UEMAko kide izanen dira Donamaria, Mundaka, Mutiloa eta Ibarrangeluko udalak

Ormaiztegiko Udalak heldu den astean aztertuko du gaia. UEMAk ekainaren 14an eginen du aurtengo batzar nagusia.

UEMAren Batzar Nagusia, artxiboko argazki batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
UEMAren Batzar Nagusia, artxiboko argazki batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko maiatzaren 16a
10:27
Entzun 00:00:0000:00:00

Beste lau herri izanen ditu UEMA Udalerri euskaldunen mankomunitateak. Donamaria (Nafarroa), Mundaka (Bizkaia) eta Mutiloako (Gipuzkoa) udalek aste honetan egin dituzte udalbatzarrak, eta kidetzea erabaki dute. Ibarrangeluko Udalak ere (Bizkaia) gaur bertan onartu du proposamena; Ormaiztegikoak (Gipuzkoa), berriz, heldu den astean eginen du bilkura. Ekainaren 14an eginen du UEMAk aurtengo lehen batzar nagusia, Azkoitian (Gipuzkoa), eta orduan aztertuko ditu herri horien eskaerak. Bost herri horiek onartuz gero, 118 udal izango ditu UEMAk. Guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

UEMAko kide egiteko erabakiak babes zabala jaso du aipatutako herrietan. Donamarian eta Mutiloan aho batez onartu zuten ebazpena, eta Mundakan gehiengoaren babesa eskuratu du. Euskararen ezagutza handia da herriotan, baina gorabeherak ere badituzte.

Nafarroa iparraldeko herri bat da Donamaria; Malerreka eskualdean dago, eta iaz 452 biztanle zituen. Euskaldunen indizea %89,2 da, baina azken urteotan ezagutza apaltzen ari da. «Euskaldunen profila aldatzen ari da, eta kezka sortu dute lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren datuek», azaldu du UEMAk.

Mutiloa, berriz, Gipuzkoako Goierri eskualdean dago, eta iaz 253 biztanle zituen. Soziolinguistikoki, euskararen indizea %91,4 da, baina, UEMAren arabera, ezagutzarekin lotutako indize horrek behera egiten du gero lehen hizkuntzaren (%70) eta etxeko erabileraren (%52) datuak behatuz gero. «Garai bateko arnasguneen bilakaera argi erakusten du: ezagutza handiko udalerria izan arren, beste hainbat aldagaik agerian uzten dute euskararen aldeko hizkuntza politika aurreratua behar dela, herritarren ahalduntzean eta hizkuntza ohituretan eragiteko».

Mundakan, gehiengoa

Mundaka da hiru udalerrietan biztanle gehien duena. Bizkaiko Busturia eskualdeko kostaldeko herri honek 1.828 biztanle zituen iaz. Soziolinguistikoki udalerri euskalduna izanik ere, UEMAk esplikatu du alde handia dagoela euskararen ezagutzaren (%68), lehen hizkuntzaren (%47), euskara gaitasunaren (%21), eta kaleko (%39) eta etxeko (%25) erabileren artean. «Udalerri euskaldunen bilakaera nabarmen islatzen du Mundakak: ezagutzarekin lotu ohi denez euskaldun indizea, udalerri euskalduna da, baina erdararen nagusitasun ez-erabatekoa duena», adierazi dute. «Bilakaera aztertuta, euskararen galera handiagoa da irabazia baino, eta hori iraultzeko beharra ikusi du udal gobernuak, beste udalerri euskaldunekin eta UEMArekin batera eragiteko, batez ere herritarren ahalduntzean».

UEMAk kontatu du egun «mugitua» izan zela udalbatzan bozka egin zutenekoa. Herenegun goizean izan zen: aldeko botoa eman zuten EH Bilduko hiru zinegotziek —talde horrek du alkatetza— eta herenegun arte udal gobernuko kide zen Herritarren Alternatiba taldeko bi zinegotziek; EAJko hiru zinegotziek, berriz, aurka bozkatu zuten, euskararen aldeko hizkuntza politika bideratzeko Eudel nahikoa dela iritzita. Osoko bilkuran bertan iragarri zuen Herritarren Alternatibak udal gobernua utziko zuela eta oposiziora pasatuko zela, baina udala UEMAko kide izatearen alde agertu zen lehenago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.