Frantziako Gobernuak 2011. urtean onartu zuen Bioetikaren Legea. Orain, lege hori gaurkotzeko prozesua hasi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, azken urteetan egindako aurrerapenei erantzuteko. Frantziako Etikako Batzorde Aholkulariak bere ekarpena ezagutarazi du gaur. Jean Francois Delfraissy batzordeko presidenteak azaldu du proposamenen helburua: “Gizabanakoei zientziaren aurrerapen handietan konfiantza emango dien lege bat izatea nahi dugu, ez debekatzen duen lege bat”.
Besteak beste, medikuek lagundutako ugalketa emakume orori zabaltzeko proposatu dute. Gaur egun, gizon batek eta emakume batek osatutako bikoteei baino ez zaie laguntzen, baldin eta egiaztatzen bada ez direla gai beren kabuz ugaltzeko. Etorkizunean aukera zabaldu beharko litzatekeela, horretaz hausnartu dute: bi emakumek osatutako familiei, bikotekiderik gabe ama izan nahi duten emakumeei...
Aldiz, haurdunaldi subrogatua debekatzearen alde agertu da Frantziako Etikako Batzorde Aholkularia. Delfraissyk azaldu du batzordearen barruan eztabaida dagoela, baina azken hilabeteetan jasotako ekarpenen balioa nabarmendu du. “Haurdunaldi subrogatuaren kasuan, gorputzaren merkantilizazio prozesu bat gerta daiteke, eta ugalketa lagunduan, ez”.
Bizitzaren amaierari dagokionez, batzordeak proposatu du indarrean dagoen araudiari eustea. 2016ko Leonetti Claeys legeak arautzen du hil arteko sedazio sakona eta jarraitua. Ordea, “premiazkotzat” jo du aipatu legea gehiago zabaltzea, baita hobeto ezartzea eta errespetatzea ere.
Txostenean, beste hamaika gairen inguruko iritzia eman du batzordeak. Azken egunetan, beste hainbat eragilek beren hausnarketak eman dizkiote Frantziako Gobernuari. Horiek entzunda, 2011ko Bioetikaren Legea gaurkotu beharko du Frantziako Parlamentuak.