UEMA udalerri euskaldunen mankomunitatean 101 udalerri daude; horietako osasun zerbitzu publikoetako datuak «behatu eta aztertuta», hizkuntza eskubideak bermatzen diren aztertu du ikerketa batean, eta horra ondorioetako bat: udalerri horietan ari diren hamar osasun langiletik hiruk ez daukate euskara maila egiaztatuta. Osakidetzako zentroetan %19 dira; Osasunbidekoetan, %75. Udalerri horietako herritarrek beste herri batzuetako osasun zentro batzuetara edo dagozkien erreferentziazko erietxeetara joan behar izaten dute usu, eta eremu horietan oraindik ere agerikoagoa da arazoa. Horra, esaterako, ospitaleetan zer gertatzen den: langileen bi herenek ez dute euskara gaitasuna egiaztatuta. Osakidetzan %57 dira; Osasunbidean, %99.
Hortik dator UEMAren salaketa. Igaro hamarkadetan aurrerapausoak egin diren arren hizkuntza eskakizunak «egituraz» urratzen direla salatu du. «Egunero urratzen dira hizkuntza eskubideak oraindik». Ikerketa hori bi urtean behin egiten du mankomunitateak, eta zer metodologiari jarraitzen dioten azaldu dute. Hiru «geruzatan» aztertu dituzte osasun zerbitzuak. Gertuenekoak, batetik: UEMA barruko udalerrietan dauden 64 osasun etxeak eta larrialdi zerbitzuak. Ingurukoak, bestetik: udalerrietan bertan egon ez arren UEMAko herritarrei arreta ematen dieten osasun zentroak. Eta erietxeak, azkenik: herri horietan bizi direnei dagozkien «erreferentziazko» ospitaleak. Salatu dute, oro har, ikerketa honetako datuak aurreko urteetakoekin alderatuta, «eboluzio argirik» ez dela ikusten langileen ezagutza aldetik: «aurrerapauso nabarmenik» ez dago.
Lehen «geruzan» 821 lanpostu aztertu dituzte,: 669 postu Osakidetzarenak dira, eta 152 Osasunbidearenak. %87k jarria dute euskaraz jakiteko derrigortasuna. UEMAk jakinarazi du zailtasunak izan dituela horietatik zenbatek konplitzen duten jakiteko. Osasunbideak euskara jakitea nahitaezkoa den postuetan bakarrik aztertu du langileak euskaraz badakien, eta gainerako kasuetan langileek ez dakitela ondorioztatu du. «Muga» hori aintzat hartuta atera duten «argazki orokorra» zera da, postuen %70etan ari direla eskakizuna egiaztatuta daukaten langileak. Arloka, badira aldeak; esaterako, erizain laguntzaileen postuetan gehienak egiaztatu gabe daudela ikusi dute.
Derrigortasunean, badira aldeak sistema batetik bestera, eta hori oso argi ikusten da, esaterako, lehen «geruza» honetan: Osakidetzari dagokionez, udalerrietako lanpostuen %99k daukate derrigortasuna ezarrita; Osasunbidean, %34k. Portzentajeak aldatzen badira ere, desoreka hori argi ikusten da txosten guztian, atal guztietan, eta bi sistemen arteko alde «handiaz» ohartarazi du mankomunitateak ikerketatik atera dituen ondorio nagusietan.
Egoera eskasagoa
«Geruzetan» behera egin ahala, okerragoa da egoera. UEMAko herritarrek inguruko udalerrietan erabiltzen dituzten 35 zentro aztertu dituzte, eta 376 lanpostu. Kasu horietan, Osakidetzan langileen %27 daukate hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe; Osasunbidean, %78k. Hor ere bi sistemen arteko aldea nabarmena da: Osakidetzan lanpostuen %96 dute hizkuntza eskakizuna jarria; Osasunbidean, %28k.
«Erreferentziazko erietxeei» dagokienez, 11 ospitale dira guztira, eta egoera ez da batere homogeneoa: euskararen ezagutzaren egiaztatzeari begira, «aldeak handiak» dira erietxeen artean. Derrigortasunari begira ere, desoreka oso handia da, berriro ere, osasun sistemen arabera. Osakidetzako erietxeetan lanpostuen ia erdiek dute ipinita derrigortasuna; Osasunbidean, %1ek ere ez. Eskakizuna betetzeari dagokionez, langileen %57k dute maila egiaztatu gabe Osakidetzan.
Aparte nabarmendu nahi izan du mankomunitateak pediatriako egoera ere. Formalki bideratuta dagoelako, baina errealitatean «hutsuneak» agerikoak direlako: «Bereziki aipatzekoa da pediatrian dagoen hutsunea: nahiz eta euskaraz jakiteko beharra daukaten postu gehienek, horietako askotan daude euskaraz ez dakiten langileak». Ohartarazi du, gainera, urteotan osasun profesionalen falta agerikoa izan dela zentro askotan, horrek ugaritu egin dituela «hutsuneak eta ordezkapenak», eta zaildu egin duela horrek hizkuntza eskakizunen gaineko eboluzio on bat. Bide aski arriskutsua dela uste du, ordea: «Profesional gabeziaren testuingurua ez litzateke baliatu behar hizkuntza eskubideak bigarren mailan uzteko: erakundeen obligazioa da eskubide horiek bermatzea».
Horiek horrela, egoera bideratze aldera, «egiturazko erabakiak» eskatu ditu mankomunitateak. Oinarrietatik: «Ezinbestekoa da etorkizuneko osasun langileak euskaraz trebatzeko neurriak hartzea unibertsitateetan». Egungo euskarazko zerbitzuak eskaintzeko sistemak «egituratzeko» ere eskatu du. Eta ezagutzaz harago egitea ere beharrezkoa dela gogoratu du: erabileran eragiteko «irizpideak» jarri behar dira.