Espainiako Gobernuaren osaketa. Bilera Zarzuelan

Unearen garrantziaz ohartarazi diote abertzaleek Espainiako erregeari

Amaiurrek eskatu dio Euskal Herriko bake prozesuarekin konprometitzeko eta «borondate demokratikoa» errespetatzeko«Egin beharreko urratsak» zeintzuk diren azaldu dizkio EAJko Josu Erkorekak

jokin sagarzazu
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Amaiurrek eta EAJk ez dute aukera alferrik galdu, eta Espainiako estatuburuari eginiko bisita baliatu dute Juan Carlos Borboikoari Euskal Herriko egoera politikoaren berri emateko. Xabier Mikel Errekondo koalizio subiranistaren bozeramaileak abian den bake eta normalizazio prozesuarekin «konprometitzeko» eskatu dio, eta Josu Erkoreka jeltzaleak prozesu horretan «egin behar diren urratsak» zeintzuk diren azaldu dizkio.

Juan Carlos I.ak Zarzuelako jauregian (Madril, Espainia) hartu zituen Errekondo eta Erkoreka, atzo. Amaiurreko bozeramailearekin 12:30ean bildu zen. Espainiako erregeak bere bulegoan hartu zuen Errekondo. Aurpegi serioarekin erantzun zion diputatu abertzalearen agurrari, eta eskua elkarri eman ondoren, ordu erdi inguru egon ziren bilduta, giro «adeitsuan», Errekondok azaldu duenez.

Bileraren ostean, Zarzuelako jauregiko kanpoaldean kazetarientzat jarritako karpa batean eman zuen bileraren berriAmaiurreko bozeramaileak; jakinarazi duenez, koalizioaren izenean orri eta erdiko gutun bat eman zion Espainiako erregeari.Eskutitz horretan Amaiurrek Espainiako estatuburuari eskatu dioesku hartzeko «Euskal Herriko gatazka behin betiko konpondu» eta «bake erreala, egonkorra, iraunkorra eta bidezkoa» lortzeko prozesuan. Horretarako, koalizioaren iritzian, beharrezkoa izango da giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztien errespetua eta aukera politiko guztiak eta horien gauzatzea ahalbidetuko duen agertoki politikoa eraikitzea. «Estatuburua den heinean, zera eskatu diogu berorren Maiestateari: esku har dezala Euskal Herriko gatazka behin betiko konpontzeko, eta lan egin dezala bake erreala, egonkorra, iraunkorra eta bidezkoa lortzeko, giza eskubide eta eskubide zibil eta politiko guztien errespetua oinarri, eta aukera politiko guztiak eta Euskal Herriko borondate demokratikoa errespetatuta, independentzia barne».

Amaiurreko bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako estatuburua «ados» agertu da bake beharrarekin, eta prest azaldu da gutun hori Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko hurrengo presidentearen esku uzteko. Koalizioko bozeramaileak azaldu duenez, Espainiako erregeak jakinarazi dio Amaiurrek eginiko eskaera bera egin diotela beste alderdi batzuek, eta Euskal Herriko egoera politikoaren berri duela.

Errekondoren bisitak ikusmin handia piztu zuen atzo, 1993tik lehen aldiz ezker abertzaleko kide batekin bildu baita Espainiako erregea. Duela 18 urte Jon Idigoras Herri Batasuneko diputatua joan zen Zarzuelara. Felipe Gonzalez sozialistaren inbestidura saiora begira erregeak abiatutako bilera sortaren baitan batzartu ziren. Idigoras bezala, Errekondo ere gorbata jantzita azaldu zen Espainiako erregeak deitutako bilera errondara.

Koalizioko kideak, kazetarien aurrean azaldu duenez, harekin biltzeko aukera eskaini izana eskertu zion Juan Carlos Borboikoari, eta atzo eginiko bilera «historikoa» izan zela nabarmendu zuen.

Kazetariek eginiko galdera guztiak erantzun zituen Amaiurreko bozeramaileak. Tartean ez zen falta izan ETAren indarkeriaren aurrean koalizioak zer jarrera duen galdetu zionik. Gernikako Akordioa ekarri zuen gogora Errekondok, eta bake prozesuak aurrera egin dezan «guztion» ekarpena beharrezkoa izango dela adierazi zuen.

Amaiurrek Kongresuan talde parlamentarioa osatzeko aukerei buruz ere galdetu zioten, eta Espainiako erregeak horren inguruan iritzirik eman ote zion. Amaiurreko diputatuaren hitzetan, Juan Carlos Borboikoak jarrera baikorra agertu zuen gai horren inguruan, eta koalizio abertzaleak talde propioa izatea «ondo» iruditzen zaiola.

Adostasuna alderdi artean

EAJko bozeramaile Josu Erkorekarekin ere mintzatu zen bakegintzaz atzo.Errekondorekin bildu aurretik izan zen Erkorekarekin Espainiako erregea. Irribarre batekin hartu zuen bozeramaile jeltzalea Zarzuelako jauregian, eta «giro onean» aritu ziren hizketan ordubete inguru, Erkorekak azaldu duenez. «Bereziki» Mariano Raxoiren inbestidura saioaz aritu ziren hizketan, baina egoera ekonomikoa eta «ETAren amaiera» ere aipatu zituzten. «ETAren jardun armatuaren amaiera mugarri bat izan dela adierazi diot».

Espainiako erregearekin izandako bilerari buruzko ohar batean, Erkorekak dio aurrera begira egin behar diren urratsak azaldu dizkiola Espainiako estatuburuari. ETAren indarkeriaren amaiera egiaztatu, bakea sendotu eta bizikidetza eraikitzeko alderdien arteko elkarrizketa eta bat egiteak sustatu behar direla adierazi dio erregeari.

Bozeramaile jeltzaleak Juan Carlos Borboikoari azaldu dio EAJ «kezkatuta» dagoela PPk «erakunde guztietan» duen gehiengoak izan dezakeen eraginagatik. Kazetariei erantzunez, berriz, Erkorekak esan du jeltzaleek ez dutela Raxoirekin biltzeko deirik jaso, eta haren inbestiduran abstentzioa edo ezeko, zer bozkatu pentsatzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.