Egunotan Euskal Herrian egon da Francesco Tonucci psikopedagogo, pentsalari eta marrazkilaria (Fano, Italia, 1941), Haurren Hiria proiektua sustatzen duten nazioarteko sareen topaketan parte hartzeko. Izan ere, proiektu horren sortzaile eta bultzatzaile nagusia da Tonucci, 1991n Fano bere sorterrian La cità dei bambini (Haurren Hiria) abian jarri zuenetik. Gaur egun, proiektua sustatzen duten hiri eta sareak munduko hainbat lekutan daude; HaurEkin da sare horietako bat, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 35 bat udalerrik osatua, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren babespean. Haien helburua zera da: hiriak umeen neurrira birpentsatzea.
Gaur egungo hiriak bizileku atseginak al dira umeentzat?
Erantzuna ez da zaila: umeak desagertu egin dira hirietatik. Garai batean, ume guztiak, eskola eta etxeko lanak egin ondoren, etxetik ateratzen ziren. Denboraren hirugarren atala zen hori: lehenengoa etxearena eta familiarena zen, jan, lo egin eta gainerako oinarrizko beharrizanak ase eta afektuak, zoriontasunak eta minak garatzen zituena; bigarrena eskola zen, beharraren lekua; eta kalea hirugarren gunea zen, ume guztientzat 3-4 urte betetzen zutenetik. Noski, ume txikiagoak etxetik hurbilago egoten ziren, eta denbora laburragoz. Adinean aurrera egin ahala, distantziak eta denborak luzatzen ziren.
Eta arriskuak ere handitu.
Jakina. Gure gurasoak ere beldur ziren, eta, horregatik, arauak ematen zizkiguten: «Itzuli zazpietarako», «ez joan leku horretatik baino urrunago». Guk errespetatu egin behar genituen, baina bagenuen arauak urratzea ere, horrek ondorioak ekarriko zituela jakinda. Hirugarren denbora hartan bizipen batzuk izaten genituen, jolasean baino ezin zirenak garatu, kanpoan eta heldurik gabe. Jolasteko, geure burua ezagutu behar dugu, jolaskideak ezagutu behar ditugu, oztopoak aurkitu eta gainditu behar dira.
Hori guztia desagertu egin da, eta gaurko neska-mutilentzat 13-14 urterekin hasten da. Oso problematikoa da hori: gaztetxo bat 14 urteetara iristeak lehenago araurik urratu gabe, eta horrek dakarrenari buruzko kalkulurik egin gabe, esan nahi du transgresiorako gogo ikaragarriekin egongo dela, eta hori arriskutsua izan daiteke.
Askotan pentsatzen da jolastokiak eraikitzea dela hirigintza umeen beharretara egokitzeko modu nagusia. Zu, berriz, oso kritikoa zara jolastokiekin.
Hala da. Jolastokietako zabu eta txirristek ez daukate zerikusirik jolasarekin, eta are gutxiago seme-alaben zelatan egoteak jolasten ari diren bitartean. Nik beti esaten dut jolastu hitza utzi hitzarekin uztartzen dela: «Jolasten uzten dizut. Eta uzten dizut maite zaitudalako, eta zugan konfiantza dudalako».
«Gaur egun, badaude umeak onartzen ez dituzten hotel eta jatetxeak. Administrazio demokratiko batek ez luke horrelakorik onartu behar»
Orduan, zuen proposamena da hiri osoa jolastoki bilakatzea?
Nik kalea esaten diot, baina horrek ez du esan nahi umeak kale erdian egongo direnik pilotan jolasten; ez gara hain xaloak. Guretzat, etxeko atetik kanpora dagoen guztia da kalea. Batzuetan galdetzen digute nola atera daitezkeen hiruzpalau urteko umeak kalera. Nik erantzuten dut: atea zabalduz, eta alboko atea joz. Han beste ume bat bizi bada, bertan jolas daitezke, zabalik dauden bi ateen aurrean, eskaileran. Ez daude kalean, baina kanpoan daude jada. Eta apurka-apurka urrunago joango dira.
Leku askotan ez dute uzten eskaileran jolasten.
Ba, utzi egin behar da. Bizilagunen arautegiek ezin dute umeen jolasa debekatu. Debekatzen badute, legez kanpokoa da, eta guk hori kontrolatzeko eskatzen diegu alkateei, umeen eskubideak babestea haien eginkizuna delako. Umeei eskatu ahal zaie arau batzuk errespetatzeko eta, adibidez, ordu jakin batzuetan jolas daitezela, edo mesedez ez dezatela zaratarik atera. Baina umeen eskubideak nazioarteko lege batek babesten ditu, Haurren Eskubideen Adierazpenak hain zuzen, eta, beraz, maila juridiko handia du; nik dakidala, helduen siestarako eskubideak ez du horrelako lege aitortzarik.
Umeek bakarrik joan behar dute eskolara? Edo heldu batek lagunduta?
