Cira Rodriguez. Logopeda

«Ume batek 3 urterekin ez badu hitz egiten, ja hasi behar da lantzen»

Gutxi gorabehera bi urteko desfasea atzematen ari dira umeen hizketaren garapenean. Horrek izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du Rodriguezek: «Hiztegi gutxiago daukate, ezagutza gutxiago dute...».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Umeak gero eta beranduago hasten dira hizketan. Premisa horri tiraka egin zituen Hik Hasik Hizketan hasi ezinik jardunaldiak joan den astean. Bertan aritu zen hizlari Cira Rodriguez (Las Palmas, Espainia, 1957 ) psikomotrizista terapeuta, diafreoterapeuta eta logopeda. Bi arrazoi nagusi aurkitu zizkion atzerapenari: gurasoen absentzia eta pantailek haien lekua hartu izana: «Ematen du 2 urteko ministro txikiak egin nahi ditugula, gauza eta hizkuntza asko ikasarazi, baina dena absentziatik. Hori ez da posible».

Haurrek hizketa gero eta beranduago garatzen al dute?

Helduek presentzia txikiagoa dugu haurrekin; hortaz, umeek ez daukate aukerarik hizkuntza garatzeko.

Gurasoak seme-alabekin gutxiago egoten direlako da, edo pandemiak ere izan du eragina?

Bi gauzak dira. Uste dut pandemiak kalte handia egin duela. Batetik, familia askok lana galdu dute, pobrezian sartu dira, asko lan egiten dutenak daude edo bi lan egin behar dituztenak... Hortaz, gurasoen absentzia bat dago, eta umeak gehiago egoten dira bakarrik. Eta pandemiarekin, beldurra dago, segurtasun falta, ezegonkortasuna... Bestetik, pandemia honetan teknologiaren gehiegizko erabilera bat egon da: sakelakoak, iPadak... Saiatu da beldur hori estaltzen pantailen bidez: jokoekin, marrazki bizidunekin... eta ez dakigu nola programatuta dauden, ezta zertarako ere. Pantaila horiek bihurtu dira gaur egungo umezainak, eta ume batek zerbait behar badu hitz egiteko, hori heldu baten presentzia da; lagunduko diona, egongo dena, zentzua emango diona, begiratuko duena, ukituko duena...

Zenbateko eragina daukate pantailek mintzamenean?

Kalte egiten die muskulaturari eta eskeletoari berari, baita ikusmenari ere, eta trabak jartzen dizkiote mintzamenari, baita hazteko gaitasunari eta erlazioei ere. Ez da bakarrik umeak sakelakoa daukala, baizik eta gurasoek ere sakelakoak dauzkatela. Lehen, titia ematen zitzaion umeari begira, eta, orain, askotan, sakelakoadaukazu, telelanean ari zarelako. Erlazioa ez da berbera: helduen presentzia bera ere gabezia handiak edukitzen ari da komunikazioan, hizketan, erlazioan, laguntzeko orduan, begiratzean...

Beraz, esan duzu hizketa beranduago garatzen dela. Baina zenbat atzeratu da?

Gutxi gorabehera kalkulatu da desfasea bi urtekoa dela. Aurki dezakegu ume bat 3 urterekin ez duena hizketarik.

Eta zertan nabari da atzerapen hori?

Hizketan bertan. Umeek hiztegi gutxiago daukate, ezagutza gutxiago daukate, isiltasun gehiago mantentzen dute... Ez dira komunikatzen, ez dakite hitzak esaten.

Zein ondorio ditu?

Maila guztietan dauzka ondorioak. Ahozkoa oinarria da idatzizko lengoaiarekin jarraitzeko, ulertzeko, fonemak desberdintzeko... Ume batek ez dakienean irakurtzen, ez daki idazten ere. Eta idazten ez badaki, ezin izango du garapena jarraitu Haur Hezkuntza edo Lehen Hezkuntza eginez.

Noiz hasi behar dira arduratzen?

Nik beti esaten dut adi egon behar dela. Ume bat, normalean, 2 urterekin gai da esaldi labur bat egiteko. Egia da 15 hilabeterekin atzematen duzula badaudela funtzionatzen ez duten gauzak: umeak ezin dizu begiratu, ez du eskatzen... ez da hazten ari behar lukeen bezala. Orduan, familia bat presente badago, ama edo aita bat presente badago, konturatzen dira datu hauekin, eta aztertzen hasten dira. Kontuan hartu behar dugu askotan haur eskoletatik edo eskolatik esaten dizutela: «Egon adi». Askotan, osasun mailan, pediatrak esan diezaguke: «Hau normala da. Hitz egingo du, eman iezaiozu denbora». Ume batek 3 urterekin ez badu hitz egiten, ja hasi egin behar da hizketa hori lantzen.

Noiz joan behar da aditu batengana?

3 urte dituztenean behintzat bai. Lehen aldiz elkartu behar da, egoera baloratu ahal izateko.

Baina funtsezkoa izango da aditu batengana joan aurretik, gurasoen arreta areagotzea, ezta?

Noski. Guraso asko adituen bidez jabetzen dira. Eta esaten dute: «Baina nik ulertzen diot». «Bai, noski, zuk ulertzen diozu, baina beste inork ez». Lan bat egiten hasi beharra dago gurasoekin, eta espazio bat eman. Uste dut eskolatik ere ahalbidetu daitezkeela topagune horiek, hitz egiteko, gurasoei leku bat emateko eta ikasi ahal izateko. Ezin dugu esan: «Gaizki egiten ari dira». Ez dakite nola egin. Ez bada informaziorik ematen, ez bada laguntzen, ez dute ikasiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.