EAJko legebiltzarkide Xabier Ormaetxeak agertu duenez, batzorde horretan badago jendea Euskal Herriko Unibertsitatearen interesei baino "beste interes batzuei" lehentasuna ematen diena, eta hortik sortu dira batzordeko buru Martin Aranburuk aipatu dituen "arazo larriak".
Batzordeko horretako PPko eta PSE-EEKo ordezkariek —Iñaki Ortegak eta Isabel Celaak, hurrenez hurren—oso bestelako irakurketa egin dute. Azaldu dutenez, lege proiektuaren diktamena onartzeak SA Sozialista Abertzaleak taldeak egindako zuzenketak onartzea esan nahiko luke, eta Hiruko Gobernuaren barruan batzuk prest daude ekarpen horiek onartzeko, baina beste batzuk ez. Ortegak eta Celaak nabarmendu dutenez, diktamena onartuko balitz, Juan Jose Ibarretxek indarkeriaren inguruan hartutako konpromisoa urratuko luke; hots, bortizkeriak indarrean segitzen duen bitartean Batasunarekin ezer ez hitzartzekoa.
SA taldeko legebiltzarkide Araitz Zubimendi, berriz, "harrituta" agertu da batzordea bertan behera uzteko erabakiarekin. Zubimendiren iduriko, ponentzietan "giro ona" izan da nagusi, eta lortutako akordioa "garrantzi handikoa" zen. "Guk ez dakigu atzerapen hau zertara datorren. Espero dezagun batzordea ahalik eta lasterren egitea, eta auzia aurrera ateratzea", azpimarratu du.
Hezkuntza