Ni ume nintzenean, inor ez zen joaten eskolara gurasoek lagunduta. Are gehiago: umeek ez zuten nahi, haientzat barregarri geratzea zelako eskolara agertzea guraso baten eskutik, eta ikaskideek adarra jotzen zieten. Nire ustez, umeek eskolara bakarrik joateko autonomia berreskuratu beharko lukete. Guraso batzuek esaten dute umeak autoz eraman behar dituztela eskola oso urrun dagoelako... eta eskolatik 500 metrora bizi dira! Ume batentzat hiru kilometro ez da ezer: kilometroak eta kilometroak egiten dituzte jolasten ari direnean.
Proposamen zehatzik ba al duzue horren inguruan?
Guk badugu programa bat horretarako, eta, adibidez, inguruko dendariak inplikatzen ditugu. Gurasoak beldur izaten dira, umea joan eta ez ote den inoiz itzuliko; baina denak itzultzen dira. Hiri batzuetan, 30 urte eman ditugu sustatzen umeak lagunekin joan daitezela eskolara, eta denak itzuli dira, bakar bat ere ez dugu galdu. Izugarria da ikustea umeek nola zaintzen duten elkar, eta nola jokatzen duten denek, zintzoak, bihurriak, iaioak edo baldarrak izan. Elbarritasunen bat duten umeak ere lagunek jasotzen dituzte etxeko atarian, eta elkarrekin joaten dira eskolara.
«Gure proiektuak proposatzen du umeen pentsamoldeak helduen politika kutsatzea. Gurea egitasmo politikoa da, ez hezkuntza arlokoa»
Zer-nolako aldaketak egin beharko lirateke hirietan, haurrentzat abegikorrak izan daitezela bermatzeko?
Hiri askotan ari dira horretaz gogoeta egiten. Nik uste dut pentsamoldea aldatzea dela garrantzitsuena: pentsatu behar dugu hiriak jendearentzat direla, ez autoentzat. Autoak baliabide ia guztiak xurgatzen ari dira, ekonomikoak zein lekuari dagozkionak. Beti hitz egiten da aparkalekuak edo galtzadak handitzeaz, eta, nire ustez, espaloiak dira zabaldu beharrekoak. Paseoa herritarren jarduera oso interesgarria da: jendea badabil, leku hori segurua izango da. Paradoxa ematen badu ere, umeekin berdin gertatzen da: jendeak ez die uzten umeei kalera ateratzen arriskutsua delakoan, eta nik diot kalea arriskutsua dela umerik ez dagoelako.
Gero eta gehiago, hiriak turistentzako produktu edo kirol eta kultur ekitaldi handiak egiteko gune bilakatzen ari dira, horrek dakarren guztiarekin: kaleak ixtea, oinezkoei zenbait lekutan ibiltzea debekatzea eta abar. Umeak aintzat hartzen dira eredu horretan?
Zuek orain hori nozitu duzue, [Europa ligako] finala dela eta. Zoritxarrez, umeentzat horrek ez du ezer aldatzen, umeak desagertuta daudelako kaletik, lehenagotik ere. Gaur egun, badaude umeak onartzen ez dituzten hotel eta jatetxeak. Nire ustez, administrazio demokratiko batek ez luke horrelakorik onartu beharko. Umeak onartzen ez dituen hotel batek ez luke baimenik izan behar. Umeentzat ez da erraza jatetxe batean denbora eta tokia partekatzea helduekin; interesgarriagoa litzateke horrelako lekuetan gogoeta egitea umeei eskaini ahal dizkieten aukeren inguruan.
Umeen beharrak aintzat hartzeaz gain, posible da umeei ahotsa ematea, haiek esan dezaten zer behar duten?
Hori funtsezkoa da. Haurren Hiria proiektuan, umeei entzuteak berebiziko garrantzia du. Niri gustatzen zait esatea gure proiektuak proposatzen duela umeen pentsamoldeak helduen politika kutsatzea. Gurea egitasmo politikoa da, ez hezkuntza arlokoa.
Eta nolako mekanismoak daude hori gauzatzeko?
Guk Umeen Kontseilua izeneko organoa proposatzen dugu, alkateari laguntzeko. Zozketa bidez aukeratutako umeek osatzen dute: ez dira umerik ausartenak edo kanpainarik onena egiten dutenak, ausaz aukeratutakoak baizik. Neska kopuru eta mutil kopuru bera dago, eta elbarritasunen bat duten umeak ere badaude. Ume txikiak dira, Lehen Hezkuntzakoak, parte hartzeko interes berezirik ez dutenak eta alkatearen gonbidapenari erantzuten diotenak.
Nolako erantzukizuna dute alkateek Umeen Kontseiluaren aurrean?
Alkateak entzuteko konpromisoa hartzen du; horrek ez du esan nahi beti egingo duenik umeek eskatutakoa. Baina konpromisoa hartzen du entzuteko, haien proposamenak jasotzeko, erantzuteko, eta ahal duena egiteko. Helduek umeek proposatutako zerbait egiten badute, ume horiek herritar hobeak izango dira bizitza osorako.