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege proiektuak «ezinegona» sortu dio Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari, eta, ezinegon hori Eusko Legebiltzarreko alderdiekin partekatzeko asmoz eta lege proiektua hobetze aldera, hainbat proposamen egin ditu.

Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean dago lege proiektua, tramitazio fasean, eta, legeaz eztabaidatzeko tartea igarota, legebiltzarrean onartu beharko da. Besteak beste, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak zedarritzen ditu lege horrek, eta hizkuntza betekizun batzuk ezartzen dizkie jarduera eta langile kopuru jakin bat duten establezimenduei. 2012ra arte, indarrean zegoen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legea, baina Patxi Lopez lehendakari ohiaren agintaldian zenbait aldaketa egin zitzaizkion, 2/2012 Legearen bidez. «Ezabatu egin zen hizkuntza betekizunei muzin egiten dieten enpresei zehapenak jartzeko aukera», Uemak azaldu duenez.

Horregatik, lege proiektu berriak 2012ko lege erreforman aldatutako puntuak lehengoratu eta, are, berrituko zituela ere espero zitekeen. Hizkuntza eskubideen arloan, ordea, Uemak ez du behar besteko aldaketarik hauteman, eta zenbait artikulutan «atzerakadak» izan direla ere ohartarazi du. Besteak beste, kalitate izendapenetan eta seinalizazioetan euskararen presentzia handitzea, euskara erabiltzeko betebeharra establezimendu gehiagotara zabaltzea eta hizkuntza eskubideak ez errespetatzea arau haustetzat hartzea eskatzen du Uemak.

Kontsumitzaileen eta erabiltzeen informazio eskubideari eragiten dioten puntuetan ere proposatu ditu aldaketak mankomunitateak. Izan ere, lege proiektuak ez du zehazten zerbitzu hori ematen duten bulegoetan arreta herritarrak hautatutako hizkuntza ofizialean eman beharko denik, eta, bulego publikoak direnez gero, hori zehaztea nahi du.

Ondasun eta zerbitzuen gaineko informazioari buruzko puntuetan ere moldaketak egitea nahi du Uemak. Esaterako, lege proiektuaren 79. artikuluak dio «Euskal Autonomia Erkidegoan ekoiztutako eta landutako produktuen» gainekoak euskaraz eta gaztelaniaz idatzi beharko direla, hala nola erabilera eta mantentze jarraibideen eskuliburuak, berme agiriak eta etiketak. Betebehar hori, ordea, 6/2003 Legeak ez zuen mugatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako produktuetara soilik, eta horixe nahi du Uemak. Lege hura baino murritzagoa da orain eztabaidan dagoena jatorri eta kalitate izendapenei dagokienez ere, mankomunitateak ohartarazi duenez. Horietan euskara «sustatuko» dela dio legeak, baina, hori 2012an aldatu zela gogoratu, eta 2003ko formulaziora jotzea proposatu du. Hartara, derrigorrezkoa litzateke produktuak aurkezterakoan eta etiketatzerakoan euskara erabiltzea.

Bestalde, erakunde publikoek kontsumitzaileekiko eta erabiltzaileekiko harremanetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzea bermatuko dutela dio 81. artikuluak, baina puntu horrek «elebitasun simetriko hertsia» dakarrela uste du Uemak. Hori dela eta, aldaketa proposatu du, «jada indarrean diren legeekin koherentziaz eta euskararen erabilera areagotzeko bideak zabaltzeko helburuarekin». Zenbait kasutan errotuluak eta seinaleak euskara hutsez jarri ahal izatea nahi du.

Betebeharra, handiek soilik

Hizkuntza betebeharrak zein enpresak bete beharko lituzketen, horretan ere Uema ez dator bat lege proiektuak dioenarekin. 2003ko legeak saltoki handitzat jotakoei soilik ezarri zien betebeharra, eta hala egiten du oraingoak ere. Uemak, ordea, uste du kontuan hartu behar dela bi legeen artean hogei urte igaro direla, euskararen ezagutzan aurrerapausoak eman direla eta badagoela nahikoa oinarri «hizkuntza betebeharrak pixkanaka hedatzen joateko», hizkuntza eskubideak bermatzea helburu. Horregatik, hamabost langile baino gehiagoko establezimenduek betebehar hori izatea proposatu du. Gainera, seinalizazioan euskara lehenestea «sustatuko» dela zehaztea eskatu du.

Betebehar horiek izatetik harago, Uemak gogora ekarri du establezimendu oso gutxik bermatzen dutela kontsumitzaileak eurek hautatutako hizkuntzan artatzeko eskubidea: «Euskararen erabilera indartzeko berariazko diru laguntza jasotzen dutenek». 2003an onartutakoa baino are murritzagoa da artikulu hori. Uemak zehaztu duenez, ordukoak zehazten baitzuen edozein diru laguntza jasotzen zutenek izango zutela betebehar hori. Hain justu, eskatu du 2003ko legeak zioen hori jasotzea legeak. Gainera, hala ez egiteak «hutsune handia» eragingo lukeela ohartarazi du, establezimendu gutxik izango luketelako zerbitzua euskaraz emateko obligazioa, batetik, eta betebehar horri buruz «anbiguotasuna» sortzen duelako, bestetik. «Testuaren arabera, entitateek zerbitzua hizkuntza ofizialetan eman behar dute 'diru laguntzak jasotzen badituzte'; alegia, diru laguntzak jasotzen dituzten urtean edo aldian soilik dute derrigortasuna, eta diru laguntza amaitzean obligazioa amaituko da?». Uemak uste du testuak ez duela argitzen galdera hori.

Horrez gain, «bilakaera soziolinguistikoa» ere aintzat hartu behar dela uste du: «Enpresetan sartzen ari diren langile gehienak gai dira euskaraz hitz egiteko edo, gutxienez, ulertzeko, eta oinarri horri etekina atera behar zaio erabileran. Horretarako tresnak jarri behar dira, eta, sustapenarekin batera, ezinbestekoa da akuilu gisa jokatuko duten arauak ere onartzea, betiere gogoan izanik hizkuntza eskubideak daudela oinarrian, ez inoren apeta hutsak».

Eskubideetan, mailaketa

Uemak «atzerakada» ikusi du, halaber, lege proiektuak egiten duen arau-hausteen tipifikazioan. Izan ere, lege proposamenaren arabera, hizkuntza eskubideei lotutako artikuluak ez betetzea ez da halakotzat hartuko. Salbuespena berariaz aipatzen du testuak. Uemak salatu du hizkuntza eskubideen ikuspegitik «bidegabea» dela planteamendu hori, batetik, aditzera ematen duelako hizkuntza eskubideak ezi direla gainerako eskubideen parekoak, eta, bestetik, enpresa jabeei ematen dien mezua delako hizkuntzari buruzko betebeharrei entzungor egiteak ez dakarrela ondoriorik.

«2003ko legeak, 2012an aldatu aurretik, jasotzen zuen hizkuntza betekizunak gainerakoen parean egotea, arau hausteek dagozkien ondorioak izatea, eta ez da ulergarria hogei urteren ondoren, egin den ibilbidea kontuan hartuta eta jarri diren baliabideak ikusita, atzerakada hori egitea orain», deitoratu du. Horregatik, eskatu du hizkuntza eskubideak arau hausteetatik salbuesten dituen esaldia ezabatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.