Administrazio bakoitzak badu hainbat ñabardura egiteko ahalmena, baina, oro har, honako hauek dira umeen harreraren ezaugarri nagusiak:
•Denbora mugatu baterako da. Umea hartzen du familiak jakinik, ahal bada, helburua berriro jatorrizko familiarekin itzultzea dela. Haiek umea taxuz zaintzeko zailtasunak gainditzen dituztenean, berriro ere haiengana joatea da helburua.
•Familia biologikoarekin harremanak sustatzen dira. Harrera familiak ahalbidetu behar du umeak bere familia biologikoarekin harremanetan jarraitzea. Ez bere erara: umearen zaintza duen erakundeak auziaz arduratzen den epailearekin batera erabakiko du bisita horiek noiz eta nola egingo diren. Irizpide horien arabera jokatu behar du harrera familiak.
•Laguntza profesionala dute familiek. Jatorrizko familiak zaindu ezin dituelako administrazioaren zaintzapean dauden umeentzat daude pentsatuta harrera familiak. Ume bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartzen dira, eta familienak ere bai; ondo uztar daitezkeen aztertzen da. Umea hartu eta gero ere administrazioko adituen laguntza profesionala izaten dute familiek, askotan zailtasunak izaten baitira bidean.
•Ez dago harrera familien soslairik. Adin muga batzuk aintzat hartuta, edozein familia izan daiteke egokia ume bat harreran hartzeko. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez zaienik sendiei galbahe bat pasatzen beren ezaugarriak ondo aztertzeko. Ondo begiratzen da, halaber, familiako kide guztiek zer jarrera duten harrerarekiko, denen partaidetza giltzarri izango baita etxeko kide berria onartzeko, eta hari laguntza emateko. Ahal bada, sendi klase asko izatea da erakundeen xedea, dauden umeen soslaietara egokitzeko aukera handiagoak izateko.
•Hainbat harrera mota daude. Denbora da aldagai bat: epe labur baterako harrerak izaten dira, ertainak, edo eta denboran asko luzatzen direnak, adin nagusitasuna arte. Asteburuko harreren hautua ere eskaintzen dute zenbait administraziok, instituzioetan bizi diren umeek, tarte laburretan bederen, familia baten gozoa probatzeko. Familiaren jatorria da beste aldagai garrantzitsu bat: senitartekoren batek hartzen ditu, zenbaitetan, gurasoek zaindu ezin dituzten umeak, eta aurrezinolako loturarik ez duten familia boluntarioak izaten dira beste zenbaitetan harreragileak.
•Profesionalizazioa denean bakarrik ordaintzen da. Familiek egiten ari diren lanagatik soldata bat jasotzen dute soilik harrera familia profesionalen jarduna araututa dagoen lekuetan. Ezaugarri batzuk dituzten umeak hartzeko prest egon behar dute sendi horiek, eta leku kopuru bat prest izan behar dute etxean umeentzat. Gainerako familiek laguntzak dituzte, baina ez dute soldatarik.
Umeen harrerari buruzko hainbat jakingarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu