Garrantzi komunitarioko gune ziren lehen Ulia eta Jaizkibel mendietako itsaslabarrak (Gipuzkoa). Orain, ordea, babes bereziko gune izendatu dituzte. Eusko Jaurlaritzak iragan astelehenean argitaratu zuen erabaki hori, EAEko aldizkari ofizialean. Bertan, izendapenaz aparte, ingurunea zaintzeko hartu beharreko neurriak onartu ditu Jaurlaritzak.
Astelehenean argitaratutako dekretuan jasotzen denez, ingurune gazi eta haizetsuetako belarren eta zuhaitz formako landareen komunitateak daude bi mendietako itsaslabarretan. Euskal kostaldean arraroak diren espezieen babesleku diren mikrohabitat ugari daude bertan, Jaurlaritzaren arabera. Armeria euskadiensis endemismoa dago Ulian, eta hainbat itsas hegazti bietan. «Horrexegatik izendatu zituzten bi leku horiek Natura 2000 sareko leku», azaldu du Eusko Jaurlaritzak.
Ebazpenak apenas egiten dion aipamenik Pasaiako kanpoko kaia Jaizkibel magalean eraikitzeko egitasmoari; bakarra, hain zuzen. Bi mendien inguruneak babesteko kudeaketa planaren arabera, egitasmoak «kalteak eragin liezaizkioke kostako lehen lerroan dagoen habitatari». Gainera, inguru horietako habitat «ahulak» zaintzeko neurri «zorrotzak» hartzea jasotzen du planak helburuen artean. Pasaiako kanpoko kaiari aipamen zuzenik egin gabe, kostaldean eraikuntzak egitea debekatzen du, besteak beste, kudeaketa planak. Nolanahi ere, ez du aukera hori erabat baztertzen; inguru horretan azpiegiturak eraiki daitezke Ingurumen Iraunkortasun Txostenak hala baimentzen badu.
Langa, gorago
Pasaiako Portu Agintaritzaren asmoentzat oztopo izan daitezke argitaratu berri den dekretua eta kudeaketa planak dioena. Babes bereziko gune izendatzeak ez du esan nahi Jaizkibelgo itsaslabarrean eraiki ez daitekeenik, baina gorago jartzen du ingurumenari dagokionez gainditu beharreko langa. Portu Agintaritzak frogatu beharko du kanpoko kaiaren egitasmoa lehen mailako interes publikokoa dela. Interes publiko horrek lotura izan behar du ezinbestean osasunarekin, segurtasunarekin edo ingurumenarekin.
Horrela zehazten du Europako Batasunak 1992ko maiatzaren 21ean eman zuen zuzentarauaren 6. artikuluak. Arau horrek derrigortu egiten du babes bereziko guneak zaintzeko kudeaketa plan egokiak egitera. Gainera, proiektuak aurrera eginez gero, Europako Batzordeari ingurumenaren gaineko informazio zehatza eman beharko lioke Portu Agintaritzak, eta ingurumenari ahalbait gutxien kalte egiteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu. Arau hori betetzeko asmoa adierazten du Jaurlaritzak dekretuan; halaber, zehaztu du izendapenaren helburua dela «habitat naturalak eta basoko fauna eta flora espezieen habitatak leheneratzea edo zaintzea».
Proiektuek ingurumenari egin diezaioketen kaltea neurtzeko agindua ere ematen du Europako Batasuneko zuzentarauak. Eta kaltea egin egiten duela aitortua du Portu Agintaritzak berak. Kanpoko kaiak ingurumenari ez lioke kalte zuzenik eragingo; zeharkakoak, aldiz, handiak izango lirateke, Portu Agintaritzak iaz eskatutako ingurumen txostenaren arabera. Kalteak urritzeko neurriak hartu ondoren ere horiek handiak izango liratekeela zehaztua dute txostenean.
Jaurlaritzak iazko otsailean erabaki zuen garrantzi komunitarioko guneak babes bereziko gune izendatzea. Iazko uztailerako onartu nahi zuen urrats hori egiten duen dekretua, baina, azkenean, zazpi hilabetez atzeratu du erabakia.
Ulia eta Jaizkibel babes bereziko gune izendatu ditu Eusko Jaurlaritzak
Pasaiako kanpoko kaia ez dute aipatu ebazpenean, baina oztopatu egingo du proiektuaren eraikuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu