Uemako ordezkariek agerraldia egin dute Donostian, mankomunitateko kide diren herrietako osasun etxeetan euskararik ez dakiten mediku eta pediatren datuak emateko. Josu Labaka lehendakaria eta Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz aritu dira solasean Uemaren izenean.
Familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 dira euskaraz aritzeko gai ez direnak, Labakaren esanetan, %22. Pediatren kasuan, berriz, 56tik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko: %35.
Gogorarazi duenez, urte askoan eman du Uemak herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko duten zailtasunen berri, eta, salatu duenez, "aldaketak aldaketa, bere horretan irauten du arazoak". Hori dela-eta aztertu dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza gaitasuna. Horretarako, Osakidetzako zein Osasunbideko lantaldeak begiratu ditu, eta udalerriz udalerri hitz egin dute euskara teknikari, politikari, anbulatorioetako langile eta herritarrekin.
Maizek nabarmendu duenez, "2013an egin zuen honelako azken azterketa Uemak, eta ordudanik osasun etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du". Udalerri batzuetan, "bereziki larria" da egoera. Izan ere, sendagile edo pediatra guztiak dira euskaraz egiten ez dutenak: "Horrek esan nahi du herri horietako bizilagunak behartuta daudela gaztelaniaz hitz egitera medikuarekin".
Nafarroaren kasuan, gobernuak eskualdez eskualde kokatzen ditu sendagile euskaldunak. Hori dela-eta, bizilagunak kexu dira, horrek ez duelako bermatzen beraien haurrek eta familiakoek sendagile euskalduna izatea. Halaber, salatu dute Nafarroako Gobernuak 100 lanpostu inguru atera dituela lehiaketa publikora, eta haietatik hamabi soilik direla hizkuntza eskakizuna dutenak.
Ordezkapenak eta joan-etorriak
Ohartarazi dute udako ordezkapenak egiteko euskaraz ez dakiten medikuak jarri dituztela osasun etxe askotan, mediku euskaldunen ordez. Azpeitia, Aulesti eta Segurako udalek salatu zuten egoera, uda hasieran, baina dozenaka udaletan gertatu da, Uemak gogorarazi duenez. Horren harira, eskaera zehatza egin du: "Udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontrata daitezela".