M8-ko Emakumeok Planto

Uholde feministak gainezka egin du, eta lehen lerrora eraman du parekidetasunaren aldarria

Jendetza elkartu da iluntzeko manifestazioetan, Euskal Herriko hiriburuetan. Goizeko eta eguerdiko manifestazioetan egin bezala, gainezka egin dute kaleek. Emakumeek genero bazterkeriarekin amaitzea galdegin dute.

Euskal Herriko mugimendu feministak emakumeen greba egunean deitutako manifestazioa, Bilboko udaletxearen parean. ARITZ LOIOLA, ARGAZKI PRESS
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko martxoaren 8a
07:03
Entzun

Kostata abiatu dira manifestazioak Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. 20:00etan ziren hastekoak, baina orduaren aurretik jendez beteta zeuden manifestazioak abiatzeko tokiak.

Patriarkatuaren kontrako oihuak, eta emakumeen eskubideen aldeko leloak izan dira lau hiriburuetan. "Gora borroka feminista" eta "kaleak gureak dira" entzun da mobilizazioetan.

Iruñeako hitzartzean, Amaia Santesteban Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak salatu du egungo sistema ekonomikoa emakumearen esplotazioan oinarritzen dela, "emakumeendako jardunaldi bikoitz eta hirukoitzekin". Zaintza lanak banatzea galdegin du Santestebanek, eta, merkatuen ordez, gizartearen erdigunean pertsonen bizitza jartzeko.

Egungo gizarte eredua gainditzeko, hezkuntza feministaren garrantzia nabarmendu du: "balio heteropatriarkalen aurka" egongo den hezkuntza eredua.

Santestebanek nabarmendu du feminismoak ohiko borroka moldeak hautsi dituela gaurko grebarekin, eta ohartarazi du feminismoa "aurrekaririk gabeko mobilizazioak" egiteko gai den mugimendua dela.

Donostian, zutabeak abiatu dira lehenik hiriko puntu desberdinetatik. Soldatapeko lana, ikasle, kontsumo eta zaintza zutabeek bat egin dutenean hasi da manifestazioa Bulebarretik. Kostata, hala ere; emakumez beterik baitzeuden Bulebarra bera eta inguruko kaleak, mobilizazioa hasi aurretik.

Manifestariak Artzai Onaren katedraletik pasa direnean, gogoan izan dituzte Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak feminismoari eta emakumeei buruz aste honetan esan dituenak. Honakoa esan zuen: "Deabruak gol bat sartu dio kausa feministari, barrutik sartu ere". Manifestariek txistu egin diote.

Iruñean, 20:20ak aldera hasi da manifestazioa. Gaztelu Plaza bete-bete egina zegoenez, manifestazioaren buruak lanak izan ditu mugitzen hasteko. 21:00etan, Gaztelu Plazatik irten ezinik ezinik zeuden manifestari asko.

Atzerapenarekin, baina lortu du abiatzea, azkenean, buruak. Joaluek ireki dute jendetza artean bidea.

Beranduago, emakume nekazariek hartu dute manifestazioaren burua, traktore eta guzti.

Aldarrikapen giroan, baina alaitasunerako tartea gordez egin dute ibilbidea manifestariek. Emakumeen egoera salatzeko performance bat ere egin du talde batek ibilbide bazterrean.

Manifestazioaren buruak ibilbidea amaitu duenean, oraindik Gaztelu Plazatik irten ezinik zirenekin elkartu da.

Iruñean eta Donostian bezala, Gasteizen ere, jendez bete da manifestazioaren abiapuntu izan dena. San Anton plaza gainezka zegoen, manifestazioa abiatu aurretik.

Milaka emakumek zeharkatu dituzte Gasteizko erdiguneko kaleak.

Foru plazan amaitu da manifestazioa. Buru haldu denean, batukadarekin egin diete harrera atzetik iristen ari ziren manifestariei.

Amaierako hitzaldian, emakumeen kontrako jazarpen ekonomikoa salatu dute manifestariek.

Bilbon, manifestazioa hasi baino bi ordu lehenago (18:00etan) kalejira egiteko elkartu dira Moyua plazan. Aldiz, kalejira izan behar zuena manifestazio bihurtu da, elkartu den jendetzaren ondorioz.

Indautxu plazaraino joan dira Moyuan bildu direna direnak, eta dantzan egin dute protesta, manifestazioa hasi bitartean.

Hiriko Kale Nagusia bete dute manifestariek hasi aurretik. Kale Nagusia zeharkatu, Plaza Eliptikotik igaro eta Buenos Aires kalean Justizia Jauregiaren paretik pasatzerakoan, Justiziaren kontrako mezuak ikus zitezkeen, epaileek eta legelariek indarkeria matxistaren kontra nahikoa ez dutela egiten salatzeko.

Bilboko udaletxearen parean amaitu da manifestazioa, eta irudi ikusgarria utzi du manifestazio amaierak.

Baionan, Hegoaldean baino bi ordu lehenago hasi da manifestazioa. 18:00etan abiatu da, eta 400 manifestari inguru bildu dira.

Aurretik, adierazpen feminista bat irakurri dute herriko etxearen parean. "Zer gertatuko litzateke egun eta tenore berdinean dena gelditzen bagenu, etxean, lanean, ikastetxeetan? Hauxe da aurten pausatu nahi dugun galdera".

Manifestazioaren amaieran, emakumeek argi adierazi dute ez daudela haien kontrako eraso gehiago onartzeko prest.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.