UEMAko kide berria, aspaldiko partez

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko urratsa eginen du Alegiak bihar

edurne elizondo
IRUñEA
2006ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Beste kide bat. Alegiako Udalak (Gipuzkoa) Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA)sartzeko urratsa eginen du bihar, okasiorako prestatu duten bestaren eta osoko bilera bereziaren eskutik. Hainbat urte egon da UEMA kide berririk gabe; Berriatua herri bizkaitarra izan zen sartzen azkena, 2003an. Azken boladan, erakundearen barruko geldialdiaz mintzatu diren ahotsak entzun dira.

Halakorik gertatu denik, ordea, ez du uste UEMAko presidente Miren Urrestik. «Bolada batean herri askok egin zuten bat UEMArekin; normala da beste bolada batean hainbeste ez sartzea». Urrestik, hala ere, ez du ukatu erakundeak egunetik egunera sortzen diren arazoei aurre egin behar izan dienik.

Kritikak onartzeko prest da, ondorioz, baina kritika horien egileei autokritika egiteko gaitasuna eskatu die, halaber. Ezker abertzaletik entzun direnak izan ditu hizpide, batez ere. Egoera politikoaren islatzat jo dute ezker abertzaletik UEMAn beren ustez gertatu den geldialdia, eta salatu dute erakunde horren barruko hainbat herritan elebitasunerako joera zabaldu dela.

Horixe azpimarratu du, halaber, Euskal Herrian Euskaraz taldeko kide Lierni Iztuetak. «Hainbat talde politikorentzat euskararen normalizazioa ez da lehentasuna, eta elebitasunerako joera dute; arazo orokorra da». Iztuetaren ustez, borondatea da gakoa. Borondate politikoa, alegia, euskararen alde sendo egiteko. Egoera konpontzeko bideak badirela uste du.

EUSKARAZ BIZITZEKO DEKALOGO BAT. Urrestik, hain zuzen ere, dauden arazoak konpontzeko lanean ari direla nabarmendu du. «UEMAn sartzea da errazena; gero erakutsi behar da hartu diren konpromisoak betetzen direla; horretako, gure irizpideak laburbiltzen dituen dekalogoa prestatu dugu, eta bilerak egiten ari gara eskualdeka eta arduradun politikoekin». Euskaraz bizi ahal izatea da helburua, Urrestiren hitzetan.

Olatz amundarain Alegiako alkatea

«Gabeziak konpontzen lagunduko digu UEMAren barruan egoteak»



E. Elizondo

Iruñea

Alegiak UEMAn sartzeko urratsa eginen du igandean. Olatz Amundarain alkateak (Alegiako Talde Ezkertiar Abertzalea) onartu du oraindik hainbat hutsune badituztela, baina guztiak konpontzeko prest agertu da.

Aspaldikoa da UEMAn sartzeko asmoa?
Bai. Hasieran pentsatu genuen UEMAn sartu aurretik hobe zela udaletxean egoera normalizatua lortzea euskararen erabilerari dagokionez. Baina azkenean erabaki dugu oraindik zuzendu behar diren hainbat gauza egon arren urratsa egitea, UEMAren barruan egoteak gabeziak konpontzen lagunduko digula uste dugulako.

Zein da gaur egungo egoera Alegian? Biztanleriaren % 70 gutxienez euskaldun izatea eskatzen du UEMAk sartu ahal izateko.
Euskaldun kopuruari buruzko datu berririk ez dugu, baina argi dago UEMAk eskatzen duena betetzen dugula.

Eta udaletxean zein neurritan erabiltzen da egun euskara?
Bere garaian egin ziren urratsak, eta euskara erabiltzeko arauak onartu ziren udal ordenantzetan, euskararen egoera normalizatzeko asmoz. Hala ere, ikusten dugu gabeziak badaudela, eta falta dela plangintza zehatz bat osatzea. Hutsuneak idatzizko erabileran gertatzen dira, batez ere.

Hainbat urte joan dira UEMAn azken herria sartu zenetik. Geldialdia gertatu ote den aipatu izan da azken hilabeteotan. Erakundeari bultzada berria emateko asmoz zarete?
Nahiko genuke hori lortzea. Badirudi UEMAn batzuetan gauzak nola egin edo nola zehaztu ez dutela asmatzen.

Zein da arazoa, zure ustez?
Duela gutxi irakurri nuen Goierriko udalerri euskaldunei egin zieten elkarrizketa bat, eta aipatzen zen indar politiko baten ilegalizazioak udaletan eta UEMAn ere izan duela eragina. Ikusi behar da talde politiko bakoitzak zein neurritan ematen dion lehentasuna euskara normalizatzeko asmoari. Gai honi behar den garrantzia ematen ez diogun bitartean orain arte bezala jarraituko dugu, aurrerapausoak egiten, baina ez behar bezain sendoak.

Borondate politikoaren menpe dago euskararen normalizazioa?
Neurri handi batean bai. Gure hizkuntza eskubideak betearazteko neurriak jarri behar dira martxan.

Udalek zer erran handia duzue, herritarrengandik hain gertu dagoen erakundea izanda.
Bai, hala da. Udalerri euskaldunok bultzatu behar dugu normalizazioa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.